Urrea balio dute Sardineron jokoan dauden hiru puntuek. Racingi irabaziz gero, UEFA helburu duten taldeen arteko borrokan «bete-betean» sartuko liratekeela uste du Valverdek. Lezamako aldagelan egin dituzten kalkuluen arabera, Liga amaitzeko falta diren zazpi partidetatik bost irabazi beharko dituzte beharrezkoak diruditen 60 puntuak eskuratu eta datorren sasoian Europan jokatzeko.
Sardinero zelai egokia izan daiteke etxetik kanpoko bolada txarra amaitu eta borrokan sartzeko behar diren hiru puntuak irabazteko. Azken sasoi bietan ondo egokitu da talde zuri-gorria Sardinerora, eta irabazita itzuli da Santandertik esaerak dioen baino gehiago egin du, beraz. Aurton ere irabazteko aukera ona du. Nando Yosuk zuzentzen duen taldea sailkapenaren beheko aldean dago ez dabil fin, beraz, baina jaitsierako postuak, infernua, nahiko urrun ditu. Haren xede bakarra, beraz, lehenbailehen salbazioa emango dioten puntuak eskuratzea eta zaleen aurrean itxura ona ematea da. Okerrik ezean, sasoi amaiera nahiko lasaia izango du taldeak.
Gurpegik eta Lacruzek erdiko zentral joka dezakete
Aurkariaren motibaziorik ezaz baliatzen saiatuko da Athletic, hain zuzen ere. Horretarako, denboraldi luzeak eragindako nekea eta begi bistan duen Kopako kanporaketak eragin dezakeen nahastea gainditu beharko dituzte jokalariek.
Era berean, zentral titularren hutsunea ere bete beharko du entrenatzaileak. Murillo eta Prieto min hartuta daude. Ondorioz, Gupegi atzeratu eta aspaldian eskas dabilen bat ipini beharko du atzealdearen erdialdean Valverdek: Lacruz. Tikok hartuko du Andosilalkoak zelai erdian utzitako lekua, eta baliteke Solabarrieta ere hasieratik aritzea.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Bete-betean sartzeko
Athleticek Racingi irabazi behar dio gaur Santanderren, UEFAko postuen lehian sartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu