Etxetik kanpo bi partida besterik ez ditu irabazi Osasunak 2004-2005 denboraldian, eta lehen garaipena sasoia hasi orduko iritsi zen, lehen irteeran: Riazorren 1-3 nagusitu ziren gorritxoak. Inoiz lortu ez zutena lortu zuten nafarrek, Riazorren inoiz irabazi gabe baitzeuden artean. Itzuli oso baten ostean, Osasunak Deportivoren aurretik jarraitzen du sailkapenean, baina gaur arratsaldean Sadarren bisitari izango dira Jabo Iruretaren mutilak, eta garaipena lortzeko gai izanez gero, aspaldiko partez Osasunaren aurretik jarriko dira sailkapenean. San Mameseko porrotaren ondotik Osasuna ez dago unerik gozoenean, baina Sadarren partida bakar bat galdu du orain artean (Levanteren aurka, 0-1) eta etxeko partidetako sendotasunari eutsi nahiko dio, 2005eko lehen garaipena lortzeko.
Javier Aguirrek badaki ez dela norgehiagoka erraza izango, baina bere mutilek osasunazaleak pozik utziko dituztela uste du. «Deportivo gero eta hobeto dagoela dirudi, behetik gora egiten ari da eta argi dago Valeron, Luque, Tristan edo Victor oraindik ere partida bat edozein unetan erabakitzeko moduko jokalariak direla. Ez da lehia erraza izango, baina xehetasun txiki batzuk zuzenduz gero, gu ere oso talde lehiakorra gara eta seguru nago osasunazaleak poztuko ditugula».Gainera, asteazkenean Sevillaren aurka Espainiako Kopako final laurdenetako lehia jokatu beharrak ez duela eraginik izango adierazi zuen Aguirrek: «Asteazkenekoak ez du eraginik izango, 23 jokalari ditut nire aginduetara eta ez dago arazorik. Gainera, Ligan lehenbailehen mailarik onena berreskuratzeko gogoz ikusten ditut jokalariak. Deportivok bigarren itzuli ona egin nahiko du, baina guk ere bai», zehaztu zuen atzo.San Mameseko porrotaren ostean taldeak ondo erantzun duela uste du Javier Aguirrek, «Sevillako lehian bezala, entrenamenduetan hala erakutsi baitidate jokalariek». Mexikarrak «Ligarako zein Koparako prest» ikusten ditu bere mutilak, baina gaur arratsaldeko partida garrantzitsua izango da balizko erreakzio hori berresteko.Osasunazaleei poza emateko helburua betetzeko, bi aldaketa egingo ditu Aguirrek San Mamesen hasieratik zelairatutako hamaikakoarekin alderatuta: Unai Expositok Jose Izquierdori utziko dio bere tokia eskuin hegalean, eta ezkerrean Corralesek bere postua berreskuratuko du Claveroren kaltetan. Izquierdo zigortuta zegoen San Mamesen eta berriro ere hasierako hamaikakora itzuliko da; eta Ligako lehen 18 partidak osorik jokatu ostean, Corralesek bere tokia hartuko du berriz, azken bi partidak harmailetatik ikusi ostean.
Ivan Rosado deialdian
Deialdiko ezustea Ivan Rosadoren sarrera izan zen. Huelvako aurrelariak ez du hasieratik jokatuko, baina Ligako lehen jardunaldiaz geroztik lortu ez duena lortuko du gaur: Liga jardunaldi bat ordezkoen artean eserita hastea. Valdo deialditik at utzi du Aguirrek, jokatzeko arazorik izan ez arren, eta atzoko lan saioan saihetsean min hartu zuenez, Aloisik ere atseden hartu beharko du.
Iruretak min hartuta ditu Fran eta Pandiani, eta azken orduan Molina atezaina ere Coruñan utzi beharrean izan zen, galiziarren atezainak min hartu baitzuen asteko azken lan saioan. Mauro Silva ere ez du oraindik jokatzeko moduan ikusten Iruretak, eta deialdia osatzeko bigarren taldeko Pita gaztea deitu behar izan du.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Urteko lehen garaipena helburu
2005ean bi porrot eta berdinketa bat batu ditu Osasunak Ligan, eta Deportivoren lepotik adorea berreskuratu nahi dute nafarrek gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu