FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Euren artekoa

Derbia irabazteak dakarren ohorea soilik dago jokoan gaur San Mamesen

HARITZ GALLASTEGI - XABIER LOPETEGI - DO
2005eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Sailkapenaren erdialdean egoteak ematen duen lasaitasunarekin eta derbiek daukaten presioarekin jokatuko dute Athleticek eta Realak denboraldiko azken derbia. Bi taldeetako zenbait jokalarik bestelakorik adierazi duten arren, zuri-gorriek zein txuri-urdinek ez dute ezer garrantzitsurik jokatuko Espainiako Ligako azken txanpan: Europako postuak urrun daude, eta are eta urrunago jaitsierakoak.

Athletic azken jardunaldietako joko eta emaitza txarrei buelta ematen saiatuko da. Itxuraldatzeko partida egokia dirudi, gainera. Realaren aurkako neurketa ez da beste partida bat Bilbon beharbada, ez du Real Madrilen aurkako partidak adinako ikusmina sortuko, baina berezia bada, eta gisa horretako neurketa batean maila ematea behar du Athleticek indarberritzeko.Ernesto Valverderen taldea ez dago ondo. Fisikoki onena eman duela dirudi. Beraz, aurkariak gainditzeko erabiltzen duen arma nagusia galdu du. Zaleen laguntzarekin, erritmo bizia ematen diote partidari jokalari zuri-gorriek, eta aurkariak zailtasunak izaten ditu indar horri erantzuteko.Indarra galduta, pizgarri bat behar zuen Athleticek, eta donostiatik etorri da. Karpinen adierazpenek berotu egin dituzte aldagela eta zalea, eta partida gauean jokatuko dela aintzat hartuta, giro beroa aurkituko dute Jose Mari Amorrorturen jokalariek aspaldiko partez San Mameseko aulkian eseriko da deustuarra. Estoniarra zelaian egotea litzateke Athleticentzat onena.Karpinek ezin izango du jokatu, baina Yestek bai. Bizkarreko minak jota egon da basauritarra, baina jokatzeko moduan egongo da. Hala ere, ez dago argi hasieratik arituko den. Fisikoki ez dago sasoi betean, eta Tikok ere izan dezake zelai erdian aurreratuta aritzeko aukera. Valverderen zalantza bakarra da.

Gaztetasuna nagusi Realean

Eta Karpinek Bilbon lortu duena derbiak eta azken jardunaldietako emaitzek bere horretan lortu du Donostian. Oso zaila dena, alegia: lokartuta, erdi etsita zeuden zaleengan ilusioa piztea. Jokalariei ere ez zaie motibaziorik faltako. Harrobiko gazteentzat ametsa da San Mameseko derbia jokatzea, eta Realeko askok amets hori egia bihurtzeko parada izango dute gaur. Riesgo, Labaka, Garrido, Zubiaurre, Alonso eta Urangak estreinakoz jokatuko dute gaur futbolaren katedralean. Lepo beteta egongo da zelaia. Arnasa hartzen ere ez diete utziko jarraitzaileek, baina ausart hartu nahi dute erronka: «Presio handia egongo dela esan didate, eta nik asko atsegin dut hori», adierazi du Garridok.

Lotsagabekeria hori baliatu nahi du Realak San Mamesetik bizirik ateratzeko. Izan ere, Mladenovic eta Kovacevic izango dira taldeko beterano bakarrak. 28 urte ditu erdilariak, eta 31 aurrelariak. Mladenovicentzat ere partida berezia izango da, itxuraz, hasieratik jokatuko baitu lehenengo aldiz. Athleticzaleen presioak ez dio eragingo, horrelako partidetan eskarmentu handia baitu: Izar Gorria-Partizaneta Rangers-Celtic derbietan dagoen giroarekin alderatuta, atsegina ere izan behar du San Mameseko giroak.Ohi baino zalantza gehiago izango ditu Amorrortuk hamaikakoa osatzeko, garrantzi handiko bi jokalari faltako ditu-eta Realak: Xabi Prieto eta Karpin. Errusiarra denboraldiko unerik gozoenean zegoen, eta derbia bezalako partidetan ematen du bere onena. Entrenatzaileak ez du bere asmoen berri eman, baina litekeena da Urangak eskuin hegalean jokatzea eta erdian Alonso eta Gabilondo aritzea. Mladenovicek hartuko luke euskarri postua. Barkero da hamaikakoan sartzeko beste hautagaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.