FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. CESAR KRUTXAGA. «Iragan sasoikoa berriz lortzea zaila dela ulertu behar du zaleak»

2004ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Azken bi partidak harmailetatik ikusi behar izan ditu Cesar Krutxagak. Eskuin zangoko aduktoreetan izandako uzkurdura gaindituta, Aguirreren esanetara da berriro Ezkarozeko atzelaria. Hasieratik ariko da gaur Getaferen aurka.

Lesioa ahaztua duzu?

Bai, azken bi egunetan arazorik gabe entrenatu naiz, eta zangoa behartutakoan ere ez dut minik nabaritu. Jokatuz gero ere arriskurik hartzen dudanik ez dut uste, erresonantziak lesioa osatua zela baieztatu baitzuen. Entrenatzailearen esanetara nago.

Osasuna Lehen Mailara itzuliz gerotik norgehiagoka gutxi galdu dituzu. Azken bi partidak zelaitik at ikusten zer moduz?

Ez nago ohituta, eta arraroa egiten da, baina normalean jokatzen ez duten taldekideen egoera zein txarra den ikusteko balio du honek. Entrenatzerik ere ez dut izan 10 egunean, eta taldearentzat baliagarria ez zarela konturatzen zara.

Santiago Bernabeuko partida galtzeak ez zizun graziarik egingo, ezta?

Partida ederra izan zen, baina Betisen aurkako lehia galtzeak pena handiagoa eragin zidan. Aspaldian etxean irabazi gabe geunden, larunbat arratsaldea zen, eguraldia bikaina genuen, eta irabazi egingo genuela sinetsita joan nintzen Sadarrera. Zelaian egon nahi nuen, eta izorratu egin ninduen ez jokatzeak.

Cuellar izan da zure ordezkoa. Nola ikusi duzu bi lehia hauetan?

Oso ondo. Sasoi honetan postu bakoitzeko bi jokalari edo gehiago ditugu, eta ez zentral postua bakarrik: postu guztiak ondo zainduak ditugu. Orain, gainera, jokalari guztiak jokatzeko moduan gaude, eta entrenatzaileak buruhauste bat baino gehiago izango du hamaikakoa erabakitzeko. Hori oso garrantzitsua da taldearentzat, eta sasoi amaiera arte entrenatzailea horrelako buruhausteekin izatea da jokalarion betebeharra.

Santiago Bernabeun Osasuna beldurrez eta irabazteko goserik gabe zelairatu zela diotenei erantzun nahi diezu?

Ez, baina jendea azkarregi doala uste dut. Iragan denboraldian 0-3 irabazi genuen Santiago Bernabeun, eta Real Madril krisian zela-eta, asteartean ere aise irabaziko genuela sinetsi zuen jendeak; erraza zela uste zuten. Eta ezin da ahaztu Real Madrilen kontra haren etxean aritu ginela. Han etengabe erasoan jardutea ez da erraza, eta 0-0koa ez nuen hain urruti ikusi. Emaitza horrekin, gainera, beste ondorio batzuk aterako zituen jendeak.

Real Madrilek ez zuen bikain jokatu, ordea.

Ez, baina edozein mementotan partida bat erabaki dezaketen jokalari dezente ditu Real Madrilek, eta gure porrota horren adibide ederra izan zen.

Lau partidatan zazpi puntu lortzea ez da txarra, baina, atzelari gisa, partida guztietan golen bat jaso izanak min ematen dizu?

Egia da partida batean golik sartzen ez digutenean etxera pozik joan ohi naizela, nahiz eta agian ez irabazi. Baina, nolanahi, datu hori ez da garrantzitsuena, eta, Riazorren eta Santiago Bernabeun jokatu dugula aintzat hartuta, zazpi puntu lortzea ez da makala.

Iragan denboraldiko bolada errepikatzea aipatzen da helburutzat, baina azken txanpa hura errepikatzerik ez duzue nahiko, ezta?

Bai, baina jendeari begiak zabaltzea komeni da, eta iragan denboraldikoa errepikatzea oso-oso zaila dela ulertu behar dute. Osasunak daukan aurrekontua duen bitartean, gure maila zein den argi izan behar dugu. Egia da ia jokalari berberak gaudela orain ere taldean, eta fitxaketetan asmatu egin dugula dirudi. Horri hasiera ona egin dugula gehituz gero, normala da jendea baikor izatea, baina ez da erraza izango horregatik. Liga oso orekatua dago, eta edonoren aurka gal dezakezu.

Inguruan euforia nabari duzu orduan.

Bai, jendea oso erraz ohitzen da gauza onetara, eta futbolean normalean urte on baten ostean urte txar bat etorri ohi da. UEFA jokatu eta berehala jaitsi zen Osasuna Bigarren Mailara. Gure helburu nagusia mailari eustea da beti. Gero beste zerbaitetarako aukera izanez gero, borrokatuko gara.

Espanyolen aurka lehen hiru puntuak lortu berri ditu Getafek. Hala hobe Osasunarentzat?

Baietz uste dut; bestela, oso behartuta etorriko ziren. Halere, ez dago jakiterik: irabazteak konfiantza ere emango zien.

Getafe ikusita igo berriak zineteneko garaiak gogoratzen dituzu?

Lehen Mailara igotzea baino zailagoa da lehen sasoian mantentzea lortzea. Alaves ere jaisteko zorian izan zen igo eta lehen urtean, eta gero UEFAko finala jokatzeraino iritsi zen.

Zuen kasua ere antzekoa izan daiteke. Orain, talde igo berrien aldean Osasuna eginda dago Lehen Mailara, ezta?

Baietz uste dut; igo berritan baino askoz jokalari hobeak gara taldeko gizon asko. Patxi Puñali begiratzea besterik ez dago: Ligako onenetakoa da egun.

Halere, ez dakit talde handien aurka jokatzea ez ote zaizuen gehiago gustatzen.

Aurkariak baino gehiago geure buruak kezkatzen nau; Getafe eta antzeko taldeen aurka berehala erabaki nahian zelairatu gaitezke, eta kontraeraso batean gola sartzen badigute, edonoren aurka ere kosta egiten zaigu markagailuari buelta ematea. Halere, sasoi honetan partida guztietan galtzen hasi gara, eta hirutan lortu dugu puntuak batzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.