FUTBOLA. ATHLETIC. JAVI CASAS. ATHLETICEKO JOKALARIA. «Ez dagoen lekutik ateratzen ditu jendeak derbiak»

haritz gallastegi
2005eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Elitean hasi den sasoian, Athleticek azken urteotan jokatu duen denboraldirik erakargarriena egokitu zaio ezker hegaleko indartsuari. Gustura dago orain arte egindakoaz, baina ilusio handia du denboraldiko azken txanpari begira. Parte hartu gura du, gainera.

Beste final bat. Ezin da huts egin.

Beste final baten antzera hartu beharko dugu neurketa, bai. Liga amaitzeko falta diren zazpi partidetatik bost irabazi behar ditugu; beraz, neurketa guztiak dira garrantzitsuak. Jardunaldiz jardunaldi begiratu behar dugu, eta horren arabera jokatu.

Betisen aurkako Espainiako Kopako partida horren gertu egonda, posible al da Racingen aurkako neurketari begira egotea?

Duda barik. Hurrengo partida Racingen aurkakoa da, eta burubelarri prestatu dugu norgehiagoka. Igandekoa amaitzen denean hasiko gara Betisen kontrakoan pentsatzen. Denboraldiko garrantzitsuenetakoa da, eta Sardineron irabazten badugu, motibazioa areagotu egingo da.

Racingeko jokalari eta zaleek derbi baten moduan hartzen dute partida. Zuek ere bai?

Derbiak direnak dira. Ez dagoen lekutik ateratzen ditu jendeak derbiak. Halere, guk indartsu ekingo diogu partidari, asko baitaukagu jokoan. Eurak, berriz, nahiz eta sailkapenean estu ez ibili, matematikoki salbatzea gurako dute.

Racing ez dago ondo, baina ez dirudi arazo askorik izango dituenik aurten mailari eusteko. Noren onerako izango da eurak presio barik zelaira irtetea?

Ez dakit nola egongo diren motibazio aldetik. Infernua urrun dute, baina matematikoki salbazioa lortu arte ez dira lasai egongo. Halere, gure onerako izan daiteke.

Santander gertu dago, eta jarraitzaile zuri-gorriak ere joango dira hara. Eskertuko duzue jarraitzaileen babesaÉ

Partida hauetan bi zelaietan egoten da aurkariaren zale dezente. Partida beroa eta giro handikoa izango da.

Racingen gainean zer azpimarratuko zenuke?

Taldea. Aurrelariak azkarrak dira, eta arrisku handia sortzeko gai dira.

Emaitza bat?

1-3 irabaztea ondo legoke. Hala ere, 0-1ekoarekin ere konformatuko nintzateke [kar-kar-kar].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.