Inork gura ez zuena, baina guztiok pentsatzen genuena ekarri du Ernesto Valverderen iragarpenak. Gasteiztarrak uko egin zion Athleticek egindako eskaintzari eta datorren urtean ez duela jarraituko jakinarazi zuen duela zortzi egun. Bere erabakiaren berri eman bezain laster, etengabeak izan dira bere ordezkoaren gaineko zurrumurruak. Gaztea, irabazteko gosea duena, eta Lezama ondo ezagutzen zuen entrenatzailea gura zuela aipatu zuen Lamikizek. Ondorioz, Mendilibar ipini zen guztien jomugan.
Eibarko entrenatzailea da Lamikizen zerrendan lehenengoa. Zurrumurruak etengabeak dira, eta horrek bi taldeei egin die kalte. Eibarri, bere historiako sasoirik onena egiten ari delako eta Lehen Mailara igotzeko sekulako aukera duelako. Aukera horren aurrean, Mendilibarren etorkizunaren gaineko kontu guztiek eragin txarra izan dezakete taldearen ibilbidean iaz, Amorrorturekin hori gertatu zela pentsatzen duen eibarzale bat baino gehiago dago. Aurten, zurrumurruak askoz lehenago hasi dira, eta arrazoi gehiago izan dezakete haserre egoteko. Ez dute aukera galdu gura. Normala. Azken berriek esaten zutenAthletic eta Mendilibar atzo zirela biltzekoak. Asteazkenean bertan jarri zirela biak harremanetan, bi urterako eskaintza egin diotela Mendilibarri, hura eskaintzak onartzeko prest dagoela, eta Eibarrekin ez dela inortxo ere harremanetan jarri, ez Athletic eta ez Mendilibar. Fernando Lamikiz Athleticeko presidenteak, goitik behera ukatu zuen harremanei buruzko berria. «Ez dago ezer. Gaur [atzo] ez gara Mendilibarrekin bilduko». Eibarko agintariek ondo hartu zuten Athleticeko presidenteak esandakoa, ez baitute ondo ikusten eurei ezer esan barik taldeko entrenatzailearekin negoziatzen hastea.
Liderraren zelaira
Athleticentzat ere ez da batere ona egoera hau. Klubaren inguruak alde batera utzi du Liga. Asteko partidak ez du garrantzirik aspaldian zer da futbola?, eta Athleticek asko dauka jokoan. Europarako txartela nahiko gertu dauka eta oraindik bere sasoian atzeratutako partida jokatu beharko du datorren astean Getaferen aurka. Beraz, aukera baliatzen badu, UEFAtik oso gertu kokatu daiteke Aste Santuko atsedenaldiaren aurretik.
Asko dago jokoan, eta Ligari merezi duen garrantzia ematea komeniko litzateke. Valverdek eta jokalariek sarritan nabarmendu dute kanpoko kontuek ez dietela eragiten, baina oso gaitza da ingurua alde batera lagatzea. Lehenago edo beranduago nabaritu egiten da.Urruti joan barik, gaur, Espainiako Ligako talderik indartsuenaren aurka neurtuko ditu indarrak Athleticek. «Ondo defendatu beharko dugu, baina ez dugu horretan bakarrik pentsatu behar. Aurrean estutzen ez badugu ez dugu irabazteko aukerarik izango», adierazi zuen Etxeberriak, Lezaman, futbolaz jardun zuten egun bakarrean.Ez zaio arrazoirik falta elgoibartarrari. Athleticek duen onena eman beharko du futbol ikusgarria egiten ari den Bartzelona mendean hartzeko. Taldeak batuta jokatu beharko du kataluniarrek zirrikitu txikiena nahikoa izaten dute aukera bat sortzeko, elkarri asko lagundu beharko diote jokalariek, eta aukera dutenean kontraerasoa baliatzen saiatu beharko dira. Gaur ikusiko da Chelsearen aurkako porrotak zenbateko eragina duen Frank Rijkaarden taldean.Riazorren eta Mestallan emandako itxura ona eta Bernabeuko garaipen handia errepikatzeko, gustuko duen hamaikakoa zelairatu ahal izango du Valverde entrenatzaileak. Ohikoa den legez, ezker hegala osatzeko arazoak izango ditu. Yeste min hartuta dago eta Casas ere ezin izan da osatu. Beraz, Asier Del Horno hasierako hamaikakora itzuliko da eta zelai erdian eskuin bat zelairatuko du. Malagan, Jonanek eta Etxeberriak tartekatu egin zituzten hegala eta bigarren aurrelari postuak. Gaur, Tikok bete dezake Rosaledan Jonanek hartu zuen lekua. Halaber, Javi Gonzalezek ere izan dezake jokatzeko aukera. Eskuin hegalean, berriz, Murillo arituko da, eskuin orkatilan izan zuen bihurritua sendatu ondoren.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. unerik txarrenean
Mendilibarri buruzko Zurrumurruek giroa gaiztotu dute Athleticen eta Eibarren, NAHIZ ETA LAMIKIZ PRESIDENTEAK harremanak gezurtatu: «ez dago ezer». gaur, liderra kontrario
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu