FUTBOLA. duda askorekin
sasoi-aurreak ez du itxaropenerako tarterik utzi Athletic eta realean, baina ilusioa ez da falta; hutsune bakarra egongo da gaur
Azken bost denboraldiotan hirugarren aldiz jokatuko dute gaur Athleticek eta Realak, elkarren aurka, Ligako estreinakoan. Mendilibarrek esan zuen bezala, denboraldi-aurrean ikusitakoak ez du itxaropenerako tarte handirik lagatzen (hori garbi dago). Halere, zaleak gogotsu daude Liga hasiera honetan. Athleticek sarrera guztiak saldu ditu, eta bazkideek ohikoa den legez erantzuten badute, San Mames gainezka egongo da. Iban Zubiaurre bakarrik faltako da. Mendarokoa izan da udako izar nagusia, baina gaur ez da futbol zelaian egongo. Gaueko 22:00ak bitartean denbora asko dute bi zuzendaritzako kideek auzia bide egokian ipintzeko.
Athletici dagokionez, ez da ezer aldatu. Heynckesekin eta Valverderekin zuen gaitz bera du Mendilibarren taldeak: defentsako akatsak. Hori konpontzeko, intentsitatea eta erasoko jokalarien konpromisoa eskatu du teknikariak. Erasoan, berriz, sekula baino justuago dago taldea. Del Horno eta Ezquerro ez dira nolanahiko hutsuneak. Beraz, orain arteko zalantzak uxatzeko eta, bide batez, hurrengo hamabost egunak lasaiak izateko, garrantzitsua da hiru puntuak eskuratzea. Lafuente eta Aranzubiaren arteko aukeraketa, Ibon Gutierrez hamaikakoan egongo den ala ez ikustea, eta Amorrortu eta Mendilibarren arteko bostekoa izango dira partida atariko albiste nagusiak Athleticen.
Reala, Nihatekin
Denboraldi-aurreko emaitzak txarrak izan diren arren, ilusioz beterik egingo dio aurre Realak 2005-2006ko lehen neurketari. Jokalariek eta entrenatzaileak behin eta berriro adierazi dute Athleticen kontrako derbia baino partida erakargarriagorik ez dagoela lehiaketa hasteko, horrelakoetan motibazioa ziurtatuta dagoela argudiatuta. Pozarako motiborik ez zaie falta txuri-urdinei, Nihat deialdietara itzuliko baita sei hilabetez lesionatuta egon ostean. Amorrortuk adierazi du turkiarra prest dagoela jokatzeko, asko egin duela hobera, baina litekeena dela partida aulkian hastea eta bigarren zatian minutu batzuk jokatzea.
Garitano eta Larrea dira derbiaren atariko beste bi protagonistak Realean. Bizkaitarrak estreinakoz jokatuko du Realaren elastikoarekin, erdiko atzelari gisa (Brechet eta Jauregi lesionatuta daude, eta Borisengan konfiantzarik ez du Amorrortuk). Larreak, berriz, bere lehen derbia jokatuko du ziurrenik. Azpimarratu beharreko datu bat: Kovacevic izango da atzerritar bakarra Realaren hamaikakoan, 1991. urteaz geroztik lehen aldiz; John Aldridgek jokatu zuen orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu