spainiako Ligako entrenatzaileetan ez dago Javier Irureta baino eskarmentu handiagoa duenik. Ez dago talde batean berak bezainbeste urte daramatzanik. Beteranoetan beteranoena da irundarra: zazpigarren urtea du Deportivon jarraian. Lorpen zerrenda ere ez du makala: Liga eta Kopa bana, bi bigarren postu Ligan, eta azken bost urteetan Txapeldunen Ligarako sailkatu du taldea. Hamaika ikusi du tarte horretan, hamaika kritika entzun, baina goiari eutsi eta onik irten da zurrunbilo guztietatik. Orain hasi omen da hainbeste urtetan pilatutako nekearen ordaina jasotzen, itxuraz, entrenatzaile lanari agur esan nahi baitio Iruretak denboraldia bukatzean, behin-behinean bederen.
Coruñan hautsak harrotu zituen irundarrak duela pare bat aste: nekatuta zegoela, eta urte batean atseden hartzeko gogoa zuela esan zuen; Bartzelonaren kontra jokatu ondoko astea berarentzat azken urteetako gogorrena izan zela, eta familiak ere hala eskatzen ziola. Beste norbaitetaz ari bagina, agian, zalantzan jarri beharko genituzke hitzok, baina bera ez da mingainari denbora-pasa gisa eragiten dioten horietakoa. Hori esan badu, asmo horrekin bueltaka dabilelako esango zuen.Erabat aldatu da Deportivo Irureta Coruñan dagoenetik. Iritsi zenean, taldea Riazorren biltzen zen egunero, eta handik ordu erdiko bidaia egiten zuen autobusean, entrenamendu tokira joateko. Antza denez, dutxarik ez zegoen zelai hartan, eta jokalariak Riazorrera bueltatu behar zuten autobusean, izerditan blai, han dutxatzeko. Ez zegoen apartean artean taldea Arsenio Iglesiasekin txapeldunorde geratu zeneko urte gogoangarri hura. Klub xumea zena punta-puntakoa izan da handik aurrera, eta Iruretak zeresan handia izan zuen lorpen horretan.Alabaina, arrakastak ez zuen lortu irundarra nahastea. Lendoirok ia urtero eskaintzen zion kontratua berritzerakoan urte askotarako akordioa sinatzea. Alferrik. Burugogor samarra ere bai baita Irureta, burugogorra baina ondradua. Urte bateko kontratuak baino ez zituen onartzen: «Taldearen helburuak betetzen baditut soilik berrituko dut kontratua. Lortzen ez badut, nahiago dut etxera joan. Horregatik ez dut sinatuko kontratu luzerik». Eta, helburuak urtero bete dituenez, hortxe dago oraindik, beste sasoi bat lanean, seigarrena dagoeneko.Ikusteko dago seigarren honetan azterketa gainditzeko gai den. Taldea larrutik ordaintzen ari da inor fitxatu ez izana, jokalarien batez besteko adina oso handia da, eta badirudi haietako batzuek lehiatzeko grina galdu dutela emaitza txarren ondorioz. Lendoriok denboraldi aurrean taldea indartuko zuela hitzeman zion denboraldi-aurrean, baina ez zuen bete agindutakoa eta Iruretak ez zuen batere ongi hartu erabaki hura. Klubak zor handia du, eta badirudi presidentea hurrengo denboraldian ari dela pentsatzen, Deportivoren mendeurrena da eta.
Jokalariekin ere harreman tirabiratsua izan du Iruretak behin baino gehiagotan. Halere, bera iaioa da aldageletako oilarrak otzantzen. Horren erakusgarri da duela zenbait urte gertatutakoa. Txapeldunen Ligako partida jokatu zuen Deportivok Norvegian, eta handik bueltan, Madrilgo aireportuan, jokalariak matxinatu egin ziren, Coruñara abioian joan nahi zutelako eta ez autobusean. Nekaturik zeudela guztiak, eta ez zirela autobusean sartuko. Bost minutu geroago, eta Iruretarekin hitz egin ondoren, autobuseko eskailerak igotzen ari ziren guztiak, burua makurtuta eta txintik atera gabe. Nortasun horri esker lortu du lortu duena irundarrak, eta ez litzateke harritzekoa aurten ere, atseden hartu aurretik, helburua betetzea, Ligan ez bada ere. Argi Deportivorekin.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. DEPORTIVO. Iruretaren aroa, amaitzear
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu