FUTBOLA. ATHLETIC. UEFA KOPA. Ez da liga, UEFA da

Athleticek irabazi beharra du gaur Austria vienaren kontrako kanporaketa gainditzeko. Tiko taldera itzuliko da eta Yeste eta Etxeberria ere valverdek aukeratutakoen artean daude

haritz gallastegi
2005eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Irabazteak bakarrik balio dio aurrera egiteko Athletici. Joanekoan hutsean berdindu zuen, beraz, final-zortzirenetarako sailkatzeko gol bateko abantaila behar du talde zuri-gorriak. Partida hutsean amaituz gero, luzapena jokatu beharko litzateke eta golekin lortutako berdinketak Austria Vienari emango lioke txartela kanpoan sartutako golek duten balio bikoitzaren ondorioz.

Athleticek dituen ezaugarriak aintzat hartuta, joaneko partidako emaitza ezin hobea da Valverderen taldearentzat. Izan ere, talde zuri-gorriak ez daki aldeko emaitzarekin jokatzen. Partida alde duenean zailtasunak izaten ditu jokoa eten eta denbora pasatzen uzteko, eta, sarri askotan, orduan izaten ditu burukomin handienak. Defentsan egiten dituen akats larriak alde batera utzita, partida kontrolpean edukitzen jakitea da ziurrenik, zuri-gorriek duten gabezia nagusia. Jokalarien gaztetasunak eta euren jokatzeko ezaugarriek eragindako gaitzak dira oso erasokorrak dira gehienak. Beraz, lehen minututik Didulica atezainaren kontrako erasoari ekin beharko dio etengabe. Partida bakarreko kanporaketa bailitzan hartu behar du norgehiagoka Athleticek. Halere, ezinbestekoa da bururik ez galtzea. Austria Viena atzean sartuko da. Ernst Happelen jokatutako partidan argi eta garbi ikusi zen zein den austriarren asmoa. Etxean jokatu arren, Athletici eman zion jokoaren ekimena eta zuri-gorrien hutsaren zain egon ziren neurketa osoan zehar. Ez zuten jakin etxeko partida aprobetxatzen. Beraz, litekeena da jokalari bat baino gehiago San Mameseko langatik eskegita ikustea. Kontraerasoaren zain egongo dira austriarrak.Austriaren estrategia lehenbailehen zapuzteko gol bat azkar sartzea garrantzitsua izan daiteke. Golak lasaitu egingo luke Athletic, bere atetik irtetera behartuko luke Austria Viena eta zaleak are eta gehiago berotuko lituzke.

Zaleak gogotsu, joanekoan gertatutakoa gogoan

Egiari zor, ez da samurra izango jarraitzaileak gehiago berotzea. Gehienek ez dute joan den astean gertatutakoa ahaztu. Sekulako ilusioarekin abiatu ziren Vienara eta hegazkina hartu aurretik zuten ilusioa baino haserre handiagoa ekarri zuten. Zergatik? Austriarrek jokabide lotsagabea izan zutelako. Astebete behar izan dute konturatzeko hasiera baten, talde zuri-gorriko jokalariak, entrenatzailea eta zuzendaritzako kideak izan zituzten jomugan, baina errua norena izan zen ohartu dira. Austria Vienak utzikeriaz jokatu zuen. Zelaia ahalik eta egoera txarrenean utzi gura izan zuen bi taldeen artean dagoen aldea ahalik eta gutxien nabaritzeko. Gehiegi arriskatu zuten eta gaizki irten zitzaien jokaldia asteon antzerako eguraldia izan dute eta ez dute arazorik izan berdegunea garbitzeko.

Zaleek kolpe latza hartu zuten. Poltsikoak hustuta eta burumakur itzuli ziren. Dirua galdu dute, baina barruan daramaten amorruaren berri emango diete, gaur, Austria Vienako jokalariei.Athleticeko jokalariak ere gogotsu daude. Eurak ere ez daude gustura gertatu zenarekin eta gogo handia dute Austria mendean hartu eta kanporaketa gainditzeko.Aurrera egiteko, hamaikako erasokorra zelairatuko du Valverdek. Atzealdean, Del Hornok eta Iraolak jokatuko dute hegaletatik; euren aurretik Etxeberria eta Ezquerro arituko dira. Elgoibartarrak min du eskuin hankako belaunean eta Kalagurrikoa ez dago sasoi betean, baina egun ez dute ordezkorik. Eurek emango diote sakontasuna jokoari. Tiko zelai erdira itzuliko da partida bateko zigorra bete ostean; nafarraren aurretik Yestek jokatuko du. Basaurikoak izango du Austriako atzealdean zuloak egitearen ardura. Eta aurrean, Urzaiz arituko da. Etxetik kanpoko partidetan ez du lekurik, baina San Mamesen erreferentzia da. Lan handia egiteaz gain, Tuterakoak izango du hegalekoen erdiraketei amaiera emateko ardura.

Intertoto lehiaketan aritzeko izena eman du Athleticek

Heldu den denboraldian ere Europako lehiaketaren batean aritzeko aukera guztiei heldu nahi die Athleticek, eta Intertoto lehiaketan parte hartzeko izena eman duela jakinarazi zuen atzo. UEFAn, Espainiako Kopan edo Espainiako Ligan lortutakoen bidez sar daitezke taldeak Europan, baina Intertotoren bidez ere bai. Valentzia, Deportivo eta At. Madrilek ere eman dute izena, badaezpada. Sekula izenik eman gabe zegoen Athletic.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.