Zaragoza taldea bikain hasi zen sasoi honetan, baina azken bost jardunaldietan ez du partida bakar bat irabazi, eta sailkapenaren atzealdera begiratzen hasiak dira Zaragoza aldean. Bolada kaskar horrek ekarritako puntu premiarekin zelairatuko dira gaur aragoiarrak Sadarren, baina Osasunak ere ezin du kale egin Sadarren. Etxetik at pattal ari da Osasuna, eta Javier Aguirrek badaki Sadarren erakutsitako sendotasunari esker partida bat berdindu, beste bat galdu eta bost irabazi dituzte orain artean Sadarren daudela dauden tokian. Horregatik, etxean kale ez egitea ezinbestekoa da, etxetik kanpoko estatistikak txukuntzen hasten ez diren bitartean. Zaragozaren beherakada ere horrelaxe iritsi da: etxetik kanpo eskas aritu arren, etxean partida guztiak irabazten hasi zen, azken boladan etxeko partidetan ere kale egiten hasi diren arte.
Nolanahi, Javier Aguirre ez da fidatzen Zaragozaren krisialdiarekin kirol arloko txakalaldiaz gain, diru sarien negoziazio liskartsuak izan dituzte jokalariek zuzendariekin, eta zaleek jokalarien portaera diruzalea gaitzetsi zuten Romaredan jokatu azken lehian. Osasunako entrenatzaile mexikarrak norgehiagoka orekatua espero du: «Gertutasunak eragindako lehiakortasun berezia dago Zaragoza eta Osasunaren artean, eta partida gogorra izango dela uste dut. Zaragozak azken bost partidetan ez du garaipen bakar bat ere lortu, eta irabaztera etorriko dira, baina guk ere galdu egin genuen azken jardunaldian eta ezin dugu kale egin Sadarren», esan zuen Aguirrek atzo.Mexikarraren esanetan, «Gabonetako oporraldiaren aurretik eginbeharrak egitea oso garrantzitsua litzateke; 20 puntu ditugu eta hiru partida jokatu behar ditugu Gabonak baino lehenago». Zaragoza eta Numancia Sadarren hartzeaz gain, Mallorcako Son Moix zelaira joan behar dute nafarrek Gabonetako oporraldiaren aurretik jokatu beharreko beste jardunaldian, etxean puntu gutxien lortu duen taldearen aurka jokatzeko, eta, Aguirreren ustez, etorkizunari begira oso neurketa garrantzitsuak izango dira horiek.Zaragoza eta Osasuna oso antzeko taldeak direla esan zuen Aguirrek: «Guk bezalaxe eurek ere defentsarako baino erraztasun handiagoa dute erasorako sasoi honetan. Gainera, Zaragozari ere gol inozoak sartu dizkiote; errazegi sartzen dizkigute golak bi taldeok: saihesteko moduko golak sartu dizkigute», esan zuen entrenatzaile mexikarrak.Akats inozoen harira, gaur arratsaldeko lehian halako deskuidoak ez dituela onartuko esan zuen mexikarrak: «Geldikako jokaldi taktikoetan deskuidoak izatea ez dut onartuko. Beste edozer gauza onar dezaket, baina jokaldi horietan huts egitea ez; derrigorrezkoa da hori berehala zuzentzea», esan zuen Aguirrek, aurreko jardunaldian Atletico Madrilen zelaian aurkariari eginiko opari ugariak ahaztu ezinda.
Bi aldaketa hasierako hamaikakoan
Zaragozari aurre egiteko erabiliko duen hamaikakoa ere erakutsi zuen Aguirrek atzo goizeko entrenamenduan. Azken jardunaldian Atletico Madrilen zelaian hasieratik zelairatu hamaikakoarekin alderatuz gero, bi aldaketa izango dira: Josetxo Cuellarren tokian ariko da, eta Puñal, Pablo Garciarenean. Josetxok zigorra bete zuen Vicente Calderonen, baina berehala itzuliko da hamaikakora, eta Puñalek Pablo Garciaren zigorra baliatuko du hasieratik jokatzeko. Pablo Garcia bezalaxe, Javier Aguirre ere zigortuta dago, eta harmailetatik jarraitu beharko du lehia. Sasoi honetan laugarren aldiz, Nacho Ambriz izango da Osasunaren arduradun nagusia berdegunean.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. OSASUNA. Kale egin ezin duten bi aurkari
Zaragozak ez du irabazi azken bost partidetan, eta Osasunak, etxetik kanpo hain pattal dabilen bitartean, etxean ezin du hutsik egin; 'Sadar gotorlekuak' bi taldeak epaituko ditu gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu