Azken jardunaldian galdu egin zuten Realak zein Osasunak, eta puntu premiarekin iritsiko dira donostiarrak eta iruindarrak gaur iluntzean Sadarren jokatuko den denboraldiko bigarren derbira. Osasunak, gainera, Levanteren aurka galdu arte etxean erakutsitako sendotasuna berreskuratu nahiko du. Azken bost partidetan hiru puntu besterik ez dituzte lortu nafarrek, eta oraindik ere euskal taldeen artean ondoen sailkatuta dagoena bada ere, gainbehera doa, eta gehiago huts egiterik ez du. Realak, aldiz, jarraian Espanyolen aurka Ligan eta Mirandesen aurka Kopan galdu ostean aurreko bolada berreskuratu nahi du, Espanyolen aurka galdu aurretik bi partida jarraian irabazi baitzituen.
Javier Aguirrek badaki Realaren aurka irabaztea aurrerapauso itzela litzatekeela berriro ere sasoi hasierako giro baikorra berreskuratu ahal izateko: «Taldea ondo ikusten dut animikoki zein fisikoki, baina hori zelaian erakutsi behar dute gero. Vila-realen galdu genuen moduan galdu ostean, irabaztera behartuta gaude, ongi jokatu ala ez», esan zuen Aguirrek atzo. Halere, bide zuzenena ondo jokatzea izango dela badaki gorritxoen arduradunak. «Kopan bezala Ligan ere behingoz golik ez jasotzea ondo legoke, baina 4-3 edo 3-2 irabaztea sinatuko nuke. Futbolean hobeto jokatzea da gakoa, baloia dugunean bezalaxe ez dugunean. Aurkaria estutu, presioa ondo egin eta atzean sendo agertzea garrantzitsua litzateke, baina futbolean orain arte baino hobeto aritu beharra daukagu».Reala ez dagoela ezer oparitzeko moduan ere badaki Aguirrek, dena den: «Etxean partida bat galdutakoan planak aldatzera behartuta zaude, eta azken partidan Anoetan galdu egin zutenez, puntuak bilatzera behartuta dira Realekoak ere. Puntu premian diren bi taldeen arteko lehia izango da». Arrazoia zuen mexikarrak, baina puntu premia horrek jokoan eragin txarrik ez izateko eskatu beharko luke jarraian, badaezpada.Izquierdo eta Aloisi gabe arituko da Osasuna. John Aloisik min hartu zuen Vila-realen, eta ezker belaunean duen uzkurdura osatzeko hilabete beharko du gutxienik. Hutsune hori izango zuela astelehenetik zekien Aguirrek, dena den. Atzoko lan saioak, ordea, beste buruhauste bat ekarri zion: Jose Izquierdo eskuin hegalekoak bihurritu egin zuen eskuin orkatila, eta astelehena arte atseden hartu beharko du. Errioxarraren ordez Unai Exposito ariko dela aurreratu zuen atzo Aguirrek, eta Aloisiren hutsunea betetzeko Webo izango da aukeratua. Halere, eskuin hegalean eta zelai erdian zalantzak baditu mexikarrak, eta beste ezusteko aldaketaren bat ere izan daiteke (Sanzolekin luze hitz egin zuen osteguneko entrenamenduan). Deialdia gaur goizean bertan ezagutaraziko du Aguirrek, azken lan saio arina egin ostean. Realak ere azken entrenamendu bat egingo du gaur goizean Taxoaren.
Realak hirugarren porrota saihestu nahi du
Ez da giro Realean. Duela bi aste emaitza sorta bikaina lortu ondoren hiru garaipen hiru partidatan, aste honetan taldeak kontrako bidea hartu du: jokatu dituen bi partidak galdu ditu, eta gaur hirugarren porrota hel daiteke, Osasunaren kontra. Espanyolen kontrako porrota sekulako kolpea izan zen Realarentzat, ordurako ahaztuta ziruditen zalantzak piztu zituelako. Kopatik kanpo geratzeak ziurgabetasun hori areagotu du, Mirandan taldearen jarrera tatxarik gabekoa izan zen arren. Orain, eta gabonetako etenaldia iritsi aurretik, zazpi partida jokatu beharko ditu, gaur hasita. Liga baino ez zaio geratzen, eta horretan jarri beharko du arreta guztia, jaitsiera postuak gertu dauzka-eta.
Puntu gehienak eredu eta hamaikako bati esker lortu ditu Realak. Defentsan eta sendotasunean eta, aitortu beharra dago, joko atzerakoi samarrean oinarritzen den eredua dela. Ez da hori Amorrortuk atsegin duen jokatzeko era, baina, erasoaren eta ikuskizunaren alde egin duenean emaitzak ez dira batere onak izan. Ezta taldeak emandako itxura ere. Horregatik, Espanyolen kontra bigarren zatian galdutako bidea berriro aurkitzea izango du gaur Realak helburu.Nolanahi ere, ezin da baztertu Amorrortuk aldaketaren bat egitea. Aspaldian ez bezala, partida aurreko entrenamendua ateak itxita egin zuen atzo, lasaiago aritu nahian, agian. Ondoko prentsaurrekoan, hamaikakoa ez duela erabaki, baina «aldaketa asko» ez dituela egingo azaldu zuen. Artetak hasieratik ez duela jokatuko esan zuen hitz erdika, baina ez zuen beste argibiderik eman. Deialdian berritasun bakarra dago: Bittor Alkiza sartu du, eta Igor Gabilondo geratu da kanpoan. Oskitz ere ez da Sadarren egongo, Kopan onena bera izan bazen ere. Bi partida daramatza jarraian Ligan deialdian sartu gabe. Mirandesen aurkako porrota lehenbailehen ahaztu behar dutela azpimarratu zuen Amorrortuk: «Kopa, Liga eta taldearen ibilbidea gauza desberdinak dira. Asteazkeneko partidak ez gaitu adorerik gabe utziko. Konfiantza aldetik ez digu kalterik egingo». Realaren inguruan nabaritzen du Amorrortuk konfiantza falta. «Denboraldi hasieratik sumatu dugu hori. Dena den, egoera horri buelta emateko motibaturik gaude», jakinarazi zuen.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. BEHARRAREN DERBIA
Azken porroten ostean, Osasunak eta Realak puntu premia dute; Izquierdok ezingo du jokatu derbian, eskuin orkatila bihurritu baitzuen atzoko lan saioan; realean, bittor alkiza deialdian sartu izana da berritasun bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu