FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Ondo ibili

Valverdek azken partida jokatuko du gaur Athleticekin San Mameseko aulkian; Ezquerro eta Del Hornorentzat ere agurraren eguna da

haritz gallastegi
2005eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Egun berezia izango da gaurkoa Valverderentzat. Duela denboraldi bi Bartzelonaren aurka debuta egin zuenean, inork ez zekien zein maila eman zezakeen gasteiztarrak egiari zor, Zubizarretak konfiantza handia zuen Valverderengan. Galdu egin zuen bere debutean. Bartzelonak, merezi barik, 0-1 irabazi zuen. Urte bi geroago partida hark laburbil dezake Valverdek talde zuri-gorriarekin egin duena: gehiago merezi arren, saririk ez du izan.

Valverderen beharretik gauza bi nabarmendu behar dira: bata, jokalariekin lortu duen konplizitatea. Taldeko jokalari gehienek bat egin dute teknikariarekin jokatzen ez duten batzuek ere Athleticek izan dezakeen entrenatzailerik onena dela esan dute. Jokalariei entzun eta ulertzeko gai da Valverde, goitik-behera begiratu barik. Babes horrek, sekula baino gehiago batu du aldagela.Bigarrenez, zaleen artean sortu duen ilusioa nabarmendu behar da. Athleticzalea beroa da berez, baina aspaldiko urteetan ez du horrenbeste ilusio izan. San Mamesen jokatutako partida gehienetan ikuskizuna eman du taldeak; Osasuna eta Betisen aurkako ligako partidak ez dira berehala ahaztuko Bilbon. Zer esanik ez Espainiako Kopako finalerdietako itzulikoan San Mamesen bizi izan zena. Ahoko zuloan izan zuen finalerako txartela Athleticek, baina ezin izan zuen aurrera egin. Halere, ordutik are eta athleticzaleagoak dira jarraitzaileak. Ikaragarri polita izan zen gaua.Akatsak ere izan ditu Valverdek, duda barik. Entrenatzaile gaztearen akatsak. Aldaketak, jokalari batzuk larregi behartuko zituen beharbada, kanpoko partida eskasakÉ baina, oro har, nota ona atera du urte bitan. Denborak esango du gehiago egiteko taldea zuen ala ez.Halaber, Valverderen bide bera har dezakete Ezquerrok eta Del Hornok. Litekeena da Gallartakoa entrenatzailearen gainean esan diren kontu batzuekin ados ez egotea. Goi mailako jokalaria izan arren Athleticek noiz izango du Del Hornoren dohainak dituen beste ezker hegaleko bat?, ez du denboraldi ona egin. Erasoan jokatzeko aparta dela erakutsi du, baina zenbait kasutan ahaztu egin zaio atzelari batek izan behar duen lehen betebeharra: defendatzea. Gauza bategatik edo besteagatik ez du bere onena eman. Halere, munduan diru gehien duen klubak du begitan eta Athleticek diru premia dauka. Diruaren truke, kalitatea galduko du taldeak.Ezquerrok ere eginak ditu maletak badirudi erabakia hartuta dagoela, baina ez dutela ezer esango liga amaitu arte. Seguruenik lehen taldeko jokalarien artean hedabideon aldetik tratu txarrena hartu duen jokalaria izan da: odol hotzekoa dela, baloia hanketan duela gehiegi nahasten dela, ate aurrean ez duela asmatzenÉ sarritan egur dezente hartu du. Halere, bere zenbakiak hor daude. Athleticeko golegile onena da 19 golekin. Gainera, inor gutxik baloratu du bere lana. Euskarriekin batera korrika gehien egiten duen jokalaria da. Valverdek baloratu du, eta asko. Finean, azken denboraldi biotan talde zuri-gorriko protagonista nagusi izan diren hiru gizasemek utziko dute kluba. Hirurek merezi dute txalo zaparrada, hirurek. Hutsunea utziko dute.Agurraren egunean Numanciak bisitatuko du San Mames. Jada Bigarren Mailako taldea da, baina UEFA Kopan sartzeko duten aukera apurrei eusteko irabazi egin behar dio Athleticek. Arriaga, Murillo, Del Horno, Iraola eta Ezquerro hasierako hamaikakora itzuliko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.