FUTBOLA. Gutxitxo

Athleticek Betisek baino meritu gehiago egin ditu partida irabazteko; aukera garbienak bereak izan dira, baina Lacruzek bakarrik asmatu du lan horretan

haritz gallastegi
2006ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Azken hiru partidetako gaitz berbera izan zuen Athleticek Loperan: ez zituen sortutako gol aukera garbiak sartu. Barkatu. Bat sartu zuen. Mari Lacruzek. Ondorioz, puntu bat batu zuen talde zuri-gorriak. Ez da nahikoa. Jaitsierako postuak gertu ditu Clementek zuzentzen duen taldeak. Gainean. Beraz, asteazkenean Zaragozari irabazi ezean, ezer gutxirako balioko du Betisen zelaian eskuratutako puntuak.

Athleticen partida hasiera ez zen ona izan. Hiru egunetan San Mamesen ateak itxita entrenatu ostean, futbol zelaietan egoten den giroa faltan botatzen zuela zirudien. Lasai, lasaiegi ekin zion partidari Athleticek.Lehen Mailan lo zelairatzen diren taldeek ez dute emaitza onik eskuratzen. Jarrera egokia ez bada, aurkariak aprobetxatu egiten du aukera. Betisek, zorionez, ez zuen aprobetxatu. Estu dagoen taldea da espainiarra. Lehen minutuetan txarto jokatu ostean, esnatu egin zen Athletic. Aurrera egin zuen, indartsu. Betis kontrolpean izateaz gain, Doblas estuasunetan ipintzeko indarra izan zuen. Amaitzea falta zen, ordea. Gola. Athleticek azken denboraldiotan izan duen dohain nagusia, alegia. Bezperan esan genuen Betis talde ona dela. Ez dago ondo, ordea. Sasoian ez dauden taldeek aurkariaren opari bati esker edo epaileen akats bati esker lortzen dituzte garaipenak. Espainiarrek bigarren aukera baliatu zuten. Marrazain batek, jokaldia aurrean zuenean, ez zuen Eduren jokoz kanpoko argi eta garbi bat adierazi, eta Robertek ez zuen aukera pasatzen utzi. 0-1. Akabo?

Itxuraldaketa

Athleticek ez zuen ondo hartu espainiarren gola. Atsedenaldira joan arte ez zuen ezer egin. Beraz, betikoa. Gehiago merezi izan arren, esku hutsik eta burumakur bueltatu da Athletic etxera? Ez. Atzo, ez.

Athletic indartsu zelairatu zen bigarren zatian. Aduriz zelairatu zuen Clementek eta aurrelari donostiarra zelairatzeaz bat joko sistema ere aldatu egin zuen. Orduan hasi zen Athletic nagusitzen. Yeste eta Iraola izan ziren itxuraldaketaren giltzak. Bata zein bestea sasoian daude. Jokalari onak dira oso. Haiek indartsu badaude Athletic arriskutsua da. Urzaizek ere eskertzen du hegalekoen lana Ðez da samurra ulertzea zergatik egon den nafarra horrenbeste jardunaldi jokatu barikÐ. Athletic nagusitu egin zen zelai erdian. Baloiaren jabetzarekin eta baloia ondo erabiltzen duten jokalariak sasoian egonda, aukera onak sortu zituen. Garbiak oso. Halere, ez zen berdinketaren gola ailegatzen. Zuri-gorrien aldeko zortzigarren kornerrera arte itxaron behar izan zuten. Yestek atera zuen ondoko sakea atzera bota zuen Iraolak, Casasek ahoko zuloan errematea egiteko. Sopeloztarrak ez zuen asmatu. Beste aukera bat galduta? Ez. Han agertu zen Mari Lacruz. Nafarrak bigarren zutoinean egoteko ardura dauka eta ez zuen alferrik galdu Doblasek eskuekin hartu ezin izan zuen baloia. Gol! Sinestezina. Athletic Betisi ematen ari zitzaion jipoiak merezi zuen saria izan zuen. Banakoa sartzeaz bat lasaitu egin zen neurketa. Betisek ezin zuen aurrera egin. Athleticek, berriz, partida irabazteko baino ez galtzeko gogo gehiago zuela erakutsi zuen. Ondorioz, puntu bat talde bakoitzarentzat. Gutxitxo. Betisek eta Athleticek lanean jarraitu beharko dute. Gogor. Athleticek andaluziarrek baino behar gehiago egin beharko dute Lehen Mailan jarraitzeko. Ez da makurtzeko mementoa. Ez dago arrazoirik. Athletic ondo ari da jokatzen. Era batean edo bestean jokatuta, sasoian zehar azken hilean erakusten ari den talde itxura erakutsi izan balu... Hori bai, ez dago akatserako tarterik. Athleticek denbora larregi darama aurkarie begira. Arriskutsua oso. Hurrengo urratsa garaipena da.

BETIS 1

ATHLETIC 1

Betis: Doblas; Melli, Rivas, Juanito, Nano; Miguel Angel, Assuncao (Arzu, 84. min.), Capi (Rivera, 61. min.); Joaquin, Robert (Dani, 77. min.) eta Edu.

Athletic: Lafuente; Lacruz, Ustaritz, Prieto, Amorebieta (Aduriz, 46. min.); Iraola, Murilo, Orbaiz, Casas; Yeste; eta Urzaiz (Guerrero, 75. min.).

Golak: 1-0: Robertek (26. min.). 1-1: Lacruzek (67. min.).

Epailea: Puentes Leira. Txartel horiak Betiseko Miguel Angeli eta Juanitori, eta Athleticeko Casasi eta Lacruzi

Bestelakoak: 35.000 bat ikusle Ruiz de Loperako harmailetan.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.