«Eztabaida zentzugabea da Nihat eta Darkorena. Ahaztea da hoberena. Denok dakigu Nihat oso garrantzitsua dela, baina berak ere huts egiten du. Hamar partida eman zituen golik sartu gabe», esan zuen atzo Karpinek, ohi duen bezala, ahoan bilorik gabe. Harrobian konfiantza gehiago izateko eskatu zuen: «Seguru gazteek bihar gaur bi gol sartzen badituzte ez dugula inoren falta sumatuko. Sevillaren kontra Kovacevicek sartu zuen, eta Nihat ez zuen inork faltan bota. Eta Kovacevicek ez badu asmatzen, Kodroren falta sumatzen hasi behar al dugu?».Amorrorturi egin zioten lehen galdera ere horri buruzkoa izan zen. «Nihat eta Kovacevic ez egoteak ez da gehien kezkatzen nauena». Azkenaldiko eskema bera erabiliko duela eman zuen aditzera entrenatzaileak, «aldatzeko arrazoirik» ez dagoela argudiatuta. Aitortu ez bazuen ere, astindu handia eman beharko dio buruari entrenatzaileak aurrealdea osatzeko. Aukera logikoena De Paula Kovacevicen ordez sartzea litzateke, eta gainontzean ezer ez aldatzea. Zalantza asko dago oraindik, ordea, durangarraren egoera fisikoaren inguruan, eta inork ez daki hasieratik jokatuz gero nola erantzungo duen. Titular izan den partida bakarrean, Levanteren kontra, ez zuen maila onik eman. Orkatilako lesioa erabat gainditu du, ustez behintzat; hala baieztatu zuen Amorrortuk, hasieratik jokatzeko moduan ikusten duela. Beste irtenbiderik badu, dena den: Uranga aurrelari postuan jarri, Aranburu erdira pasa, eta ezker hegalean Barkero eta Gabilondo zelairatu. Mugikortasun handiagoa emango lioke hartara taldeari, Uranga beste tankera bateko aurrelaria da-eta, arinagoa.Atzealdean ere, garrantzi handiko erabakia hartu beharko du, Luiz Albertok partida bateko zigorra bete duelako jada, eta Brechet ere jokatzeko moduan delako. Bietako bat hautatu beharko du Amorrortuk, Labakaren parte-hartzea eztabaidaezina delako. Brechetek ondo jokatu zuen Atletico Madrilen kontra, baina batzuetan motel samar ibili zen, erritmo falta dela-eta. Zaragozako aurrelarien azkartasuna aintzat hartuta, badirudi Luiz Albertok berme handiagoa eskaintzen duela. Arazoa zera da, erritmoa hartzeko, frantziarrak partidak behar dituela, baina, aldi berean, brasildarrak ez duela merezi hamaikakotik at geratzea.
Rossatori txartela kendu dio Lehiaketa Batzordeak
Atzo arte, argitu gabe zegoen beste postua atzealdeko ezker hegala zen. Rossatori txartel gorria atera zioten Atletico Madrilen kontra, baina Lehiaketa Batzordeak atzo arratsean kentzea erabaki zuen, Realak jarritako helegitea aztertu ondoren. Partidaren bideoan argi eta garbi ikusten zen brasildarrak falta ere ez zuela egin, eta horregatik zuen klubak zigorra baliogabetuko zutenaren esperantza. Rossatok jokatuko du, beraz, ezker hegalean. Lehiaketa Batzordearen erabaki horren faltan, Gabilondo eta Larrea ere deialdian sartu zituen Amorrortuk.
-
REALEKO JOKALARI OHIA, AURKARI
Agustin Aranzabal, Zaragozaren hamaikakoan
Gaurkoa egun berezia izango da Agustin Aranzabalentzat. Bergararrak makina bat partida jokatu ditu Anoetan, baina oraingo honetan, ez du Realaren elastikoa soinean eramango, Zaragozarena baizik. «Arraro» sentituko dela aitortu du, eta ez da gutxiagorako. Zaleei ere arrotz egingo zaie bi denboralditan Realeko kapitaina izan dena bihotzean daraman taldearen kontra jokatzen ikustea. Atzeko atetik utzi zuen kluba Aranzabalek, buruarin batzuen txistuekin minduta. Agur samina izan zuen, eta merezi du orduan jaso ezin izan zuen txalo zaparrada gaur jasotzea. Zorte handirik ez du izan orain arte Zaragozan, partida gutxi jokatu ditu eta ez du jarraipenik izatea lortu, baina azken bi partidetan titularra izan da, Delio Toledoren lesioa dela-eta. Litekeena da gaur ere hamaikakoan egotea.