FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. MIKEL ARTETA. REALEKO JOKALARIA. «Gehiegi eztabaidatu da nire kokapenaren inguruan»

Xabier Lopetegi.
2004ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Zenbait komunikabidetan irakurri eta entzun dituenarekin minduta antzematen zaio Mikel Artetari. Bere ustetan, gehiegi eta, kasu batzuetan, «ezer jakin gabe» hitz egin dute zelaian izan behar duen kokapenaz.

Zer gertatzen zaio Realari?

Gehiago elkar ezagutzea falta zaigu, eta partida bat irabaztea, konfiantza hartzeko. Ez diogu buelta gehiegi eman behar taldearen egoerari.

Racingen aurka ezinean ibili zineten.

Gola kolpe handia izan zen, baina taldeak neurketa irabazteko aukerak izan zituen. Ditugun aukerak ez ditugu aprobetxatzen, eta asko sufritzen ari gara horregatik.

Partida aulkitik ikusteak harritu al zintuen?

Niretzat gauza berria da, ez zait inoiz horrelakorik gertatu. Baina ez zaio garrantzirik eman behar. Entrenatzaileak hoberena zela pentsatzen zuelako hartu zuen erabaki hori, eta kito.

Amorrortuk aldaketa asko egin zituen. Seinale txarra da hori?

Entrenatzaileak hala erabaki zuen, eta hori errespetatu egin behar da. Bera konponbide egokienen bila ari da, beste jokalariekin ere ez dugulako emaitza onik lortu. Gaizki atera zela esango dute orain, galdu genuelako, baina balorazioak oso desberdinak izango ziratekeen irabazi izan bagenu.

Taldea sailkapeneko putzuan dago. Zer moduz zaudete jokalariak?

Jendea kezkatuta dago, eta ondo asko daki egoerari buelta eman behar zaiola lehenbailehen, okerrera egin ez dezan. Izan ere, oso zaila da jokatzea behean egoteak sortzen duen presioarekin. Halere, gogotsu gabiltza, Liga hasi besterik ez delako egin. Iaz, adibidez, Realak 15 puntu baino ez zituen eskuratu lehen 17 jardunaldietan, eta gero suspertzea lortu zuen. Ezin gara ezkorregiak izan.

Zein da Realaren helburua aurten?

Helburua hurrengo partida da, hori argi eta garbi izan behar dugu. Ezin gara kontuak ateratzen hasi. Hiru puntuak lortu behar ditu derrigor, lasaiago egoteko, orduan errazagoa izango baita bakoitzak bere maila ematea.

Asko hitz egin da zelaiko zure kokapen egokienaren gainean. Non aritzen zara gusturago?

Ez dut horren inguruan ezer esan nahi, iruditzen zaidalako batzuk ezer jakin gabe hitz egiten ari direla. Ondo aritzen naizenean, orduan haiek kokapen egokiena aurkitu dutelako izango da. Beraz, berdin du nik zer esaten dudan. Entrenatzaileak esaten didan tokian jokatuko dut, eta daukadan onena ematen ahaleginduko naiz beti.

Valentziako partida ondoren egin zenituen adierazpenak zalapartahandi samarra sortu zuten.

Uste dut nik esandakoa gaizki interpretatu zutela. Aurrerantzean, nire adierazpenak motzak eta zehatzak izango dira.

Presioa sumatzen ari zara?

Nire fitxaketak ikusmina sortu du. Halere, egon naizen toki guztietan beti izan dut presioa.

Askok pentsatzen dute zuk izan behar duzula Realeko liderra. Zeure burua horretarako gai ikusten al duzu?

Jokalari bakoitzak, bere ikuspegitik, duen onena ematen ahalegindu behar du. Taldeak, aurrera egitekotan, ez du egingo jokalari bat edo biren lanagatik, baizik eta hamaika jokalarien lanagatik. Eta talde gisa arituta, irabaztea lortuko dugu. Berdin du zeinena den protagonismoa.

Orain arte defentsa izan da taldeko lerro kritikatuena. Merezitakoak dira kritikak?

Ez da zilegi atea hutsean ez mantentzearen errua defentsari leporatzea. Erasoa atzetik hasten da, eta, modu berean, defentsa aurretik. Hortaz, lau partidatan bi gol baino ez ditugula sartu ere kritikatu beharko litzateke. Begi-bistakoa da defentsan sendo egonda asko dugula irabazita, baina lan horretan guztiok lagundu behar dugu. Joan den urtean, Realak 28 gol jaso zituen abendua bitartean, eta behean zeuden hiru taldeak gol gehien jaso zituztenak ziren. Hori ez da kasualitate hutsa.

Zer espero duzu Sevillaren kontrako partidaz?

Zaila izango da. Kalitatean eta erregulartasunean jauzi handia eman dute azken urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.