FUTBOLA. BIGARREN MAILA. Puntu baliotsua eskuratu du Eibarrek Tenerifen, joko polita erakutsita

Xabier Lopetegi.
2004ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Berdinketa garrantzitsua lortu zuen atzo Eibarrek Teneriferen zelaian. Hiru puntuak eskuratzeko adina meritu egin zituzten armeroek, baina emaitza ontzat jo behar da, taldeak bolada onean jarraitzen duelako eta sailkapeneko goialdeari eusten diolako. Mendilibarrek ezusteko aldaketa egin zuen hasierako hamaikakoan, Avimileth Rivas sartuta. Jokatu zuen aurreko partidan ez bezala, bikain aritu zen Rivas; Garitanorekin batera goitik behera menderatu zuen zelai erdiko jokoa.

Eibarrek oso ondo egin zuen presioa lehen zatian, eta 18. minuturako aurretik zen. Llorentek Kike Mateoren pase on bat jaso eta erremate bortitza egin zuen; baloiak, langan jo ondoren, marra gainean egin zuen botea, baina marrazainak gola adierazi zuen. Gerora ere abantaila handitzeko aukerak izan zituzten armeroek, baina ez zuten asmatu. Bigarren zatian Tenerifek hobera egin zuen, Limonesi esker batik bat, baita berdintzea lortu ere, Eibarren defentsa hankasartze baten ostean. Mendilibarren taldeak, ordea, lehen bezain ondo jarraitu zuen kokatuta, eta, defentsan ondo eusteaz gain, estu hartu zuen Tenerife pare bat aldiz.

Alaves, Ferrolgo Racingen kontra

Sei neurketa daramatza Alavesek galdu gabe, eta gaur zazpigarrena egiten ahaleginduko da Ferrolgo Racingen kontra. Gasteiztarrek adina puntu dituzte galiziarrek sailkapenean, talde sendoa daukate, etxean batez ere. Gainera, azken egunotan euria erruz egin du Galizian, eta hala jarraituz gero, zelaia nahiko gaizki egongo da, etxekoen mesedetan, Alavesek gehiago oinarritzen baitu jokoa pase motzetan.

Chuchi Cos entrenatzaileak honako hamaikako hau zelairatuko du: Bonano; Edu Alonso; Coromina, Tellez, Carreras; De Lucas, Astudillo, Juvenal, Nene; Bodipo eta Ruben Navarro. Nicolas Ardouin atezain frantziarrak Colinasen lekua hartu du deialdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.