FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Ezustekoari ezustekoa

Iñaki Muñozen tokia hartuko du gaur Pablo Garciak Osasunan; Milosevic deialdian sartu da

2005eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Iragan sasoian estutasun handiak igaro eta gero, denboraldi honetan ezustekoa eman du Espanyolek: Miguel Anjel Lotinak zuzendutako taldea Txapeldunen Ligako postuetan izan da hainbat jardunalditan orain ere bai, eta talde sendoaren itxura eman dute katalanek Liga hasiz gerotik. Osasunak, dena den, hiru puntu gutxiago soilik ditu, eta Javier Aguirreren taldeak ezustean harrapatu nahi ditu gaur Lotinaren jokalariak. Entrenatzaile mexikarrak aldaketa bakarra egingo du hasierako hamaikakoan: Pablo Garcia hamaikakora itzuliko da azken partidan zigortua zegoen, Iñaki Muñozen kaltean. Savo Milosevic deialdian sartu zuen Aguirrek, baina aurrelari serbiarrak ez du hasieratik jokatuko.

«Ligako ezustekoa Espanyolek eman du, eta zuhurtzia handiarekin jokatu beharko dugu haren etxean. Kalitatea dute, oso gol gutxi sartzen ari zaizkie, eta etxean partida bakarra galdu dute orain artean. Gu etxetik at ez gabiltza oso txukun, eta behingoz Sadarretik urrun ateari hutsean eustea oso garrantzitsua litzateke», esan zuen atzo Javier Aguirrek, Lotinaren taldeari dion begirunea agerian utziz. Bartzelonan irabaziz gero Espanyolek adina puntu izango dituztela gogoratu ziotenean, ordea, argibideak eman behar izan zituen entrenatzaile mexikarrak: «Espanyolek Ligako ezustekoa eman duela esaten dudanean, iragan sasoian mailari eusteko izan zituzten arazoak ezin dira ahaztu. Jokalari gazte batzuen fitxaketekin asmatu egin dute, eta Miguel Anjel Lotina fitxatzea ere oso garrantzitsua izan da, entrenatzaile aparta baita. Halere, jende gutxik iragar zezakeen hain ondo ibiliko zirela, iazkoa ikusita. Horregatik diot ezustekoa eman dutela», adierazi zuen gorritxoen entrenatzaileak.Azaroaren 17an Serbiako selekzioarekin Belgikan jokaturiko partida batean min hartu zuenetik, Savo Milosevicek ez du minutu bakar batean ere jokatu Osasunarekin. Gaur, ordezkoen aulkian izango da aurrelari beteranoa, talde ohiaren aurka zenbait minutuz jokatzeko itxaropenarekin. «Milosevic ondo dago, fisikoki 90 minutuak jokatzeko moduan ez, baina ondo ikusten dut», esan zuen atzo Javier Aguirrek Milosevicen inguruan. Horregatik, ordezkoen aulkian eseriko da hasieratik. Serbiarraz gain, Izquierdo eta Aloisi ere min hartuta zeuden Eguberrietako oporren aurretik, eta aste honetan ia normal entrenatu badira ere, deialditik at utzi ditu Aguirrek biak: «Deialdian sartzeko moduan dira jada, baina behar bezala osatzeko atseden ematea erabaki dut», arrazoitu zuen Aguirrek erabakia.Gabonetan atseden egun gehien izan duen Lehen Mailako taldea izan da Osasuna, Bartzelonarekin batera, baina Javier Aguirre ez dago horregatik kezkatuta: «Sasoiz oso ondo itzuli dira jokalariak oporretatik; agindutako lan guztia egin dute, eta Montjuicen partida ona egiten ez badugu, sasoiz ongi ez gaudelako ez da izango, hori seguru», esan zuen atzo entrenatzaile mexikarrak.Osasunak ez du inoiz galdu Montjuicen, eta bolada onean jarraitzeko asmoz zelairatuko dira nafarrak gaur arratsaldean Lluis Companys futbol zelaira.

-

ESPANYOL



Serrano eta Tamudoren zigorra, bertan behera



Esquinas Torres epaileak egotzi egin zituen Espanyoleko jokalari Tamudo eta Serrano abenduan, katalanek Valentziaren aurka jokaturiko azken Liga jardunaldian. Osasunaren aurka ezingo zutela jokatu uste zen, Lehiaketa Batzordeak baieztatu egin baitzuen zigorra. Halere, Apelazio Batzordeak behin- behineko baimena eman die bi jokalariei, eta Miguel Anjel Lotinak biak zelairatu ahal izango ditu gaur. Entrenatzaile meñakarrarentzat albiste ona da, zalantzarik gabe, Dani min hartua duenez aurrelari petorik gabe egin beharko baitzion aurre Osasunari bestela. Orain, Tamudo hasieratik zelairatuko du. Osasunarentzat, ordea, ez da albiste ona. Javier Aguirrek ez zuen albiste horren inguruan ezer esan nahi izan atzo, baina azkenean aurkariak jokalari onenak prest izatea gustatzen zaiola adierazi zuen: «Horrek motibatu egingo baititu nire jokalariak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.