FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Indartsuekin bezala

Tikoren arabera, «teorian aurkari indartsuagoak direnen aurka jartzen den asmo handi berarekin jokatzea izango da Murtziari irabazteko gakoa»; Lacruz eta Guerrero deialditik kanpo geratu dira

Erredakzioa
2003ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Roberto Martinez Tiko Athleticeko erdilariak badu Murtziari bihar irabazteko errezeta: «teorian talde indartsuagoen aurka jokatzean dugun asmo handi bera izatea». Erdilari nafarrak ez du zalantzarik, hori da Joaquin Peirok entrenatzen duen taldea mendean hartzeko era bakarra. «Asko dugu jokoan talde hauen aurka. Maila handiko aurkarien aurka badakizutaldea ondo ariko dela eta borroka egingo duela. Horrexegatik, kale ez egiteko gogo berezi bat bilatu behar dugu, eta Murtziari Realaren eta Real Madrilen garrantzi bera eman», azpimarratu zuen atzo Tikok prentsaurrekoan.

Athleticeko jokalariak aitortu zuen Mallorcari irabazi eta gero, «aste lasaiagoa» izan dutela, eta Murtziari aurre egiteko gogo berezi hori «zelaian» erakutsi behar dela, ez «prentsaurreko batean». «Hori guztia lehia bakoitzean erakutsi behar da. Pauso hori ematen saiatuko gara, eta asmo handiko jokalariak garela erakutsi, ez prentsaurrekoetan soilik, baita zelaian ere», esan zuen.

Partida deserosoa

Tikoren ustez, «partida deserosoa izango da Murtziaren aurkakoa, oraindik ez duelako irabazi. Joko ona egin eta emaitza ona lortzeko helburu garbiarekin irtengo dira zelaira. Hasieran gure zelaian sartu nahiko gaituzte. Ondo kokatuta atera beharko gara eta talde gisa lan egin. Hasieran ondo defendatu beharko dugu eta jarraian partidaren erritmoa zehaztu. Hortxe erakutsiko du taldeak zein maila duen. Partida gurea izango da eta irabazi egingo dugu. Ziur naiz».

Erdi-punta lanetan gustura dagoen galdetu ziotenean, Tikok aitortu zuen «oso gustura» dagoela, «Gurpegiri laguntzen eta aurrelariei ahal duen pase onenak ematen». Nafarrak, hala ere, argi utzi nahi izan zuen ez dela «postu horren jabe» ikusten. «Urtean zehar Valverdek agian postuz aldatuko nau eta hor beste jokalari batzuk jarri. Denboraldia oso luzea da eta zaila da jokalari batek partida guztiak jokatzea. Ilusioa mantendu behar dugu oraingoz kanpoan dauden jokalariengan, denboraldian zehar oso garrantzitsuak izango baitira».

Santi Ezkerrok ere hitz egin zuen kazetarien aurrean. Errioxarrak esan zuen une hauetan axola zaion gauza bakarra taldeak «maila ona» ematea dela, eta ez berak golak egiten dituen edo ez. «Ez nau itsutzen golak egiteak. Berdin dit, benetan. Taldeak eman dezakeen irudiak kezkatzen nau gehiago», adierazi zuen.

Zein postutan jokatzea nahiago duen galdetuta, Ezkerrok argi eta garbi hitz egin zuen. «Edonon jokatzeko prest nago, baina egia da erdirago jokatzea nahiago dudala. Beti da garrantzitsua entrenatzaileak partidak ematea. Athletic bezalako talde lehiakor batean entrenatzaileak nigan konfiantza izatea oso garrantzitsua da, konfiantza eta segurtasuna ematen baitu».>

Ernesto Valverdek emandako deialdiari dagokionez, bi hutsune nabari daude: Lacruz eta Guerrero. Atzelari nafarrak min du ezker belaunean eta Luis Prietok beteko du bere lekua hasierako hamaikakoan. Athleticeko kapitaina, berriz, bigarren aldiz geratu da Valverderen deialditik kanpo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.