Denboraldi bukaerara arte jarraitu dezakeen bidea zehaztuko du Eibarrek datozen bi jardunaldietan. Gaur arratsaldean, 17:00etan, Xerezen aurka neurtuko ditu indarrak, Ipuruan, eta atzetik dituen taldeekin duen aldeari eutsi nahi dio. Xerez igoera postuetatik nabarmen urrundu da azken saioetan, baina oraindik ere ezustekoa emateko moduan da. Horretaz gain, jokoan egongo diren hiru puntuak garrantzi handikoak dira eibartarrentzat, datorren asteburuko Alavesen aurkako partidara larunbatean, 18:30ean sailkapenean orain duen puntu aldearekin iristeko.
Eibar igoera postuetan sartu zenean, askok pentsatu zuten lehenago edo geroago utziko zituela, baina jardunaldiz jardunaldi horri eutsi ondoren urduritasuna nabaritzen hasi da beste taldeen artean. Horregatik, gaur arratsaldean irabaziz gero, Recreativo eta Alaves are urduriago jarriko dira.
Garaipenak aurkariak urduri jartzeaz gain, Eibarrentzat berarentzat lasaitasuna lortzeko modurik zuzenena da Ipuruako partidetan. Bigarren itzulian partida bakarra irabazi dute etxean, eta horrek azkar aldatu beharko du Lehen Mailara igo nahi badute behintzat. Helburu hori lortzeko, Jose Luis Mendilibarrek ezin izango ditu jokalari garrantzitsuak erabili. Silvak eta Llorentek ez dute jokatuko, eta Varelak parte hartzea zalantzazkoa da, minduta baitago. Mendilibarrek, ordea, aipatutako jokalarien tokian zelairatuko direnak lan txukuna egingo dutela azpimarratu du.
Eibarren entrenatzaileak ere aurkaria oso indartsua dela nabarmendu du, azken jardunaldietan emaitza onak lortu ez arren ondo jokatu baitu. Joko horri aurre egiteko Mendilibarrek Terrassaren aurka erakutsitako jarrera ikusi nahi du gaur ere, ondo jokatu ez arren gogoz jokatuz gero irabaz baitezakete.
FUTBOLA. BIGARREN MAILA. Atzean dituen taldeak urduri jartzen hasteko aukera du Eibarrek gaur Xerezen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu