FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. ATZERATUTAKO PARTIDA. FUTBOLA

Abenduaren 12ko partida osatzeko sei minutuak jokatuko ditu Realak gaur Real Madrilen kontra; bana dago markagailua

Xabier Lopetegi.
2005eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Gogaikarria izan behar du urtarrilaren 4an Madrilera joan behar izatea, hurrengo egunean, Errege egun bezperan, Santiago Bernabeun sei minutu baino iraungo ez duen neurketa jokatzeko. Hori da Realak gaur egin behar duena, abenduaren 12an bertan behera gelditu zen partidaren apurra jokatu, Real Madrilen aurka. Bonba abisu faltsu baten ondorioz eten zuten neurketa, markagailuan banakoa zegoela.Partida bukatutzat ematea zen zentzuzkoena, eta hala eskatu zuen Realak, baina araudiak argi eta garbi dio jokatzeke gelditzen diren minutuak jokatu egin behar direla. Real Madrilek, jakina, araudiaren alde egin zuen, bere jokalariek ez dutelako bidaiarik egin behar, zaleen babesa izango dutelako, eta eroso asko itzuliko direlako etxera, opariak zuhaizpean jartzeko denbora soberan dutela.

Pena izan zen norgehiagoka hura aldez aurretik bukatzea. Batez ere, emaitza ez zelako batere txarra Realarentzat. Partida ona egiten eta Real Madril estuhartzen ari zen talde txuri-urdina, nahiz eta zuriak aurreratu ziren markagailuan, Ronaldok lehen zatiko azken minutuetan sartutako gol bati esker. Dezente sufritu zuen hortik aurrera, baina Nihatek banakoa egin ondoren, Realak bigarrena egin zezakeen itxura hartu zuen partidak. Gainera, beste edozeini baino gehiago komeni zaio Real Madrili geratzen diren minutuak jokatzea, daukan kalitateari esker erraz asko sar dezakeelako gola, denbora horretan nekatzeko astirik ez duelako, eta zaleek ere inoiz baino presio gogorragoa egingo dutelako.Abenduaren 12an jokatu ez zuten hiru jokalari zelairatuko ditu gaur Amorrortuk. Malagako partidan bezala, Zubiaurre aulkian utziko du eta Rekartek hartuko du haren tokia. Eta Alonsok eta Karpinek Alkiza eta Prieto ordezkatuko dituzte, hurrenez hurren. Azken bi aldaketa horiek derrigorrez egin behar zituen, araudiak behartuta. Bi dira berritasun nagusiak deialdian: Zubikarai atezaina Albertok gastroenterisa dauka eta Gorka Larrea Reala Bko euskarri gaztea. Azken horrek Bernabeun egin zuen debuta iaz lehen taldearekin, baina aurten zailagoa izango du jokatzea, Amorrortuk ez baitu ziurrenik egin dezakeen aldaketa erabiliko, beharrik ez badu bederen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.