Erronka bikoitz horretarako, Javier Aguirre entrenatzaileak bi aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan. Valdo ez da osatu, eta bere tokia Juanma Ortizek hartuko du nafarren zelai erdiaren eskuin hegalean. Beste aldaketa ez da behartuta egindakoa, baina aspaldiko partez iragan astean ordezkoen artean egon zen jokalari bat berriro ere hasieratik ariko da gaur. Patxi Puñalek Iñaki Muñozi utzi zion bere tokia Getafen, eta gaur alderantziz izango da. Euskarri bikoitzean, Pablo Garciaren aldamenean, Muñozek utziko dio bere tokia Puñali.Javier Aguirrek, badaezpada, aurkariaren dohainak nabarmendu nahi izan zituen atzoko lan saioaren ostean eskainitako prentsaurrekoan: «Malaga asko aldatu da azken boladan, Tapiaren eskua nabaritzen da, talde bezala jokatzen dute orain, eta garaipen bolada onenan dira», adierazi zuen mexikarrak. Eta datuak aztertuz gero, argi dago Aguirrek gezurrik ez zuela esan, Antonio Tapiak entrenatzaile postuan Gregorio Manzano ordezkatu zuenetik, Malaga bolada bikainean baita (partida bakarra galdu dute Tapia entrenatzaile berriarekin). Halere, aurkariaren maila gogoratu orduko, Aguirrek bere mutilak suspertu nahi izan zituen. «Aurrekariak aintzat hartuz gero, ez da samurra izango, baina irabazteko garaia da. Emaitza bolada txarrean egonagatik, nire jokalariek ez dute krisi itxurarik eskaintzen, ez daude larrituta eta euren aukeretan sinesten dute», adierazi zuen entrenatzaile mexikarrak.
Hiru berdinketa eta sei porrot, azken bost sasoitan
Javier Aguirre entrenatzaileak gogoratu zituen aurrekariak ezkor izateko modukoak dira, nolanahi ere. 2000. urtean lortu zuten azken igoeraz geroztik, Malaga da Osasunak inoiz mendean hartu ez duen talde bakarra. Azken bost denboraldietan bi talde horiek elkarren aurka jokatutako bederatzi partidetan hiru aldiz besterik ez dute lortu nafarrek puntu bat eskuratzea. 2000-01 sasoian, 3-1 nagusitu ziren andaluziarrak La Rosaledan eta 3-3 berdindu zuten Sadarren. 2001-02an, 2-1 nagusitu ziren La Rosaledan, eta 0-2 Sadarren. Hurrengo denboraldian ere Malagakoak bi norgehigoketan nagusitu ziren, 1-0 etxean eta 0-1 Osasunaren zelaian. Iragan denboraldian, aldiz, inoiz baino puntu gehiago lortu zuten nafarrek Malagaren aurkako neurketetan: bi berdinketa, eta bi puntu, 0-0 La Rosaledan, eta 1-1 Sadarren. 2004-05 denboraldiko seigarren jardunaldian, ordea, galdu egin zuen berriz Osasunak Malagan: 2-0. Hamargarrenean iritsiko ote da Osasunaren garaipena?
-
JAVIER AGUIRRE
Bere etorkizunari buruzkoak ekainean argituko dituela dio
Azken egunetan zurrumurru ugari izan da Javier Aguirreren etorkizunaren inguruan, eta entrenatzaile mexikarrak ez zuen argibiderik eman atzoko prentsaurrekoan. Patxi Izkok beste urtebeterako eskaintza egin diola onartu zuen mexikarrak, baina erabakia oraindik ez duela hartu adierazi zuen Osasunako entrenatzaileak.
Mexikoko Record aldizkarian aste honetan argitaratutako elkarrizketa batean, Javier Aguirrekesaten zuen Osasuna sasoi honen amaieran utziko zuela, baina entrenatzaile mexikarrak halakorik ez duela inoiz esan argitu zuen atzo: «Record-ekoei elkarrizketa bat eskaini niela egia da, baina ez dakit nondik atera duten esaldi hori, nire ahotik ez da sekula halakorik atera», ziurtatu zuen atzo Aguirrek. Horregatik, zurrumurruak amaituko ez direla jakinik, ekainaren 30a arte, etorkizunaz ez hitz egitea erabaki du Osasunako entrenatzaileak. Azken zurrumurruen arabera, besteak beste, Atletico Madrilek, Coruñako Deportivok eta Valentziak nahi dute Javier Aguirre entrenatzaile tokian datorren denboraldirako.