FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Errespetua ez da beldurra

Bartzelona liderraren zelaira punturen bat biltzeko asmoz doa osasuna; DAVID lopez sartu da nafarren hamaikakoan

2004ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Aste guztian Osasunako jokalariek gehien errepikatu duten esaldia hau izan da: «Bartzelona ikusgarri jokatzen ari da, eta argi dago aurkaria errespetatzen dugula, baina beldurrik gabe joango gara Nou Campera». Javier Aguirrek badaki norgehiagoka erraza ez dutela izango gaur iluntzean liderraren zelaian, baina, nolanahi, ezinezkorik ez dela uste du entrenatzaile mexikarrak. «Bartzelonak ikaragarri estutzen du, eta aurkaria itotzen ahalegintzen dira Rijkaarden mutilak. Halere, presio hori gainditzea lortzen badugu, kontraerasoetarako tarte dezente izango dugu, espazio asko utziko dizkigute, eta hori baliatu dezakegu», esan zuen atzo entrenatzaile mexikarrak. Partidaren gakoa zein izango den badaki, nonbait, Osasunako prestatzaileak.

Gainera, sasoi honetan Osasunak ere gola errazago sartzen duela gogoratu zuen Aguirrek: «Bartzelonak baino gol bat gutxiago soilik sartu dugu guk orain arteko zazpi jardunaldietan, eta Ligako talderik onenen artean gaude golak sartzeari dagokionez». Hori aintzat hartuta, argi dago Osasunak non hobetu behar duen: defentsan. Azken partiden atarian bezala, atzo ere «oldarkortasun defentsiboa» eskatu zien Aguirrek bere mutilei. «Aste guztian atzealdeko gizonekin luze eta zabal hitz egiteko aukera izan dut, eta horixe gogoratu diet, ea Nou Campen behingoz defentsan txukun lan egiten dugun». Orain arteko zazpi jardunaldietan behin ere ez dute lortu nafarrek norgehiagoka bat golik jaso gabe amaitzea, eta Nou Camp zelairik aproposena ez dirudien arren, horretan ahaleginduko dira gaur gorritxoak, beste hamaikako batekin.

Azken jardunaldian, David Lopez errioxarra bilakatu zen protagonista nagusi: Lehen Mailan lehendabiziko aldiz jokatzeko aukera izan zuen Lopezek Albaceteren aurka, eta zelaira irten eta hiru minutura garaipenaren gola lortu zuen. Astelehenean, horrela jarraitzeko modua emateko eskatu zuen, eta Aguirrek kasu egin dio. Gaur, lehendabiziko aldiz, hasieratik jokatuko du Osasunako harrobitik lehen taldera iritsi berri den erdilari gazteak. Kaltetu nagusia Juanma Ortiz izango da, aulkian hasiko baitu norgehiagoka Atletico Madriletik iritsiriko erdilariak.

Pablo Garcia, zigortuta;Savo Milosevic, min hartuta

Pablo Garcia zigortuta zegoenez eta Savo Milosevicek min hartuta jarraitzen duenez, bagenekien Aguirre bi aldaketa egitera behartuta zegoela. Eta, azkenean, euskarri uruguaiarraren tokia Iñaki Muñozek hartuko duen heinean, Pierre Webo kamerundarrak izango du taldeko golegile onena ordezkatzeko ardura.

Asteartean Castellon (Valentzia) Espainiako Kopako lehen kanporaketa jokatu behar dutenez, Milosevic ez beste jokalari guztiak deitu ditu Javier Aguirrek, Bartzelonatik zuzenean Castellora joango baitira. Entrenatzaile mexikarrak Raul Garcia gaztea ere deitu du. 18 urteko erdilariak ezingo du jokatu Kopako lehia, Espainiako 19 urtez azpikoen selekziorako deitu dutelako. Halere, Aguirrek euskarri posturako dituen hutsuneak ikusita, Bartzelonaren aurkako lehian ordezkoen aulkian izan daiteke. «Raulek aurrerago jokatu ohi du, eta Expositok edo Cuellarrek ere joka dezakete euskarri postuan, baina denboraldi-aurrean Raul Garcia postu horretan probatu nuen, eta txukun aritu zen. Horrexegatik doa», esan zuen Aguirrek atzo. Bartzelonan, Giuly frantziarra sartuko da hamaikakoan, Larssonen kaltean.

DAVID LOPEZ -OSASUNAKO JOKALARIA

«Ametsa da Nou Campen hasieratik jokatzea»



A. L. - DONOSTIA

Estreinaldian garaipenaren gola sartu ostean, horrela jarraitzeko aukera emateko eskatu zuen David Lopezek astelehenean. Lehendabizikoan Aguirrek aintzat hartu du errioxarra: hasieratik ariko da gaur Bartzelonaren futbol zelaian. Pozik zoratzen zen atzo David Lopez.

Nou Campen hasieratik jokatuko duzula dirudi, ezta?

Bai, larunbatetan egin ohi dugun proban, hamaikako titularra jarri ohi du normalean Aguirrek, eta aukeratuen artean egon naiz. Pozik nago; gauza handia da niretzat.

Amets bat bete zenuen iragan jardunaldian, beste bat bete dezakezu aste honetan.

Bai, Nou Campen hasieratik jokatzea ametsa da. Iragan asteburuan estreinaldia izan nuen, eta gola sartzeko zortea ere bai. Orain Nou Campen joka dezakedala dirudi, eta konfiantza handia ematen dute gauza hauek.

Nou Campen beste gol bat sartuko bazenu...

Beno, beno, lasai, lasai! Garrantzitsuena taldeak partida ona egin eta irabaztea litzateke. Gero, partida txukuna egiten badut, pozik egongo naiz, eta gola sartuz gero, zer esango dizut, bada.

Urduri jarri al zara zeure burua aukeratuen artean ikusi duzunean?

Ez, poza hartu dut, ez nuelako hasieratik jokatzea espero, baina urduritasunik ez dut nabaritu.

Irabaztekoko zelairik aproposenera ez zoazte, dena den.

Bartzelona oso ondo ari dela argi dago, eta errespetu handia diogu Rijkaarden taldeari. Halere, konfiantza handiarekin goaz gu ere, eta hiru puntuak Iruñera ekartzea izango da gure helburua.

Albaceteren aurka, erasoan ikusi zintugun gehienbat; Nou Campen defentsan ere azaldu beharko duzu, ala?

Beno, gola sartu ostean defentsan aritzea ere egokitu zitzaidan Albaceteren aurka, baina egia da Nou Campen Izquierdori laguntzea askotan egokituko zaidala. Ahaleginduko naiz.

Horrek bere alde ona ere izan dezake. Atzelari oldarkorrak ditu Bartzelonak, eta kontraerasorako aukerarik emango dizute.

Erasora jotzen dute etengabe, eta bizkarra hartzeko abantaila izan daiteke hori guretzat. Halere, Bartzelonak oso ondo defendatzen du, eta erne ibili beharko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.