FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Beldurrik ez infernuari

Realak hemezortzi denboraldi daramatza Ruiz de Loperan, Betisen futbol zelaian, irabazi gabe

Xabier Lopetegi.
2005eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Hego haizea izango da. Edo beroa. Hango zaleen jarrera oldarkorra agian. Baina kontua da Reala gutxitan sentitu dela eroso Ruiz de Lopera estadioan hainbat urtetan Benito Villamarin izandakoa. Emaitzei begiratu besterik ez dago infernua txuri-berde kolorekoa dela ikusteko. 1987-1988 denboraldian irabazi zuten han azkeneko aldiz, hau da, duela hemezortzi urte. Azken berdinketa ere urrun gelditzen da, 1997-1998 sasoian. Harrezkero, dena dira porrotak; denboraldi ona edo txarra egin, beti irabazi dio Betisek Realari Sevillan.

Hori gutxi balitz, Liga ederra egiten ari da Serra Ferrer entrenatzailearen taldea. Baina badago gaur Reala infernutik onik aterako dela pentsatzeko arrazoirik. Lehena, eta agian garrantzitsuena, irabazteko batere premiarik ez duela. Helburua bete du jada, eta Deportivoren kontra eginiko joko ona errepikatzeko helburuarekin da Sevillan: «Hobetzen jarraitzea da gure xedea», zioen herenegun Mikel Labakak. Baldintza horietan, infernua ez da hain infernu. Jokoan mailari eustea zegoenean bezain gogorra ez behintzat. Presio guztia Betisek izango du gaur, Europarako borrokan baitago.Nekeak, gainera, eragin handia izan dezake gaurko neurketan. Kalte egitekotan, Betisi egingo dio gehien, ostegunean Espainiako Kopako finalerdietako kanporaketa jokatu behar izan zuelako, Athleticen kontra. Partida gogorra izan zen, tentsio handikoa, baina Serra Ferrerrek ezin die atsedenik eman jokalari garrantzitsuenei; Realaren kontra galtzea atzerapauso handia litzateke Europarako bidean. Arlo fisikoan, abantaila dauka Realak, aste osoa izan duelako norgehiagoka prestatzeko eta freskoago iritsiko delako. Betisentzat, Edu eta Oliveira jokatzeko moduan egotea da albiste onena. Erasoan teknika jartzen du batak, eta abiadura besteak. Laguntza handirik ez dute behar bi brasildarrek edozein partida hankaz gora jartzeko.Realak hutsune garrantzitsuak izango ditu, beste behin ere. Aldaketa nagusia atean izango da: Amorrortuk atseden emango dio Riesgori, Deportivoren kontra jasotako kolpearen ondorioz, zorabioak dituelako oraindik. Albertok, beraz, denboraldiko laugarren partida jokatuko du Ligan. Behin bakarrik aritu da hasieratik, Malagaren kontra, eta 1-5 irabazi zuen Realak. Esperientzi handia izateaz gain, erreflexuak ez dituela galdu erakusten du zelaira ateratzen den bakoitzean. Aulkian Eñaut Zubikarai egongo da, Reala Bko atezaina. Bigarren aldiz sartu da deialdian.Xabi Prietok ere ezingo du gaur jokatu. Osasunaren kontra min hartu zuen, eta hasieran lesio larria ez bazirudien ere, hiru partida galdu ditu dagoeneko. Hurrengo jardunaldirako osatzea du helburu donostiarrak, Real Madrilen kontra jokatu ahal izateko. Dirudiena baino garrantzitsuagoa da haren hutsunea, datorren denboraldiari begira konfiantza hartzeko partidak behar dituelako. Urangak hartuko du bere tokia, azken bi norgehiagoketan bezala. Ez da hegaleko jokalari petoa, baina gabezia hori borrokarekin eta golekin ari da ordezkatzen. Zalantza zegoen Luiz Alberto eta Karpin jokatzeko prest egongo ote ziren, baina biak normal entrenatu ziren atzo, eta deialdian sartu dira. Errusiarrak hasieratik jokatuko du. Brasildarrak, ordea, ez. Ezkerrean, Barkerori beste aukera bat emango dio entrenatzaileak.

Beste zelaietan ere, gaizki

Anoetan irabazi duena, etxetik kanpo xahutu du Realak. Hamabi puntu baino ez ditu eskuratu Anoetatik at: hiru garaipen Malaga, Numancia eta Racingen aurka eta hiru berdinketa. Etxean, berriz, 30 puntu lortu ditu. Kanpoan jokatu dituen azken lau partidetatik, hiru galdu ditu, eta bat berdindu. Racingen kontra irabazi zuen azkeneko aldiz. «Ez dakit zein den zergatia, baina egia da irregularragoak garela», esan zuen Jose Mari Amorrortuk herenegun. Amets egitea «libre» dela adierazi zuen herenegun Mikel Labakak, UEFArako sailkatzeko aukeraz galdetu ziotenean. Entrenatzaileak, berriz, horretarako taldeak 60 puntu batu beharko lituzkeela. Alegia, geratzen diren partida guztiak irabazi beharko lituzkeela. Europarako txartela ematen duten postuak oso urrun daude, zortzi puntura, eta gertuago izateko aukera etxetik kanpo galdu du Realak, bi garaipen gehiagorekin borroka horretan bete-betean sartuta egongo litzatekeelako. Sendotasunean oinarritu du bere lana, baina etxetik urrun ez du lortu lehiakorra izaterik, baloirik gabe asko sufritu duelako, eta, azken jardunaldietan ez bezala, erasoan aurkaria estu hartzeko baliabide gutxi erakutsi dituelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.