Astean zehar Zubietako prentsa aretoan gehien errepikatutako galdera: «Getaferen aurkako porrota kontzentrazio faltaren ondorio izan zen?». Erantzuna ere, berbera jokalari gehienek, entrenatzaileak barne: «Ez genuen lasaikeriagatik galdu». Begi bistakoa da joan den igandeko partida, ezer ez erabaki arren, min egiten duten horietakoa izan zela, taldeak eman zuen itxuragatik: jokoari zein jarrerari dagokionean, partida kaskarra jokatu zuen. Oso bestelako irudia ematera derrigortuta dago gaur Malagaren kontra, etxean jokatzen duelako, eta, galdu edo irabazi, Anoetako jarraitzaileek ez dutelako merezi Getaferen kontrakoaren moduko partida ikustea.
Uste baino gehiago dago jokoan geratzen diren hiru partidatan. Gainditu behar izan dituen zailtasunak kontutan hartuta, denboraldi ona egin du Realak, itxurosoa. Baina oker handiegia litzateke urte guztian eginiko lana azken txanpan itsusitzea. Salbazioa ziurtatuta dagoenetik, ilusioa da gehien aipatu duten hitza. Alegia, aukera polita duela taldeak jarraitzaileak bereganatzeko, sufrimendua alde batera utzi eta gozarazteko. Oraingoz lortu ez duenez, garrantzi handia daukate etxean jokatzeko geratzen zaizkion bi partidek. Denboraldia behar bezala bukatu behar du, eta ahal bada, zaleei konfiantza merezi duela erakutsi.Garrido eta Kovacevicen hutsuneak izango ditu Realak. Biek ala biek ez dute gehiago jokatuko aurten, eta Rossatok eta De Paulak ordezkatuko dituzte. Brasildarrak 2007. urtea arte dauka kontratua Realarekin, baina ez du espero zen maila erakutsi, eta, Donostiako egunkari batek argitaratutakoaren arabera, klubak saldu egin nahi du. Mladenovicen etorkizuna ere ez dago batere argi. Jarraikortasunik ez du izan, eta min hartuta ibili da azken boladan. Osatu da, eta jokatzeko aukera izango du gaur: «Azken hiru partidak oso garrantzitsuak dira niretzat. Hemen geratzea gustatuko litzaidake, baina erabakia ez dago nire esku», esan du.Serbiarrarena ez da izango aldaketa bakarra. Entrenatzailea ez dago gustura taldeak Getafen eginiko partidarekin, eta orduko froga eta saioak alde batera utz ditzake gaur, etxean jokatzea ez baita gauza bera. Karpinek hasieratik jokatuko du ziurrenik, eta atzealdean ere aldaketak egongo dira, Rekartek bosgarren txartela ikusi baitzuen azken partidan; Zubiaurrek hartuko du bere tokia. Erdian dago zalantza handiena; hiru hautagai daude bi postu betetzeko: Labaka, Brechet, eta Luiz Alberto. Halaber, Agirretxe deialdian sartu du Amorrortuk, beste behin ere. Zorte handirik ez zuen izan igandeko estreinakoan, baina gaur aukera izan dezake jarraitzaileen aurrean lehen aldiz jokatu eta ordaina hartzeko.
Malaga, behetik gora
Bigarren itzulia hastean egoera kritikoan zegoen Malaga. Jaitsiera saihestezina zirudien, eta Gregorio Manzano kaleratu zuen zuzendaritzak. Haren ordezkoak, Antonio Tapiak, erabat itxuraldatu zuen taldea, eta bolada ederra harrapatu zuen, sei partidetatik bost irabaziz. Atzealdean askoz sendoagoa da Malaga orain, eta aurrealdean arriskutsuagoa da, Fernando Baiano, neguan fitxatutako brasildarrari esker gehienbat. Estrategia jokaldietan oso arriskutsua da Malaga, Ligako jaurtitzaile trebeenetakoa baitu: Duda. Errebantxa gogoz etorriko da, gainera, joanekoan 1-5 galdu baitzuen Realaren aurka.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Helburua, duin bukatzea
Getaferen kontra emandako itxura garbitu nahi du Realak gaur Malagaren kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu