FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. BESTE BAT

HAMABOSTERO GERTATZEN DEN LEGEZ, FINALA JOKATU BEHARKO DU GAUR ATHLETICEK SAN MAMESEN. ORBAIZENA DA VALVERDEK DUEN ZALANTZA BAKARRA; YESTE ETA DEL HORNO HAMAIKAKORA BUELTATUKO DIRELA DIRUDI

haritz gallastegi
2004ko abenduaren 11
00:00
Entzun
«Beste bat, beste batÉ» kantatzen zuen San Mameseko zaleak Urzaizek Racingi Athleticen hirugarren gola sartu zionean. Gustura zegoen jarraitzailea eta gozatzen jarraitu gura zuela zirudien.

Hamabost egun pasatu dira Athleticek merezitako garaipen hura eskuratu zuenetik. Ordutik makina bat gauza pasatu dira. Tarte horretan, Athleticek irabazi egin zuen etxean jokatutako UEFAko neurketa. Beste bat. Joko eskasa egin eta etxetik kanpo seigarren porrota ere ailegatu zen. Beste bat. Beraz, hamabostero gertatzen den legez finala jokatu beharko du San Mamesen Valverdek zuzentzen duen taldeak. Beste bat. Racingen aurkako laugarrena edo Liga hasi zenetik errepikatzen diren emaitzak gura zituen jarraitzaileak? Gaizki ulertu al zuten jokalariek zaleek bidalitako mezua?Txantxak alde batera utzita, egoera larrian aurkitzen da Athletic berriro. Egiari zor, etxean maila ona eman du taldeak sasoia hasi zenetik. Aurkaria baino gehiago izan da partida gehienetan eta emaitza onak eskuratu ditu merezi baino puntu gutxiago irabazi ditu. Zerbait gura duenak arriskatu behar izaten duela esaten da, baina ez da komeni gehiegi arriskatzea. Erretzeko arriskua dago. Eta Athletic erretzear dago. Infernutik puntu bira besterik ez dago eta gaur huts eginez gero kiskaltzen has daiteke.

Orbaizen zain

Sutetik ihes egin eta Olentzeroren bisita lasai hartzeko Atletico Madril hartu behar du mendean Bizkaiko taldeak. Azken jardunaldietan ohikoa den legez, ez dirudi nobedade handirik egongo denik hasierako hamaikakoan. Sevillaren aurka egindako saiakera alde batera utziko du teknikariak. Defentsako lana indartzeko asmoz Casas eta Tiko zelairatu zituen Del Horno eta Yesteren lekuan. Aldaketek zentzua izan arren, Athleticek etxetik kanpo duen gaitza ez dela bi jokalariren errua bakarrik baieztatu zen Sanchez Pizjuanen. Beraz, erasoan erabakigarriak diren jokalari bik beste aukera bat izan dezakete euren maila erakusteko. Euren eta gainerako jokalarien ekarpenarekin Ligan 4.000. gola sartzen saiatuko da taldea bakarra falta zaio.

Orbaiz da Valverdek duen zalantza bakarra. Aste gorabeheratsua izan du erdilari nafarrak. Sevillaren aurka eskuin hankako belaunean hartu zuen min eta astelehenean ez zen gainerako taldekideekin entrenatu. Atzo, berriz, ezker belaunean hartu zuen min. Aldez aurretik utzi zuen lan saioa baina egoera asko gaiztotzen ez bada hasierako hamaikakoan egongo da. Bestela, Tikok hartuko du haren lekua.Athleticen ibilbideak eta egoerak nahikoa zeresan ematen du, baina ez da ahaztu behar aurrean talde gaitza izango duela: Atletico Madril. Ferrandoren eskutik gora begira dago Madrilgo taldea. Joko aldetik ez du aparteko ezer erakusten baina talde on batek dituen armak erakutsi ditu sasoi hasieran. Perea eta Pablo ardatz nagusi dituen defentsak lan ona egiten du eta aurrean jokalari erabakigarri bat eta golegile bat ditu (Fernando Torres eta Salva, hurrenez hurren). Ariel Ibagaza ere deialdian dago. Argentinarra jokalari garrantzitsua da zelai erdiko jokalari eta aurrelarien artean lotura beharra egiteko. Gaur ez da hasieratik arituko, baina minutu batzuk joka ditzake.Hain zuzen ere, zelai erdiko eta aurreko jokoa lotzeko Julen Guerrerorengan pentsatu omen du Atleticok neguko merkatua aurki zabalduko dela aintzat hartuta. Agintari madrildarrak ere harritu egin dira berriarekin. Hankarik eta bururik bako berria da. Interesatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.