FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. REALA. LARRIUNEA HELDU AURRETIK. LARRIUNEA HELDU AURRETIK

Parean Deportivo izan arren, urduri jarri aurretik beste hiru puntu batzea beste helbururik ez du realak

JON BALENZIAGA - DONOSTIA
2004ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Azken txanpan sartu da Espainiako Liga. Bederatzi jardunaldi falta dira denboraldia amaitzeko, eta Realak oraindik ez ditu mailari eusteko beharrezkoak diren puntuak batu. Jabier Iruretaren taldea izango du bisitari, Deportivo. Ez da aurkari erraza, baina sasoi honetan aurkari errazik ez dago. Lehen Mailan jarraitzeko beharrezkoak dituen puntuak berandu baino lehen nahi ditu Realak. Urrutirago joan gabe, gaur. Irabaztea ez litzateke erabakigarria izango, baina bai aurrerapauso nabarmena.

Raynald Denoueixek, Bartzelonaren aurka hasieratik aritu zen taldearekin alderatuz, aldaketa bakarra egingo du. Jauregi ren ordez Kovacevic ariko dela ematen du. Xabi Alonso eta Igor Gabilondo astean zehar kili-kolo izan dira. Estreinakoz ostegunean entrenatu baziren ere, biak ala biak jokatzeko moduan izango dira. Añorgakoak behintzat horrela aitortu zuen atzo. Valery Karpinek jokatuko duen edo ez ikusteko dago oraindik. Estoniarra ostegunean bere herrira joan zen amonaren hiletan izateko. Arratsalde hasieran hemen izatea espero dute, eta, iristen bada, hamaikakoan izango da. Hori garbi dago. Iristen ez bada, berriz, Xabi Prietok lehen aldiz titular gisa jokatzeko aukera izango du. Donostiarra da Reala B-ko jokalari guztien artetik denbora gehien jokatzen ari dena. Azkeneko sei partidetan azkeneko minutuak jokatzeko aukera izan du. 20 urte ditu, eta Espainiako Ligan guztira zazpi neurketa jokatu ditu Realaren lehen taldearekin. Entrenatzaile txuri-urdinak ohiko joko sistemari helduko dio, alegia, 4-4-2koari. Zelai erdian jokalari bat gehiago pilatzeak sendotasuna ematen dio atzealdeari etxetik kanpoko partidetan, baina Anoetan jokatzen duenetan erasora begira gehiago egitea behar du Realak. Hala, ohiko sistemara bueltatu da. Gainera, Denoueix kezkatuta dago, taldeak azkeneko partidetan apenas sortu duelako gol aukerarik. Horregatik jarriko du planteamendu oldarkorragoa jokoan, baina, era berean, garbi dauka ez duela zelai erdiko oreka galdu nahi. Erasoan gehiago nahi du, baina badaki Deportivok zelai erditik aurrera min egiteko oso jokalari onak dituela.

Deportivo, Mauro Silva eta Naybet gabe

Deportibok 4-1 galdu zuen asteartean Milanen aurka. Galiziarrak aurreratu ziren markagailuan, baina ordu laurdenean lau gol jaso ondoren ikusteko dago zer-nola erreakzionatzen duten. Jakina da Iruretak jokalari multzo zabala duela Txapeldunen Ligako final-laurdenak eta Espainiako Liga jokatzeko. Ligan, Bartzelonak aurrea hartu ondoren, orain laugarren postuan dira. Bazirudien euren indar guztiak Txapeldunen Ligan metatu behar zituztela, baina joanekoan 4-1 galdu izanak akaso planteamendu hori birplanteatzera eramango zituen. Dena den, Ligari heltzeko beranduegi ere izan liteke.

Kontuak kontu, Javier Iruretak Mauro Silva eta Naybet gabe egin zuen atzo Coruñatik Donostiarako bidea. Min hartuta daude. Bestela ere, irundarrak jokoan jarriko duen hamaikakoak errespetu osoa merezi du.

-

KARPINEN ZAIN



Estoniatik bueltan, ondo bidean, 14:30ean iritsiko da Loiuko aireportura



Albiste txarra jaso du Valery Karpinek aste honetan. Amona hil zaio, amaren ama. Ondorioz, ostegunean Estoniara joatea erabaki zuen, amonari azken agurra ematera eta amari babesa ematera, hura oso hunkituta baitago. Ostegunean joan zen, eta gaur bueltatzeko asmoa du.

Luzea izango da Karpinen gaurko eguna. Goizean goiz hartuko du lehen hegaldia, Tallinndik Kopenhagera joango da. Gero beste hegaldi bat hartuko du Parisera, eta azkenik Paristik Loiura iritsiko da. Ondo bidean, aurreikusitako ordutegia betetzen bada, 14:30ak aldera iritsiko da Loiuko aireportura. Bertan, klubeko langile bat zain izango du lehenbailehen Donostiara ekarri eta arratsaldeko 19:30ean Anoetako zelaian izan dadin. Zaila izango da Karpinek gaur ez jokatzea. Aireporturen batean ez atzera eta ez aurrera geratzen bada, akabo, orduan bertan behera utzi beharko du bere ahalegina, baina dena espero bezala betetzen bada, ez du hutsik egingo.Beste batek haren egoeran Estoniara ez joatea erabakiko zuen, neurketa ahalik eta kontzentrazio handienarekin jokatzeko. Beste batek, klubari baimena eskatuta, Estoniara joan eta ez itzultzea erabakiko zuen. Karpinek, biak egingo ditu. Hau da, amona agurtzera joan, eta bueltan jokatu. Eta jokatuko nuke, nekatuta izan arren, ondo jokatuko duela zelairatzen bada. Anoetak bero hartuko du, eta berak gustukoa du protagonismo hori. 35 urte ditu eta dagoeneko ez da aldatuko. Gogokoa du nabaria izatea, eta, neurri batean, beharrezkoa du.Hazi egiten da, errendimendu hobea ematen du. Beste kasta bateko gizona da, bere kirol ibilbidean lesioak direla-eta apenas neurketarik galdu duena. Ez daki jokatu gabe egoten Karpinek. Gustukoa izan edo ez, izaera berezikoa da, eta Estoniatik gai da bueltan hegaldiren batek ordutegia behar bezala betetzen ez badu, aireportuan sekulakoak esaten hasteko. Halakoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.