Gaur hasi eta Liga amaitu bitartean egin beharreko bidea berdina da gaurko bi lehiakideentzat, baina talde baten eta bestearen egoerak ez du batere antzik. Athletic konfiantzaz beteta dago, orain arteko lanak ondo egin izanak ematen duen lasaitasunarekin. Espanyol, ordea, presioz gainezka dago sasoia hasi zenetik. Iaz zailtasunak izan zituzten kataluniarrek mailari eusteko. Hala ere, joan den urtekoa baino talde makalagoarekin ekin zion aurtengo denboraldiari Javier Clemente entrenatzaile bizkaitarrak. Miraririk ezin egin eta sailkapenaren zulora joan zen zuzen-zuzenean Espanyol. Clemente ez omen zen gai taldeari bere onena ateratzeko, eta Luis Fernandez fitxatu zuen Bartzelonako klubak. Tarifako (Andaluzia, Espainia) teknikariak gaur beteko du itzuli bat Espanyoleko entrenatzaile gisa, San Mamesen zuzendu baitzuen lehenengo aldiz taldea. Jakin bazekien lan gaitza izango zuela aurretik, baina baiezkoa eman aurretik baldintza bat ezarri zuen: neguko azokan fitxaketak egitea. Mailari eusteko ahaleginean lerro guztiak indartu zituen Daniel Sanchez Llibre taldeko presidenteak: atzealderako Pochettino argentinarra eta Vignal frantziarra aukeratu zituen; De la Peña hilabete batzuk lehenago garestiegia zelako ez zioten kontratua egin eta Hadji zelai erdirako; Raducanu errumaniarra, berriz, aurrealderako.
Espanyolek bost puntura dauka oraindik salbazioa
Fitxaketa berriekin eta Tamudoren ekarpenarekin talde sendoagoa dirudi Espanyolek. Apurka-apurka aurrera doan taldea da, baina oraindik bost puntura dauka salbazioa. Athletici derrigor irabazi behar dio Espanyolek, hala egin ezean eta Mallorcak eta Zaragozak huts egiten ez badute, oso aldapa gora izango duelako mailari eustea.
Puntu premiak eragiten duen larritasunaz baliatu gurako du Athleticek Espanyol mendean hartzeko. Real Madrili irabazi arren, talde zuri-gorria ez da maila ona ematen ari azken jardunaldietan jokatutako partidetan. Irabazteko joko hobea egin beharko du. Galduz gero, Europarako txartela ematen duen postua galtzeko arriskuan dago talde zuri-gorria.Madrildarrak mendean hartu zituen taldearekin alderatuta aldaketa bat egongo da gaurkoan, gutxienez. Izan ere, Tiko ez dago aukeratuen artean. Asteazkeneko lan saioan min hartu zuen eskuin hankako orkatilan, eta beharbada ez da sasoi betean egongo. Hala ere, jokatzeko moduan dago, baina Valverdek ez du iruindarraren parte-hartzea «behartu» nahi izan. Ezker hankan zituen arazoak tarteko, Orbaiz ere kili-kolo egon da astean zehar, baina jokatzeko prest dago. Gurpegirekin batera hasieratik arituko da euskarrian.Aitor Karankak hartu du Tikoren lekua deialdian. Txartel pilaketagatik zigortuta, ezin izan zuen Real Madrilen aurka jokatu, eta ikusi egin beharko da Valverdek titular izateko aukera ematen dion edo ez. Bere ordezkoak, Lacruzek, lan bikaina egin zuen joan den astean, eta baliteke hasierako hamaikakoan jarraitzea.
-FRAN YESTE
Zelaian hiztun, zelaitik kanpo mutu
Athleticek eta Espanyolek San Mamesen jokatu zuten partidan Luis Fernandez eta Andoni Iraola izan ziren protagonista nagusiak. Teknikariak bere etxe ohian egin zuen debuta Espanyolekin eta harrobiko jokalariak garaipenaren gola sartu zuen, Izarren Ligan sartzen zuen aurrenekoa.
Hala ere, hemerotekara joz gero, beste bi dira ondorengo egunetako protagonistak, eta batek ez zuen jokatu ere egin: Fran Yestek, alegia. Antza denez, basauritarrak eta Del Hornok garaipena ospatzea erabaki zutenÉ hurrengo egunera arte. Argitu bariko arrazoiak tarteko, hurrengo partida bietan ez zuten jokatu eta izugarrizko saltsa sortu zen euren inguruan.Egoera hori ikusita, hedabideen aurrean ez hitz egitea erabaki zuten, euren ordezkariaren aginduz. Del Hornok, kontratua luzatzeaz bat eman zituen argibideak. Yestek, ordea, ez du oraindik hitz egin. Hemeretzi jardunaldi pasatu dira eta ez du adierazpenik egin. Zorionez, zelaian egin du berba. Ordutik esnatu egin da eta zenbait neurketatan maila bikaina emateaz gain, zazpi gol ere sartu ditu. Urzaizekin batera taldeko golegile onena da. Espanyolek, gainera, gertutik zaindu beharko du iaz gol bi egin baitzituen Lluys Companysen. Golak sartu eta ontzi zuri-gorri polita bide egokitik eramaten duen bitarteanÉ