«Lastima da oraingo honetan Bakayokoren laguntzarik ez izatea», esan zuen Webok irribarretsu astelehenean. Txantxetan ari zen kamerundarra, baina aurreko sasoiko azken lehian Sanchez Pizjuanen gertatutakoa erabat ahaztuta ez dagoela aditzera eman zuten Osasunako aurrelariaren hitzek. Liskarrez jositako partida haren ondotik, Aloisik eta Aguirrek partida bateko zigorra jaso zuten, eta Moralesek, Alfredok eta Bakayokok launakoa.
Ahazteko moduko ikuskizuna eman zuten Sevillak eta Osasunak, eta bi talde hauen arteko harremanak ez dira berdinak harrezkero. Patxi Izko eta Jose Maria del Nido presidenteak giroa baretzen ahalegindu dira aste honetan, Sevillan jaiegunetan murgildurik daudela baliatuz. Weboren txantxa alde batera utzita, jokalariek esandakoak ere ez dira izan partida berotzeko, baina gauza jakina da Sevillako zaleek Osasuna gozo-gozo hartuko ez dutela. Txapeldunen Ligarako txartela ematen duten postuetan jarraitu nahi du Joaquin Caparrosen taldeak; Aguirrerenak, ordea, ezin du lo hartu: Racingi irabazi ostean jaitsiera postuak hamar puntura ditu Iruñeko taldeak, baina oraindik ez dago erabat salbu, eta hori lortu artean lanean jarraitu behar da.
«34 puntu ziztrin besterik ez dugu, eta puntu kopuru horrekin ez goaz inora», esan zuen atzo Javier Aguirrek, bere jokalariak akuilatzeko asmoz. Mexikarrak badaki Racingen aurka irabaztea aurrerapauso itzela izan zela mailari eusteko bidean, baina oraindik beste bizpahiru pauso eman beharrean da Osasuna helmugara iriste-ko.
Iñaki Muñozek hasieratik jokatuko du
Patxi Puñal zigortuta dago, txartel pilaketaren ondorioz, eta Uharteko erdilariaren hutsunea nork beteko zuen erabakitzea izan da Aguirreren buruhauste bakarra aste honetan. Joko sistema aldatu eta Aloisi bi aurrelarien atzetik kokatzea pentsatu zuen lehendabizi, baina atzo Iñaki Muñozen alde egingo duela berretsi zuen entrenatzaile mexikarrak. «Sevillaren aurka zelai erdia indartzea oso garrantzitsua izango da», esan zuen Aguirrek, Muñozen aukera arrazoitzeko. Harrobiko erdilariak Sevillaren aurka Espainiako Ligan eta Kopan bere mailarik onena eman izan duela ere gogoan izango zuen Javier Aguirre entrenatzaileak.
Denboraldi honetan bi taldeek elkarren aurka jokatutako partidak Osasunaren aldekoak izan dira. Lehen itzulian Osasunak 4-1 irabazi zion Sevillari Sadarren. Espainiako Kopako final-laurdenetan ere txapelketatik kanpo utzi zuen.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Osasuna oraindik ez dago erabat salbu
Lasaitasuna nabari da Iruñean, baina taldeak ezin du lo hartu eta gaur punturen bat lortzen saiatu behar du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu