FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGAKO LEHEN JARDUNALDIA. Erakargarria bezain zaila

Liga hasteko Vila-real hartuko du Osasunak Sadarren; modan dago eta futbol dotorea egiten du Manuel Pellegriniren taldeak, baina gorritxoek garaipena lortu nahi dute estreinako lehian

2005eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
«Vila-real Ligako talderik onenetakoa da, baina aste honetan Txapeldunen Ligako lehen kanporaketa jokatu behar izan du, eta Sadarrera nekatuta iristea espero dut. Partida zaila izango da», esan zuen Savo Milosevicek herenegun, gaur arratsaldeko aurkariaren inguruan galdetu ziotenean. Vila-realek 2-1 menderatu zuen Mikel Artetaren Everton (1-2 nagusitu ziren joanekoan ere), eta historian lehendabiziko aldiz Txapeldunen Ligako ligaxka jokatuko dute valentziarrek. Savo Milosevicek Ligako talderik onenetakoa dela esan zuen eta, hainbat adituren ustez, 2005-06 denboraldian Espainiako Liga irabazteko hautagai nagusietako bat ere bada. Modan dago urpekari horia, baina Osasunak ez die ezer oparituko. Partida zaila bezain erakargarria dute estreinakoa.

Espainiako Ligaren Lehen Mailan ordezkari bat duen hiririk txikiena da Vila-real. Castello ondoko hiriak 46.000 biztanle besterik ez ditu, eta hango futbol taldearen zelaiak 23.000 lagunentzako tokia izateak agerian uzten du hiri horretan futbolak hartu duen garrantzia. Vila-realen hazkundea ahalbidetu duen gizona Fernando Roig enpresaburua izan da neurri handi batean. Aurtengoa bere bederatzigarren denboraldia du Roigek Vila-real futbol taldearen presidentetzan, eta taldea Bigarren Mailan hartu bazuen ere, aurtengoa zazpigarren denboraldia izango dute valentziarrek maila gorenean. Talde apala izanagatik, Roigek diru ugari erabili du taldea osatzeko, eta Galca, Barros Schelotto edo Martin Palermo bezalako jokalari batzuk dirutan balio zutenaren laurdenik erakutsi ez arren, taldea hazten joan da etengabe. Victor Muñozekin eta Benito Flororekin lehen une gozoak bizi ostean, Manuel Pellegriniren aginduetara eman du mailarik onena taldeak. Entrenatzaile txiletarra iragan denboraldian iritsi zen, Txilen, Ekuadorren eta Argentinan sei titulu eskuratu ostean. Buenos Airesko River Plate taldea utzi, eta Espainiako Ligan probatzea erabaki zuen Pellegrinik, eta apustua ezin hobeto atera zaio. Argentinako bere azken taldearen etsai nagusian hazitako jokalari bat izan du Pellegrinik lagunik onena Vila-realen egin lehen denboraldian. Boca Juniorsen Jainkoaren pare zuten Riquelmek ez zuen Louis Van Gaalen buru karratuan tokirik aurkitu, eta Bartzelonatik Castellorako bidea hartzea erabaki zuen. Pellegriniren aginduetara Riquelmerik onena agertu da berriz, eta Intertotoan lortutako garaipen gozoak txiki uzteko moduko lorpena izan zuten horiek iragan sasoiaren amaieran: Txapeldunen Liga jokatzeko aukera eskuratu zuten, Ligako futbolik dotoreenetakoa egin eta txapelketa hirugarren postuan amaitu ostean.

Riquelmek jokoa sortzeko ardura ia osorik bere gain hartu bazuen ere, bere lehen denboraldian aurkitu ez zuen taldekidea aurkitu zuen iragan sasoian argentinarrak Vila-realen aurrealdean. Sonny Anderson beteranoak Diego Forlan uruguaiarrari utzi zion bere tokia, eta Manchester Unitedeko jokalari ohiak ez zuen aukera desaprobetxatu: Ligako golegilerik onena izan zen, eta Arsenaleko Thierry Henrirekin batera urrezko botaren irabazle bihurtu zen Forlan. Liverpoolek fitxatutako Pepe Reina atezainaren denboraldi bikaina, eta Marcos Senna, Sorin, Guayre, Font edo Lucho Figueroaren kalitatea ikusita, ez da zaila Vila-realen bolada ona ulertzea.«Vila-real jende guztiaren ahotan dabil azken boladan, eta horrek asko motibatzen gaitu. Talde itzela daukate, baina bere akatsak ere badituzte, eta horiek baliatzen ahaleginduko gara. Iragan sasoian irabazi genien», gogoratu zuen ostiralean (3-2 nagusitu ziren nafarrak).Aurrean Vila-real bezalako talde bat izateak motibazio kontuak asko errazten dituela onartu zuen Aguirrek berak ere atzo: «Urrezko bota izango dugu aurrean, Argentinan azken urteetan sortu jokalaririk onenetako bat ere bai, eta ondo zuzendutako talde bat da Vila-real gainera, Hego-Amerikan gauza asko irabazi baititu Pellegrinik. Ederra da horrelako talde baten aurka aritzea», aitortu zuen atzo gorritxoen entrenatzaile mexikarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.