Urtarrilean eta otsailean Ligan garaipen bakar bat ere ez zuen lortu Osasunak, eta martxoan ere bide beretik joatea nahi ez badute gaur arratsaldean Ciutat de Valencia futbol zelaian irabaztera behartuta daude Javier Aguirreren mutilak. Datorren asteburuan Vila-realen aurka Sadarren jokatu beharreko norgehiagoka bertan behera geratu da valentziarrek UEFAn izan arazoengatik. UEFAko kanporaketaren bi partidak datorren astean jokatu behar ditu Vila-realek orain, eta Ligan Sadarren zuen hitzordua atzeratu beharrean izan dira. Martxoko azken asteburuan selekzioen partidak daudenez, Ligak etenaldia du, eta ondorioz, gaur arratsaldekoa da martxoan garaipen bat lortzeko aukera bakarra Osasunarentzat.
Hiru hilabete garaipenik lortu gabe benetan gauza kezkagarria litzateke, eta partida bat gutxiago jokatu arren, apirilaren 2an Anoetako berdegunera zelairatu aurretik, jaitsiera postuak puntu bakar batera izan ditzake Osasunak. Gaur arratsaldekoa oso norgehiagoka garrantzitsua zen bestela ere, baina azken egunetako gorabeheren ostean, are eta garrantzitsuagoa bilakatu da Bernd Schusterren taldearen aurka kalerik ez egitea.
Berriz ere, «sei puntu» jokoan
«Levanteren aurkakoa sei puntuko beste partida bat da», esan zuen Aguirrek asteartean. Malagaren aurka 1-6 galdu ostean ere erabili zuen sei puntuen hitz jokoa: Albaceten jokatu behar zuen Osasunak orduan. Halere, aukera guztietan pentsatzen hasi behar da jada, eta ezin da ahaztu Levantek 0-1 irabazi zuela Sadarren lehen itzulian. Bi taldeen arteko gol aldea ere garrantzitsua izan daiteke, sasoi amaiera estua iragarri baitaiteke. Une honetan behintzat, ia zenbaki berdinak dituzte Levantek eta Osasunak. Bernd Schusterren taldea hamalaugarren postuan da sailkapenean, eta Osasuna hamabosgarrena. 31na puntu dituzte bi taldeek, 8na garaipen, 7na berdinketa eta 12na porrot izan dituztelarik Liga hasiz gerotik. Osasunak gol gehiago egiten ditu (35 gol egin dituzte nafarrek lehen 27 jardunalditan eta Levantek 29 besterik ez), baina jaso ere Levantek baino gol gehiago jaso ditu Iruñeko taldeak (47 Osasunak, 40 Levantek). Lehen itzulian Sadarren jokatu zutenean, sasoi hasierako ezusteko nagusia zen Levante, eta Osasuna ere ustekabe dotoreak eskaintzen ari zen garai hartan. Itzuli bat geroago, ordea, Schusterrek zein Aguirrek estutasunak zer diren ikasi dute. Jaitsiera postuetatik zazpi puntura daude gaur egun, baina hemendik aurrera egindako hankasartzeak larrutik ordain ditzaketela badakite bi taldeetako kideek.
«Biharkoa egun garrantzitsua izango da Osasunarentzat, konbentzituta nago, denek lagundu nahi dute, baita min hartuta dauden jokalariek ere, eta horrek baikor izatera bultzatzen nau», esan zuen atzo Javier Aguirrek Taxoaren asteko azken lan saioa burutu ostean. Irribarretsu eta umoreko azaldu zen mexikarra eta galtzea hipotesi gisa ere ez zuen onartu Osasunako entrenatzaileak. «Seguru nago bihar gol bat jaso arren taldeak ez duela amore emango, kontzentrazio handiz ariko gara, eta hori ezinbestekoa da», adierazi zuen mexikarrak.Aguirrek bi aldaketa iragarri zituen gaur arratsaldeko norgehiagokarako. Atzealdearen ezker hegalean aldaketa egitera behartuta zegoen mexikarra Claveroren lesioaren ostean, eta aspaldiko partez Corrales gazteak hasieratik jokatzeko aukera izango du gaur. Beste aldaketa aurrealdean egingo du Aguirrek: John Aloisiren ordez Pierre Webo kamerundarra ariko da bigarren aurrelariaren postuan, Richard Moralesen atzetik.Bernd Schusterrek ere bi aldaketa iragarri ditu, eta alemaniarrak ere behartuta egin du aldaketetako bat: Ettien erdilari indartsua min hartuta dago, eta Juanma ariko da haren ordez. Sadarren lehen itzulian eragin zizkion arazoak ikusita, Osasunaren atzealdearentzat ez da albiste txarra Ettienen hutsunea. Schusterren esanetan, «bere jokatzeko eragatik eta bere egoeragatik da arriskutsua Osasuna».
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Martxoko azken aukera
Hamaikagarren aukeran, 2005eko lehen garaipena lortu nahi dute Osasunako jokalariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu