FUTBOLA. ESPAINIAKO KOPA. ATHLETIC. Bigarren tranpan ere, Valverde ez da Kopako aurkariaz fio

Athleticeko jokalari onenak zelairatuko dira Cultural Leonesaren aurka

haritz gallastegi
2004ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Kopan aurrera egiteko bere esku dagoen guztia egiteko prest dago Ernesto Valverde. Athletic parte hartzen ari den hiru lehiaketetatik Espainiako Kopa omen da irabazteko errazena eta ez du aukera galdu gura. Horretarako, gaur taldeko jokalaririk onenak aukeratu ditu Cultural Leonesari aurre egiteko. Sasoi hasierako partida garrantzitsuenetan jokatu duten futbolariak arituko dira gaur Antonio Amilibia futbol zelaian. Carlos Gurpegi ere deialdian dago Levanteren aurka partida bateko zigorra bete ostean. «Kopako partida eta larunbatean Vila-realen aurka jokatuko dugun partida erabakigarriak dira. Kopan aurrera ez egitea porrota litzateke, argi eta garbi», adierazi zuen Ernesto Valverdek atzo.

Ligako egoera kaskarrak eragindako kezka baretzeko beharrezkoa izango da Leonesa kanporatzea. Ez da samurra izango. Gogo betez jokatuko duen talde baten aurka lehiatzeaz gainera, sasoi hasieran etxetik kanpo erakutsitako maila kaskarrak sortzen duen urduritasunari ere aurre egin beharko dio Athleticek.

Espainiako Liga eta Kopa, eta UEFA eta Kopa batuta zortzi partida jokatu ditu talde zuri-gorriak etxetik urrun. Bakarrik Gimnastica Segovianaren aurka irabazi du. Derrigorrez irabazi beharreko partida bakarra izan da, gainerako lehiaketa guztietan egoerari buelta emateko aukera baitu oraindik. Hala ere, egin duen jokoak ez du inor lasaitzen. Aurkari gehienak askoz hobeak izan dira. Beraz, kezkatuta egoteko moduko egoera da. Berez Kopak duen garrantzia ahaztu barik, Leonesa mendean hartzea garrantzitsua da Athleticentzat. Taldearen inguruan urduritasuna nabari daiteke jada, eta aurrera eginez gero baretu egin daiteke egoera Vila-realen aurkako partidan maila ematen badu behintzat. Bide batez, datorren urteko otsailera arte alde batera utzi ahal izango du lehiaketa.Athleticen krisia gaiztotu eta zaleei pozen bat ematea izango da Leonesaren helburua. Aurten ere, mailaz igotzeko moduko taldea osatu du. Jokalari gehienak profesionalak dira, futbola dute ogibide euretako batzuk Bigarren A Mailako jokalari batzuk baino diru gehiago irabazten dute. Esperientzia handikoak eta maila ona duten jokalariak dira makina bat: Imanol Etxeberria, Willy, Casquero, Roberto Fresnedoso eta Paulino, besteak beste, Lehen Mailan arituak dira. Paulino aurrelari garaia da taldeko izarra. Iaz, 29 gol sartu zituen Albaceten Urzaizekin jokatu zuen aurrelariak.Halere, erdipurdiko hasi du Liga. Egun sailkapenaren erdialdean dago, igoerako ligaxka jokatzeko aukera ematen duten postuetatik hiru puntura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.