FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Nekeza

Murillo eta Urzaiz min hartuta daude eta ez dira ariko; Yeste zigortuta dago, eta litekeena da Valverdek txandatzeak egitea

haritz gallastegi
2005eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
«Aste gogorra eta garrantzitsua izango da», adierazi zuen Ernesto Valverdek atzo Lezamako prentsa aretoan. Gogorra, Valentziaren eta Valladoliden aurka etxetik kanpo jokatuko duelako Athleticek. Garrantzitsua, Ligan Europako postuetara asko gerturatu daitekeelako galduz gero, berriz, tarte handia zabalduko da, eta Espainiako Kopan sekula baino ilusio gehiago jarri duelako.

Ligako konpromisoa aurrera ateratzea ez da samurra izango. Athleticek hamazazpi denboraldi daramatza Mestallan irabazi barik, eta sarritan sekulako jipoiak ere hartu ditu. Hala ere, estatistikak apurtzeko daude eta besterik ezean, horri eutsi beharko dio Valverderen taldeak.Dena dela, oraingoan badu zeri eutsi. Valentzia ez dela azken denboraldietako talde garaiezina, besteak beste. Oraindik ere talde sendoa da, defentsa indartsua du eta baita erasoan arriskua handia sortzen duten jokalariak ere, baina Ranieriren taldeak ez du Benitezenak adina beldurtzen, txarragoa da. Vicenteren eta Ayalaren lesioek, eta Aimarren sasoi txarrak talde apalagoa bihurtu du Valentzia. Aurkaria azken urteotakoa ez izatea gutxi balitz, Athletic hazten ari den taldea dela ere aipatu beharra dago. Bizkaiko taldea gauza onenak eta txarrenak egiteko gai dela jakineko zen, baina azkenaldian gauza onak txarrak baino maizago egiten ditu. Talde helduagoa dela dirudi. Mestalla ez da zelai txarrena beste adibide bat emateko.

Hutsune garrantzitsuak

Etxetik kanpo ere min egin dezakeela erakutsi dute Valverderen mutilek. Defentsako lana indartuta eta Etxeberria eta Ezquerroren abiadura baliatuz, emaitza onak eskuratu ditu. Baikor egoteko arrazoiak egon arren, ezkor egotekoak ere badira. Batetik, baja garrantzitsuak izango dituelako. Murillo eta Urzaiz min hartuta daude, eta Yeste zigortuta. Ondorioz, Javi Gonzalezek eta Cesarrek hasieratik jokatzeko aukera izan dezakete. Bigarrenez, Kopako partida ere gertu dago. Partida erabakigarria da eta baliteke zenbait jokalarik burua Zorrillan izatea. Eta Valverdek? 21:00etan ikusiko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.