FUTBOLA. Beste lehiaketa bat

Lehen mailan salbazioa ziurtatuta, UEFA du helburu Osasunak orain. Valladoliden garaipena lortzea garrantzitsua litzateke helburutzat jarritako hamabost puntuak lortzeko ahaleginean

2004ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
2003-2004ko denboraldian jarraitzen dugu, baina Osasunarentzat beste lehiaketa bat hasiko da gaur. Orain artean jokaturiko 29 jardunaldiekin zerikusirik ez duen txapelketa hasten da gaur Valladoliden Javier Aguirreren mutilentzat.

Sasoi hasieran helburu bakarra salbazioa lortzea zen, baina datorren denboraldian Lehen Mailan jarraituko dutela ziurtatu ostean, bederatzi jardunaldiko ligaxka geratzen zaio orain Osasunari hurrengo helburua ko. Helburu hori UEFA da, eta kosta egin zaien arren, Patxi Izko presidenteak zein Javier Aguirre entrenatzaileak ere argitu dute azken egunetan Europarako sailkatzen ahalegindu behar dutela. Bederatzi final geratzen dira; Valladoliden, aurrenekoa.Javier Aguirrek argi hitz egin zuen atzo goizeko entrenamenduaren ostean, deialdia jakinarazteko egin zuen agerraldian. «Ahalik eta puntu gehien batzen saiatu behar dugu, zaleei pozen bat ematen ahalegindu behar dugu, eta, horretarako, garrantzitsua litzateke Valladoliden jokatu beharreko lehen finala irabaztea», esan zuen entrenatzaile mexikarrak. Gainera, bere mutilak ondo ikusten dituela ere esan zuen gorritxoen prestatzaileak: «Dituen aukeretan sinesten du talde honek, mutilak ondo ikusten ditut, eta Liga amaiera honetarako prest gaudela uste dut; konfiantzarik ez da falta», adierazi zuen Aguirrek.

27 puntutik 15 lortzea da erronka

Salbazioa 42 eta 44 puntu bitartean kokatu zuen Aguirrek sasoi hasieran 43 ditu egun Osasunak, eta orain UEFAn sartzeko zenbat puntu behar diren ere galdetu zioten atzo mexikarrari. «Ez dago jakiterik, baina lehia horretan murgilduta dabiltzen taldeetako entrenatzaileek esandakoarekin bat nator; atzo, esaterako, Athleticeko entrenatzaileak 58-59ren bat puntu beharko direla esan zuen, eta ados nago. Iragan sasoian 57 nahikoa izan ziren, baina jokoan geratzen diren 27 puntuetatik 15 lortzea derrigorrezkoa izango dugula uste dut. Ez da erronka makala, bederatzi jardunalditan bost garaipen beharko genituzke, eta horretan ahaleginduko gara», erantzun zuen entrenatzaileak.

Hemendik amaiera bitartean puntuak batzea soilik da garrantzitsua, Osasunako entrenatzailearen esanetan, eta joko ona egitea baino garrantzitsuagoa puntu asko pilatzea dela argi dago. Epelkeriak utzi, eta une erabakigarriak datoz orain taldearentzat. Gaur arratsaldean Valladoliden lehen finala dute nafarrek, lehen azterketa gainditu beharko dute gorritxoek. «Gure helburua lortzeko gaitasuna dugun ala ez ikusteko hitzordu garrantzitsua da Valladolidekoa», adierazi zuen Aguirrek. Ea iragan sasoian bezain irribarretsu itzultzen diren Aguirrerenak Pucela aldetik, seinale ona litzateke.

-

LESIOA PARTIDA BEZPERAN



Valdok jokatuko duen ezin jakin azken unea arte



Pierre Webo Kamerungo selekzioan dago, eta Pablo Garcia ere jokatzeko moduan ez zela bazekien Javier Aguirrek. Baina bi hutsune garrantzitsu horiei azken orduko beste bat ere gehitu zitzaien atzo. Asteko azken lan saioa burutzen ari ziren Osasunako jokalariak, eta korrika saio batean Valdok zaztada bat nabaritu zuen. Ezker zangoko iskiotibialetan gainkarga du eskuin hegaleko erdilariak, eta, Aguirreren deialdian badago ere, badaezpada beste jokalari bat sartu zuen zerrendan entrenatzaile mexikarrak. Valdoren hutsuneak asko alda dezake Osasunaren planteamendua, Aguirrek atzo onartu zuen bezala, zelai erdian erronboa berreskuratu eta bi aurrelarirekin jokatzeko aukera ere gogoan izan baitezake Valdoren hutsunea ikusita. Dena den, logikoena Rivero edo Muñoz eskuin hegalean jartzea izango litzateke, erronborako Garcia eta aurrelari bikoterako Webo falta direlako.

Aguirrek, dena den, azken unean hartuko du erabakia. Hori bai, Jorge Fernandez del Prado medikua ez zen oso baikor agertu atzo Taxoaren: «Azken unea arte ez dago jakiterik, minik baduen ikusi beharko dugu, baina ez da erraza izango Valdok jokatzea», esan zuen Osasunako medikuak. Elastiko gorritxoarekin lortutako lehen gola Valladoliden lortu zuen iaz Valdok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.