FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. ATHLETIC. Etxekoa, kanpoan

Athleticek lehen garaipena eskuratu gura du etxetik kanpo; Gurpegi zigortuta dago eta Tikok hartuko du haren lekua hamaikakoan

haritz gallastegi
2004ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Oso partida garrantzitsua jokatuko du talde zuri-gorriak Levanteren aurka. Bederatzi punturekin sailkapenaren zuloan dago eta ingurua larregi gaiztotu aurretik egoerari buelta eman gura dio Valverderen taldeak.

Horretarako, etxetik kanpo egindako jokoa dezente hobetu beharko du. Orain arte puntu bat besterik ez du eskuratu Sadarren, Ligako lehen jardunaldianeta azken bi neurketetan itxura negargarria eman du Getafe eta Albaceteren aurka.Ez da erraza Athleticen itxuraldaketaren arrazoiak aurkitzea. Bi aurpegi guztiz ezberdinak erakusten ditu San Mameseko partidetan eta kanpokoetan. Zaleen indarra izan daiteke euretako bat. Etxean, jarraitzaileen berotasunarekin sekulako erritmoan jokatzen du taldeak. Sarri askotan zapaldu egiten du aurkaria, goi mailakoa izanda ere. Kanpoan, ostera, kikildu egiten da, eta aurkariak kontrolatzen du partida goitik behera. Konfiantza kontua izan daiteke beste arrazoi bat. Osasunaren eta Betisen aurka ez zuen txarto jokatu, baina puntu bat besterik ez zuen eskuratu. Ondoren partida txarrak etorri dira, eta beharbada garaipen batek kanpoan ere gauzak ondo egin ahal dituela erakutsiko dio taldeari. Eta, nola ez, defentsako hutsak ere ezin dira ahaztu. Partidak joan partidak etorri, kontzentrazio hutsek ez dute etenik eta aurkariek ondo baino hobeto aprobetxatzen dituzte. Beraz, gauza asko du hobetzeko taldeak garaipenaren bidera itzuli gura badu.Sasoian dagoen Levante mendean hartzeko aldaketak egingo ditu Valverdek hasierako hamaikakoan. Tikok beteko du zigortuta dagoen Gurpegiren lekua eta Murillok ere aukera handiak ditu jokatzeko. Era berean, ezin da baztertu azken jardunaldietan minutu asko jokatu duten Iraolak, Etxeberriak edo Urzaizek atsedena hartzea. Aritz Solabarrietak, ostera, Lehen Mailan debutatzeko aukera izan dezake. Ondarrutarra bigarren aldiz sartu da deialdian.



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.