Ohikoak ez diren jokalariek izango dute Athletic eta bere ingurua ametsa egi bihurtzeko bidetik ez ateratzeko ardura.
Presidenteak, jokalariek eta zaleek lehiaketa bat irabazi gura dute aspaldiko partez. Aurten sekula baino gertuago dagoela iritzi diote, gainera. Lamikiz baino presidente baikorragorik ez da egongo Lehen Mailan; aldagela sekula baino kontzientziatuago dagoela aipatu du jokalari batek baino gehiagok, eta zaleen artean ere sekulako ilusioa sortu da. Kopa bat altxatzeko aukera gehien Espainiako Kopan ikusten dute. Taldeko izarrek, ohiko titularrek, egin beharreko guztia egin zuten aurreko bi kanporaketetan. Partida bakarrera, etxetik kanpo irabazi eta talde zuri-gorria bizirik mantendu zuten lehiaketan Lehen Mailako talde gehienak bidean geratu ziren.Ligari, Kopari eta UEFAri egin beharko dio aurre talde zuri-gorriak datozen bi hilabeteetan. Beraz, zenbait jokalarik atsedena behar dute eta, Kopako final-zortzirenak maila gutxiagoko talde baten aurka jokatuko dituztela kontuan hartuta, eta bigarren partida bat egongo dela jakinda, orain arte gutxiago aritu direnei beste aukera bat emango die entrenatzaileak.Min hartuta dauden Yeste eta Del Horno barik eta atsedena behar duten Etxeberria, Murillo eta Orbaiz gabe askoz ere beldur gutxiago ematen du Athleticek. Hala ere, Lanzarote baino gehiago da talde zuri-gorria. Jonan, Arriaga, Casas eta enparauek aukera ona dute futbolari gisa hazteko. Motibazio faltarik ez dute izango. Lanzaroteko jokalariek gogo handiarekin jokatuko dute goi mailako talde baten aurka, baina Athleticeko futbolari gazteek ere badute arrazoirik euren onena emateko. Batetik, Athleticen jokatzeko maila dutela erakusteko beste aukera bat izango dute, eta aurrerantzean Valverdek egingo dituen hamaikakoetan sarriago sartzeko maila dutela erakuts dezakete Kirol Hiria futbolzelaian. Bestetik, ezin dute zaleen artean sortu den ilusioa zapuztu. Goizegi da.
Iñaki Lafuenteren eta Mari Lacruzen itzulera
Gazteek bakarrik ez, Athleticen urte asko daramaten Lacruzentzat eta Lafuenterentzat ere partida garrantzitsua da. Atezaina hasieratik arituko da. Kopako aurreko partidan min hartu zuen ezker izterrean, eta ordutik partida ofizial bat jokatu barik dago. Barakaldoko atezaina zen bi kopetan jokatzeko arduraduna, eta Athleticeko lehen atezaina izateko sekula baino gertuago dagoela erakusteko aukera emango dio teknikariak. Lacruz, ostera, iazko sasoi amaieratik dago jokatu barik. Belauna txikitu egin zitzaion Albaceteren aurka eta zortzi hilabete beranduago deialdi batera itzuli da. Javi Gonzalezentzat ere partida egokia izango litzateke joko maila ona hartzen hasteko, baina Valverdek ez du sasoian ikusi Lezaman egin dituen lan saioetan eta etxean utzi du. Esnatu egin beharko du Zorrotzako eskuin hegalak.
Athleticek argi dauka asko duela jokoan. Aurkariak, ostera, sari gisa hartuko du Kopako kanporaketa. Jose Luis Mendilibarren gidaritzapean azken denboraldi bietan igoerako ligaxka jokatu ostean, aurten makal dabil Ligan Lanzarote. Dirua agortu da eta aurton goitik behera berritu du taldea irlako taldeak.Ondorioz, 2. B Mailako beheko postuetan dago. Azken jardunaldietan, entrenatzaile berria fitxatu duenetik, emaitza hobeak ari da eskuratzen baina infernurako bidea gertu duenez Ligari emango dio lehentasuna. Beraz, eurek ere ez dute konfiantza handirik Ferrolen eta Mallorcaren aurkako balentria errepikatzeko. Hala ere, zaleen aurrean ez dute hutsik egin gura, eta Athleticek erne egon beharko du.
FUTBOLA. ESPAINIAKO KOPA. Aukera eta ardura
Athleticek joaneko partidan bideratu gura du final-zortzirenetako kanporaketa; ohikoak diren jokalari asko ez dira hasieratik ariko, beste txapelketetarako atseden hartzeko asmoarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu