FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. CESAR PALACIOS. NUMANCIAKO JOKALARIA. FUTBOLA
ESPAINIAKO LIGA. CESAR PALACIOS. NUMANCIAKO JOKALARIA. 'Madrilen egon nintze, zelaira irteteko gogoari ezin eutsita'
Hamaika denboraldi egin zituen Cesar Palaciosek Osasunaren lehen taldean, 1993-94tik 2003-04ra. Zazpi urtez kapitain lanak ere egin zituen, baina, zoritxarrez, berak taldea utzi ostean iritsi da gorritxoen historiako lehen finala. Egungo egoera gozatzea gustatuko litzaiokeela ez du ukatzen, baina Soriatik ikusita ere gozatu zuen Osasunaren sailkapenarekin. Numanciak maila galdu du. Palaciosekkontratua du, baina ez daki bertan jarraituko duen. Geratzen zaizkien hiru partidetan soilik pentsatu nahi du.
Ostegunean beste edozein zale amorratu bezala ikusi al zenuen Osasunaren norgehiagoka?
Madrilen izateko aukera nuen, eta ez nuen alferrik galdu. Ez nintzen egon espero bezain urduri. Partida kontrolpean zutela ikusten nuen. Atletico Madrilek pare bat jokaldi arriskutsu besterik ez zuen egin, eta Juantxok bikain erantzun zuen. Zelaian ondo jarrita zegoen Osasuna, eta lasai ikusi nuen lehia. Amaierako poza ikaragarria zen; 85 urteren ostean Osasuna final batean izango da. Osasunazaleentzat egun handia izan zen ostegunekoa.
Taldekide ohiak zelaian besarkatuta ikustean zein oroitzapen izan zenituen?
Alde batetik, oso pozik nengoen; nire lagunak ziren zelaiaren erdian besarkatuta pozez zoratzen zeudenak, eta ni ere pozik nengoen, noski. Baina...
11 denboraldi Osasunan egin eta gero halako poza han sentitzeko aukera ez izatea mingarria ere izango zen, ezta?
Bai, bai, hori da; sentsazio arraroa zen. Zelaira irteteko gogoari ezin eutsita egon nintzen, baina, zoritxarrez, nire bizitzan lehendabiziko aldiz, Osasunatik at nagoela ere konturatu nintzen.
Zoritxarrez, Recreativoren aurkako Kopako finalerdietako porrot mingarria bizi behar izan zenuen.
Nire kirol ibilbideko egunik mingarriena eta tristeena izan zen. Emozio asko elkartu zitzaizkidan amaieran, eta Recreativok bi goleko aldea jan arren, zaleek nola animatzen ziguten ikustea hunkigarria izan zen. Banekien final batean izateko halako aukerarik ez nuela gehiago izango, eta gogorra izan zen. Madrilen ere gogoratu nintzen Recreativoren aurkako finalerdiaz, baina, zorionez, dena ondo atera zen.
Bigarren aukera huts egiterik ez zegoela eta, Recreativoren aurka lezioa ikasi zutela gogoratu dute jokalariek.
Atsekabe hura ahazteko aukera ederra zuten, eta oraingoan ez dute kale egin. Orain, finala irabazteko zorte pixka bat izatea soilik opa diet. Kalitatea badutela badakit, ea zortea ere lagun izaten duten. Merezi dute.
Zure agurra izan zitekeela ere uste ahal izan zenuen orduan, baina beste urtebetez luzatu zizuten kontratua.
Partida hura jokatu nuenean, sasoi amaieran Osasuna utzi beharko nuela uste nuen. Barruan baino gehiago ikusten nuen kanpoan neure burua. Baina bai, partida haren ondotik Valladoliden eta Sadarren beste partida bat jokatzeko aukera ere izan nuen, eta kontratua luzatu zidaten. Pozgarria izan zen.
Nola egokitu zara Soriara?
Bizi guztia Osasunan egin nuen, eta banuen kanpora irteteko beldurra. Halere, dena primeran atera zait. Lagun asko egin ditut, hirira ederki egokitu naiz, eta Osasunatik at ere lagun asko egiteko aukera dagoela ikusi dut. Ni eta nire familia oso pozik gaude Sorian egin diguten harrerarekin.
Maila galtzea gogorra izango zen, baina azken urteetan baino jokatzeko aukera gehiago izan duzu. Pozik?
Bagenekien mailari eustea ez zela erraza izango, baina orain badakigu matematikoki ez dugula batere aukerarik, eta hori gogorra da. Nolanahi ere, egia da nik neuk azken urteetan Osasunan baino jokatzeko aukera gehiago izan dudala, eta alde horretatik pozik nago. Zelaitik at laguntzen ohituta nengoen Iruñean azken sasoietan, eta zelaian ere lagun dezakedala jabetu naiz Sorian.
Gaur zein jarrera izango duzue? Probak egiteko garaia ote?
Beno, klubak jende gaztea ikusi nahiko duela uste dut. Datorren denboraldian pentsatzen hastea normala da. Nolanahi ere, aldagelan argi daukagu zein den gure helburua geratzen diren hiru partidetan: sasoia ahal bezain ondoen amaitzea da helburua. Burua makurtu gabe jaitsi nahi dugu, barruan dugun guztia eman dugula argi geratzea nahi dugu.
Datorren urtean ere Sorian jarraitzeko asmoarekin?
Ez dakit, beste bi urterako kontratua daukat, eta pozik nago hemen, baina Bigarren Mailara jaitsiz gero beste norabait joateko aukera badudala ere badio kontratuak, eta ikusi egin beharko da. Orain nahiago dut geratzen diren hiru partidetan pentsatu.
Noiz arte ikusiko zaitugu jokatzen?
30 urte ditut, eta fisikoki arazorik ez dut. Indartsu nagoela uste dut, eta neure buruak ere argi du futbolean jokatzen jarraitu nahi duela, hauxe baita gustatzen zaidan ogibidea. Une txarrak pasatu behar izan ditut, baina azkenean pribilegioa da futboletik bizitzea, eta, alde horretatik, erretiroa urrun ikusten dut oraindik.
Zer esango diezu gaur taldekide ohiei?
Finalerdiko partida hasi aurretik, aldagelan eurekin egoteko aukera izan nuen, zortea opatzeko, eta gaur zoriondu egingo ditut.
Eta ekainaren 11n Vicente Calderonen ikusiko al zaitugu?
Baietz espero dut, baina ez da erraza izango sarrerak lortzea, Iruñeak eta Nafarroa osoak egon nahiko baitu egun historiko horretan taldearen ondoan.
Finala nolakoa izango da, zure ustez?
Partida batera, ez dago jakiterik. Zozketan Atletico Madril egokitu zitzaienean, poztu egin nintzen, izan zitzakeen hiru aurkarietatik ahulena zela uste bainuen. Betis aurkari gogorragoa izango dela uste dut, ordea. Nolanahi ere, Osasunak bere lana ondo beteko duela uste dut, eta txapeldun izan nahi badute asko sufritu beharko dute Betisekoek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu