Selekzio indartsuak dira Herbeheretakoa eta Portugalgoa. Jokalari onak dituztelako. Beren estilo propioa lantzen saiatzen direlako. Gainera, tradizioz benetako joko dotore eta lotuaren aldeko apustua egin izan dute beti. Horregatik guztiagatik, erakargarria da gaur Herbehereek eta Portugalek jokatuko duten final-zortzirenetako lehia. Are erakargarriagoa, oilar sendoenak ez izanda ere, gandorra tentetzeko asmoa dutelako biek ala biek. Munduko Kopa irabazteko hautagaiak direla erakutsi nahi dute.
Lehen fasea erraz gainditu dute. Portugal nagusi izan da bere multzoan, hiru partidak irabazi ondoren. Egia esan, Angola, Mexiko eta Iran ez dira indartsuegiak, baina Luiz Felipe Scolarirena kontuan hartzeko moduko selekzioa da. Batik bat, sendoa eta landua delako. Gainera, talentua eta irudimena sobera dituzte Deco, Cristiano Ronaldo edota Figo bezalako jokalariekin.
Den-denak hasieratik ariko dira gaur. Aurreko lehian ez bezala, bi euskarrirekin jokatuko du Portugalek. Itxuraz, behintzat, Petit eta Maniche izango dira taldea eusteaz arduratuko direnak. Deco, Cristiano Ronaldo eta Pauleta, berriz, hamaikakora itzuliko dira.
Scolarik ez bezala, Marco Van Bastenek, Herbehereetako hautatzaileak, zalantza gehiago ditu hamaikakoa osatzerako orduan. Defentsan, esaterako, aldaketa bat egin beharko du halabeharrez. Izan ere, Heitinga eskuin albokoa lesionatuta dago. Bere tokian Khalid Boulahrouzek jokatuko du. Zelai erdian, berriz, Van der Vaat hasieratik aritu daiteke Van Bommelen tokian. Hanburgoko erdilariak Bartzelonakoak baino irudimen gehiago du. Halere, bete-betean ez dagoela ikusi ahal izan zen Herbehereek Argentinaren kontra jokatutako partidan. Van Nistelrooij ere ez dago sasoiko. Hori dela-eta, Kuijt hasieratik aritu daiteke.
Dena dela, aurrelari peto-petoaren lana baino garrantzitsuagoa da Herbehereetako selekzioan Van Persie eta Robben hegalekoan lana. Horien irudimenak baldintzatuko du, neurri handi batean, behintzat, partidaren garapena.
ESTATISTIKAK, PORTUGALEN ALDE. HERBEHEREEK ETA PORTUGALEK BEDERATZI ALDIZ JOKATU DUTE ELKARREN KONTRA. HORIETAKO BOSTETAN PORTUGAL NAGUSITU DA. BESTE HIRUTAN BERDINKETA IZAN DA, ETA HERBEHEREEK BEHIN BAKARRIK IRABAZI DUTE. ORAIN BI URTEKO EUROPAKO TXAPELKETAKO FINALERDIETAKO BATEAN ARITU ZIREN AZKEN ALDIZ ELKARREN AURKA. PORTUGAL 2-1 NAGUSITU ZEN ORDUAN, CRISTIANO RONALDOREN ETA MANICHEREN GOLEI ESKER. EZKUTUAN IZAN DUTEN GANDORRA TENTETZEKO ASMOA DUTE GAUR BI SELEKZIOEK.
FUTBOLA. Gandorra tentetzeko asmoa dute
Final-zortzirenetako lehia estua jokatuko dute gaur Herbehereek eta Portugalek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu