Atletico Madrilentzat laudorioak eta hitz onak soilik izan zituen mexikarrak atzo Sadarren ateak itxita egin azken entrenamenduaren ostean. «Atletico talde boteretsua da, bikain zuzendutako taldea da eta Ligako hirugarren defentsarik sendoena dutela diote zenbakiek. Baloirik gabe oso onak dira, baina baloiare- kin oso arriskutsuak direla ere badakigu denok, Luccin, Ibagaz edo Torres bezalako jokalarien kalitatea ezin da zalantzan jarri». Nolanahi, gorritxoen entrenatzaile mexikarrak dotoretu egin nahi du 2004-05 denboraldia: «Sasoi amaieran gaude, eta erregaia agortzen ari da, baina denboraldiko helburu nagusia Lehen Mailan jarraitzea zen eta hori ziurtatu dugu, orain sasoia dotoretzen ahaleginduko gara Koparekin».
Moha, eskuin hegalean
Aguirrek 21 jokalari eraman ditu Madrilera (Cuellar zigortuta da, eta Ortizek debekatuta du kontratuan bere jatorriko taldearen aurka aritzea), eta ordezkoen aulkian Sanzolen ondoan zein beste lau jokalari eseriko diren ez dakigu, baina hasierako hamaikakoa Aguirrek berak baieztatu zuen atzo. Azken Liga jardunaldian Mallorcaren aurka hasieratik jokatu zuten jokalarietatik hiru besterik ez dira izango hasierako hamaikakoan Vicente Calderonen: Clavero, Puñal eta Moha. Azken hau, nolanahi, ez da bere ohiko tokian ariko. Delporteri tokia utzi beharrean zen Moha, baina, Valdo erabat osatuta ikusten ez duenez, Moha ezkerra jarriko du eskuin hegalean Aguirrek. «Mohak David Lopezek baino eskarmentu gehiago du, eta Claverok Corralesek baino gehiago ere bai. Partida hauetan eskarmentuak zeresan handia izaten du», esan zuen Aguirrek aldaketak arrazoitzeko.
Gaur iluntzeko partidan izan emaitzak bere etorkizunean eraginik izango ote duen galdetuta, Aguirrek ezetz erantzun zuen ozen, baina Kopa irabazteko aukerak zirrara eragiten diola ez zuen ezkutatu mexikarrak.
JUANTXO ELIA -OSASUNAKO ATEZAINA
«Final gosea daukagu»
A. L. - IRUÑEA
Sasoi hasieran inork ezin zuen iragarri Eliak hainbeste jokatuko zuenik, baina Ligako partida gehienak jokatzeaz gain, Kopan ere bera izango da atezain titularra hitzordurik garrantzitsuenetan.
Denboraldiko hitzordurik garrantzitsuenaren bezperan, urduritasunik nabari al da?
Ez, biharkoa [gaurkoa] klubarentzat egun historikoa dela argi daukagu denok, eta aldagelan ederki nabari da jokatzeko gogoa eta ilusioa, baina urduritasunik ez.
Baikor al zaudete?
Bai, gol baten aldea dugu eta finalaren bila zelairatuko gara. Nolanahi, ez gara zelairatuko gure aldeari eustera, hori ez da gure filosofia.
Aste honetan esandako kontu guztiek eraginik izango al dute?
Nik ez dut prentsarik irakurtzen, eta aldagelan kasu askorik ez diogu egiten esamesei, burbuila batean sartuta bezala gaude.
Partida erraza izango ez dela badakizue, nolanahi.
Bai, noski, Atletico oso aurkari arriskutsua da eta bere etxean jokatuz gero, are arriskutsuagoa. Partida zaila izango da, baina nolanahi gure helburu nagusia mailari eustea zen, eta hori ziurtatu dugunez galtzeko gutxi eta irabazteko asko dugu Kopan. Final gosea daukagu.
Faboritorik ba al da?
Ez, kanporaketa oso orekatuta dago, ez dago faboritorik, ez gu eta ez haiek.