Dagoeneko helburu bakarra du Realak: lehenbailehen mailari eusteko adina puntu biltzea. Gora begira hasteko asmoarekin ekin zion taldeak Mallorcaren kontrako partidari, baina Son Moixeko porrotak ilusio asko zapuztu zituen. Eta agian horrek mesede egingo dio konturatzeko, jaitsiera zortzi puntura badu ere, nahikoa dela bi partida jarraian galtzea berriz komeriekin hasteko. Denboraldia lasai bukatzea izan behar du Realak helburu. Gainditu behar izan dituen arazoei erreparatuta, ez da lorpen makala. Bide horretan, derrigor irabazi beharreko partida horietako bat izango du gaur, Numanciaren kontra.
Aste honetan ere galtzak bete lan izan dituzte Realeko medikuek. Asteazkenean, Luiz Albertok entrenamendua utzi behar izan zuen hankan kolpea jaso ostean. Prietok eta Karpinek minberatuta bukatu zuten Mallorcaren kontrako partida. Donostiarrak orkatila eta belauna bihurritu zituen, eta errusiarrak, orkatila bihurritzeaz gain, gastroenteritisa izan du. Kovacevicek ere ez zuen herenegun saioa bukatu, zerbikaletan mina sumatu zuen-eta. Halere, denak normal entrenatu ziren atzo, eta Amorrortuk guztiak sartu ditu deialdian. Hemeretzi jokalari deitu ditu, badaezpada.Ostiraleko prentsaurrekoan, jokalarion arazoek buruari buelta asko emanarazi diotela aitortu zuen deustuarrak, baina azkenean egoerak hobera egin du, eta ez dirudi aldaketarik egingo duenik. 4-1-4-1 eskema erabiliko du berriz ere; orain arte emaitza onak eman dizkio.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Baliatu beharrekoa
Aukera aproposa du gaur Realak: etxean jarraian hirugarren partida irabazi, eta Lehen Mailari eusteko puntuak bildu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu