FUTBOLA. ATHLETIC. Zirt edo zart

Athleticek nola edo hala irabazi behar dio gaur Celtari San Mamesen; Mendilibarrek ez dauka aldaketa asko egiteko asmorik

haritz gallastegi
2005eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Zirt edo zart egiteko ordua da. Orain arte gauza gutxi egin ditu Athleticek ondo. Halere, alferrik da atzera begiratzea. Duda barik, gaizki egindakoak aintzat hartu behar dira aurrera egiteko, baina orain arte egindakoari begira egoteak ez du ezertarako balio. Aurpegia eman eta partidak irabazteko sasoia da. Berdin da ondo edo txarto jokatu: hiru puntuak behar dira. «Irabaztea zer den ahaztu egin zaigu eta horregatik da garrantzitsua irabaztea. Halere, ezin dugu pentsatu garaipena lortuta gauzak aldatu egingo direnik. Aldagelan ez dugu horrelakorik pentsatuko behintzat», adierazi zuen Mendilibarrek. Garaipenak ez luke egoera guztiz aldatuko, baina hiru puntuak ez irabazteak min handia egin diezaioke talde bizkaitarrari. Sailkapenean ezin du behera egin baina aurretik dauden taldeek diferentzia areagotu dezakete eta etzi egun baino urrunago egon daitezke salbazioko postuak. Aurkariei abantaila gehiegi ematea izango litzateke.

Kontrarioei ezin zaie arnasa hartzen utzi. Horretarako, garrantzi handia izan dezakete zaleek. Klubak jakin badaki zein den taldearen egoera eta baita nolako garrantzia izan dezaketen jarraitzaileek memento txarrei aurre egiteko orduan. Zaleen eta jokalarien arteko batasuna lortzeko asmoz dei egin die astean zehar Fernando Lamikiz presidenteak. Ez izan dudarik erantzungo dutela. Zaleek euren esku dagoen guztia egingo dute. Bilboko kaleetan baso erdi pare bat hartu eta taldea animatzeko prest joango dira zelaira.Barruan duten animatzeko gogo guztia ateratzeko ardura, ostera, jokalariena izango da. Futbolariena da zaleak Celtako jokalarien gainera botatzeko ardura. Ez dute asko beharko, baina zerbait egin beharko dute.

Gogoak alde, nerbioak kontra

Ez da lan samurra izango jokalari zuri-gorrientzat. Batetik, sekulako gogoa izango dute irabazteko. Euren etorkizuna eta zintzotasuna dago jokoan eta ez dute huts egitea gurako, baina horrek urduritasuna eta akatsak egitea ekar dezake. Bestetik, sailkapena izango dute gogoan. Athletic aspaldian ez da egon jaitsierako postuetan eta are eta gutxiago azkena Ligako lehen laurdena betetzear dagoenean. Beraz, lehen taldeko jokalari askok ez daki zer den presio horrekin jokatzea. Hankak dardarka izan ditzakete eta garrantzitsua izango da buru aldetik indartsu egotea.

Burua bere lekuan izan eta orain arte baino hobeto jokatu beharko dute. Athleticek akats asko egin ditu sasoi hasieran. Talde gisa zein banaka egin ditu hutsak. Tarteka-tarteka talde itxura ematen du, baina sarri askotan noraezean aritu da. Taldeak talde itxura ematen duenean, berriz, banakako hutsak egiten dituzte ordura arteko beharra pikutara botatzeko. Zer egin behar duten gabezia horiek konpontzeko? Lehen minututik kontzentratuta jokatu.Beste munduko jokorik erakutsi barik Osasunaren aurka nahiko txukun aritu zen Athletic. Horregatik, Sadarren jokatu zuen taldearen aldeko apustua egingo du Mendilibarrek. Halere, aldaketa bat edo beste egin dezakeela aurreratu zuen entrenatzaileak. Sadarren egin zuen partida eskasa eta etxean erasoan hobeak diren jokalariak zelairatzeko ohitura duela aintzat hartuta, litekeena da Mendilibarrek Mari Lacruz kendu eta Javi Casas zelairatzea. Halaber, ikusteko dago atean zer gertatuko den. Aranzubia ez dabil fin aurten.Aurrean, berriz, Dañobeitia izan daiteke bigarrenez Urzaizen bikotea. Etxeberria, Guerrero eta Javi Gonzalez ez daude deialdian eta Llorentek eta Tuterakoak osatu zuten bikotearekin gustura geratu bazen ere, hasiera baten Dañobeitia gazteak jokatuko duela dirudi. Urzaizen itzulera izan daiteke, hain zuzen ere, Atheltici indarra eman diezaiokeena. Mendilibarrek behintzat, itsu-itsuan sinesten du erdiko aurrelari handiaren ekarpenean. «Real Madrili Ronaldo falta zaionean edo Celtari Baiano asko aipatzen da euren baja. Hemen inor gutxik aipatu du Urzaizen hutsunea». Duela lau denboraldi, Athletic larri egon zen azken sasoian, Celtak bisitatu zuen San Mames eta Urzaizek sartu zuen garaipenaren gola. Ea errepikatzen duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.