Ez da Liga hasiera gozoa izan Asier Riesgorentzat. Realak sei partidetan hamalau gol jaso dituenez, nahi baino askoz maizago jaso behar izan du baloia sareetatik. Gol gehienetan errurik izan ez duen arren, horretan ez du kontsolamendurik aurkitzen. Nolanahi ere, eta taldea atzealdean arazo dezente izan dituela aitortu badu ere, kezkaturik ez dagoela esan dio berriari. Konfiantza handia du taldekideengan zein bere buruan.
Zer moduz sentitu zara orain arte?
Neure burua ondo ikusi dut. Baina gol dezente jaso ditugu, eta arlo hori hobetu behar dugu guztiok.
Zer moduz, Ligan gol gehien jaso dituen atezaina zarela jakinda?
Lasai nago. Gol gehien jaso dituena naizela jakiteak izorratu egiten nau, inoiz ez duzu espero, baina ez nago batere kezkatuta, bolada txar batean sartu garela uste dut, eta zorte txarra izan dugula.
Kontzentrazio faltak zerikusirik duela pentsatzen duzu?
Partida batzuetan ematen zuen taldea ondo zegoela, baina gero hamar minutuan bizpahiru gol jasotzen genituen. Denok dakigu hori ez dela normala. Baina azken bi partidetan hobera egin dugu.
Estrategia jokaldietan ez zabiltzate batere fin. Hori izan al da beste arrazoietako bat?
Gol asko jaso ditugu era horretan, baina geroz eta gehiago ari gara hori lantzen entrenamenduetan, eta ea arazoa konpontzen dugun.
Zer moduz ikusi duzu Mikel Gonzalez? Errieta asko egin al diozu zelaian?
Ez, joan den denboraldian ni neu bere lekuan nengoen, eta errietak ez dira onak. Gauzak gertatu baino lehen esan behar dira, ez gero; horrek ez du balio. Garrantzitsuagoa da animatzea.
Mallorcaren kontrako partida izan da orain arte zuretzat gogorrena?
Bai, hori izan delako gol gehien jaso dudan lehia.
Bigarren urtea gazteentzat zailena dela diote. Zer deritzozu?
Ez nago ados. Urtebeteko esperientzia edukita, hobeto joan beharko litzateke dena. Jokalari askorentzat da bigarren urtea Lehen Mailan, eta uste dut hobeto arituko garela, konfiantza handiagoa daukagulako. Egia da jendeak gehiago espero duela gutaz, baina guk gure lana egiten jarraituko dugu.
Pertsonalki zein da zure helburua aurten?
Jokatzen jarraitzea eta ahalik eta gol gutxien jasotzea.
Nola hartu dituzu kritikak, entzun behar izan dituzunean?
Baten bat jaso dut. Jendeak esaten duena kontuan ez dela hartu behar uste dut, ona edo txarra izan. Nahiz eta, batzuetan, inkontzienteki eragiten dizun. Gauza horiek albo batera utzi behar ditugu jokalariok. Atezainaren akatsak garrantzi handiagoa daukate... Baina hori barneratuta daukat jada.
Duela urtebete baino atezain hobea zarela iritzi diozu?
Hobeto ikusten dut neure burua, partida gehiago dauzkadalako Lehen Mailan. Lasaiago nagoelako, eta arlo tekniko eta taktikoetan ere hobekuntza igarri dudalako.
Zein da zure gabeziarik handiena?
Hemen dauden entrenatzaileek esan beharko lukete hori. Nahiago dut nire akatsak niretzat gorde.
Eta pertsona bezala ere aldatu al zara azken urtean?
Bai, ez futbolagatik bakarrik. Asko ikasi dudala uste dut
Ligako atezain titularren artean gazteena zeu zara. Zer esaten dizu horrek?
Pozik nago jokatzen ari naizelako. Ez daukat gaztea izateagatik zertan kikildu beharrik.
Albertok 36 urte dauzka eta ez dirudi jokatzeko aukera askorik izango duenik. Benetako lehiakide bat ez izateak gehiegi lasaitzera eraman al zaitzake?
Ez. Alberto maila onean dago,Egunero bere ondoan egoteak asko ematen dit niri pertsonalki. Izan ere, eskarmentua du, eta nik ere asko ikasten dut.
Zein da gehien errepikatzen dizun aholkua?
Galtzean, dena ilun ikusten dugu gazteok. Beteranoek lasaiago egoten laguntzen digute.
Nihaten kontratu berritzearen inguruko eztabaida dabil bolo-bolo, baina zuri ere 2006an amaitzen zaizu kontratua.
Bai, baina klubak beste bi urtez luzatzeko aukera du. Ni lasai nago.
Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua?
Oso gustura nago Realan, nire bizitzako taldea da. Hamabi urte daramatzat hemen. Asko zor diot Realari, eta alde horretatik, ez daukat zalantzarik.
FUTBOLA. «Ez nau kezkatzen hainbeste gol jaso izanak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu