FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Mamuak uxatzera

Osasunak ez du inoiz irabazi Deportivoren zelaian, eta bolada txarrarekin amaitu nahi dute nafarrek gaur Riazorrren

2004ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Osasunak ez du inoiz Lehen Mailako norgehiagoka bat irabazi Riazor futbol zelaian, eta bolada txar hori amaitzeko asmoz abiatu ziren atzo gorritxoak Coruña aldera. Javier Aguirre entrenatzaileak bi aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan, eta lehendabiziko aldiz Savo Milosevic eta John Aloisi elkarrekin ariko dira nafarren aurrealdean.

«Oso partida zaila da, zerbait positiboa lortuz gero ere 90 minutuetan sufritzea egokituko zaigu, eta irabazi ahal izateko lehendabiziko minututik arreta itzelarekin jokatzea ezinbestekoa izango da. Lehen jardunaldian Athleticen aurka bezala zelairatuz gero, Deportivok ez du barkatuko», adierazi zuen atzo Aguirrek Taxoaren asteko azken entrenamendua burutu ostean. Deportivok ez du kasik fitxaketarik egin uda honetan, eta, batzuek Jabo Iruretaren taldearen gainbehera has daitekeela badiote ere, Aguirrek laudorioak besterik ez zuen izan galiziarrentzat: «Txapeldunen Liga ez beste guztia irabazi du Deportivok azken urteetan, eta une honetan Liga irabazteko Real Madrilek edo Bartzelonak baino aukera gutxixeago izan ditzakeela dirudien arren, ni ez nintzateke fidatuko», esan zuen entrenatzaile mexikarrak.Denboraldiko lehen lehian Sadarren Athletici aurre egiteko zelairatutako hamaikakoarekin alderatuz gero, bi berritasun izango ditu gaur gorritxoen hasierako hamaikakoak: zigortuta dagoen Josetxoren hutsunea Cuellarrek beteko du, eta aurrealdean Webok Aloisiri utziko dio tokia. Krutxagaren ondoan jokatzeko arazorik ez duela argi utzi zuen Cuellarrek Athleticen aurkako derbiaren bigarren zatian, baina aurrealdeko aldaketak ikusmin handiagoa sortu du. Denboraldi honetako fitxaketarik sonatuena da Savo Milosevic, eta aurrelari serbiarrak gol asko egitea espero dute osasunazaleek lehen jardunaldian lortu zuen aurreneko gola Osasunarekin. Aloisi, bestalde, azken hiru sasoietako golegilerik onena izan da, eta Australiako Selekzioarekin hiru gol lortu zituen Olinpiar Jokoetan bost partidatan. Antzeko ezaugarriak dituzten arren, elkarren ondoan zer moduz moldatzen diren ikusi nahi du Javier Aguirrek, eta entrenatzaile mexikarra konbentzitzeko lehen aukera gaur bertan izango dute.

2003-2004 denboraldiko azkenaurreko jardunaldian Riazorren jokatu zuen Savo Milosevicek Celta talde ohiarekin. Galiziarren artean mesederik izan zitekeela susmatzen zuten askok, baina ezer jokoan ez zuen Deportivok hiru gol sartu zizkion Celtari, eta Bigarren Mailan utzi kasik. Deportivoko zaleen irainak eta barre algarak jasan behar izan zituen Milosevicek, bere taldekide ohienekin batera. Ostiralean partida hura gogoratu ostean, Milosevic haserretu egin zen: «Nondik ateratzen dituzue beti galdera ezkor horiek? Jaitsi egin ginen, egun tristea izan zen», erantzun zigun, haserre, mendeku goserik ba ote zuen galdetu genionean. Iragan maiatzekoa ez du ahaztuta serbiarrak.

JUANMA ORTIZ -OSASUNAKO JOKALARIA

«Estatistikak apurtzeko daude; Riazorrera irabaztera goaz»



A. L. - IRUÑEA

Juanma Ortiz iritsi berria da, baina Aguirrek hasieratik erakutsi du harenganako fedea. Atletico Madriletik minutu bila aldegin ostean, pozik da Ortiz, baina oraindik asko hobetu beharra duela onartu du eskuin hegaleko erdilari gazteak.

Zer-nolako sentipenekin zoaz Coruñara?

Riazor zelai zaila da, eta Deportivo talde itzela, baina gu ere ondo gaudela uste dut, eta helburua hiru puntuak eskuratzen ahalegintzea da.

Deportivo Ligako talde handienen pare badela uste duzu ala Irureta-ren garaia amaitzen ari dela uste duzu?

Ez, ez, oso talde lehiakorra dute, postu bakoitzeko bi jokalari ditu Iruretak, bata bestea bezain ona. Uda honetan fitxaketarik egin ez izanaren arrazoia horixe da.

Eta zu zeu gustura al zaude Iruñera iritsi zinenetik?

Bai, benetan; lehen egunetik oso ondo hartu naute, talde barruan beste bat gehiago sentitzen naiz. Ahal den neurrian taldeari laguntzea da nire helburua.

Gehiago eskatzerik ez da; iritsi eta berehala, hasierako hamaikakoan zaude.

Bai, oso pozik nago; entrenatzaileak nigan fedea duela erakutsi du, eta orain niri dagokit entrenatzailea tronpatuta ez dagoela erakustea.

Riazorreko partidaren gakoa non egon daitekeela uste duzu?

Defentsan sendo egotea ezinbestekoa izango da, eta erasoko aukeretan baloia abiadura handiz mugitzea da gakoa. Deportivoren gauzarik onena defentsa da, nire ustez; Mauro Silva jokalari itzela da, eta defentsa lan hori deuseztatzeko abiadura da lagunik onena.

Osasunak Riazorren inoiz ez duela irabazi esango zizuten honezkero, ala?

Bai, irakurri dut, baina badakizu, estatistikak hausteko izaten dira; irabaztera goaz gu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.