Azken denboraldietan sufrimenduarekin lotura estua izan du Anoetako ikusleak. Ohituraren poderioz, ikasi du horrekin bizitzen, eta bere egin du igandeetako sufrikarioa. Futbola ikuspegi horrekin ulertzera egokitu da. Horregatik, nahastuta dago orain zalea, aspaldian ez bezala, jakin bai baitaki Reala salbatuta dagoela, matematikoki ez bada ere. Eskemak apurtu dizkiote, eta ez daki nolako aldartearekin joan Anoetara, sufrimendua, behintzat, pizgarri zelako. Hutsune hori gauza bakarrarekin bete dezake taldeak: joko onarekin eta ikuskizunarekin. Eta horretan ahaleginduko da hemendik aurrera, gaur Deportivoren kontra jokatuko duen partidatik hasita.
Amorrortuk berak onartu du Realak hobeto jokatzea gustatuko litzaiokeela, eta helburu hori finkatu dutela: «Ez da erraza, baina hori erdiesteko borrokan ari gara. Talde guztiak galtzearen beldur dira, nabarmen, eta inork ez du arriskatzen. Galtzea zama handiegia da, eta agian futbolak ez du jendearen nahia asetzen». Galtzeak dakarren pisu hori arinagoa da Realaren kasuan, jokoan ezer gutxi duelako. Denboraldi osoan partida bakarra irabazi du eroso etxean, Osasunaren kontrakoa, eta ez du lortu norgehiagoka biribilik egitea. Anoetako zaleek merezi dute gozaturen bat.
Athleticen kontrako porrotak utzitako ahogozo txarra ere kendu nahiko dute txuri-urdinek. Zenbait unetan, kasta falta izan zitzaion Realari, partidan sartuago egotea, eta gora ausardiaz egiteko kemena. Gaur, Karpinen laguntza izango du dohain horiek guztiak berreskuratzeko, hamaikakora itzuliko baita, zigorra bete ostean. Zelai erdian jokatuko du, eta Mladenovic aulkira itzuliko da.
Gainerako postuetan bada zalantzarik, atzealdetik hasita. Garrido kili-kolo ibili da aste honetan, atzo normal entrenatu bazen ere. Batzuentzat atseden ematea litzateke logikona, gaztea delako eta partida mordoa jokatu duelako sasoi honetan. Amorrortuk, ordea, jokalariak esperientzia hartzen jarraitzea nahi du, eta hamaikakoan jarriko du bihar, oinazerik ez badu. Eskuin hegalean ere ikusteko dago nork jokatuko duen. Zubiaurrek beti bezala kunplitu du defentsan atzean, baina litekeena da gaur Rekartek bere postua hartzea. Kritikak kritika, arrasatearrak beti ematen dio beste tankera bat taldeari erasoan.Zelai erdian Gabilondo eta Barkeroren artekoa da lehia. Gabilondo bikain moldatu zen Osasunaren kontrako bigarren zatian, punta erdian. Athleticen kontra, ordea, ez zuen orduko mailarik eman, taldeak eman ez zuen bezala. Barkerok, ordea, ez du oraindik hasieratik jokatzeko aukerarik izan, horretarako merituak egiten ari bada ere. Bi gol egin ditu aulkitik zelairatuta, eta beti saiatzen da ausart ezker hegaletik sakontzen eta arriskua sortzen. Barkero titular bada, Aranburuk erditik jokatuko du. Eskuinean Uranga arituko da, Prieto min hartuta baitago oraindik.
Krisiak krisi, arriskutsu
Azken urteetan, Deportivo eta polemika besoz beso joan dira askotan. Eta Iruretak, gogoz kontra, bere burua zurrunbiloaren erdian ikustera ohitu behar izan du, Djalminhak entrenamendu batean burukada eman zionean bezala. Zerbaitegatik da Irureta Espainiako Ligan entrenatzaile gisa partida gehien dituena, eta zerbaitegatik daramatza zazpi denboraldi Deportivon, aldagela gaiztoan.
Sasoi honetan ere izan da polemikarik: Pandianik, Birminghamen utzita jokatzen ari den aurrelariak, titularra den jokalariren bat entrenamenduetara edanda joaten dela salatu zuen. Depor apur bat ezagutzen duen edonork daki Diego Tristani buruz ari zela. Tristanek berak ere hautsak harrotu ditu, min hartuta egonda, Sevillara joan delako osatzera (Apirileko feria ospatzen ari dira han).Iruretak, ordea, berean jarraitzen du, lanean, eta pixkanaka ari da taldeak denboraldi hasieran eginiko lan kaskarra zuzentzen. Txapeldunen Ligatik kanporatu zuten berehala, eta partida asko eman zituen taula erditik behera, batez ere fitxaketarik ez zuelako egin udan. Bigarren itzulian, halere, asko egin du hobera, batez ere etxetik kanpo (puntu gehiago lortu ditu Riazorretik at), eta Europa hiru puntura dauka. Atzealdean sendotasuna berreskuratu du Coloccinirekin, eta kontraerasoan edonor menderatzeko gai da. Emaitzen arabera jarraituko du Iruretak Deportivon hurrengo sasoian. Gaur hasten da bere erronka.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Gozatzera, ahal dela
Etxean bosgarren garaipena lor dezake jarraian Realak Deportivoren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu