FUTBOLA. Idoloaren morrontzapean

Xabier Lopetegi.
2005eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
ogorra izan behar du, 27 urte baino ez dituen kirolari batentzat, onenak eman dituela sentitzea. Adin egokienean egon arren, iraganari begira egotea, beteranoen antzera, urte gozoenak bukatu zaizkiolakoan. Hori da Rauli gertatzen ari zaiona. Goiz egin zuen debuta, 17 urterekin, azkar hasi zen nabarmentzen, eta, agian horregatik, besteak baino lehenago hasi da kamusten. Hamar urte daramatza goi mailan.

Real Madrilekoa ez den edonorentzat, begi bistakoa da ez duela dagoeneko denboraldi askotan zehar erakutsitako maila bikaina. Ez dela izarra. Puntako jokalariz inguratu dute, eta konparazioak krudelak dira oso. Ronaldoren, Zidaneren eta enparauen aldean jokatzeak badu bere alde txarra. Baina ia inor ez da ausartu Raulen maila zalantzan jartzera. Michael Robinson esatari eta Osasunako jokalari ohia da bakarretakoa: «Gehiegi baloratu dutela uste dut. Nortasun handia dauka, baina ez dauka dohain aipagarririk: bere ezker hankari zazpi bat jarriko nioke, eskuinari lau, ez da azkarra eta ez da goiko baloietan nabarmentzen. Miresten dut, baina ez nuke, gau euritsu batean, sarrerarik ordainduko bera ikusteko».Robinsonen adierazpenek ez zuten oihartzun handirik izan, aurrelaria idoloa delako oraindik, eta hura kritikatzea tabu delako. Eztabaidaezina da bere parte-hartzea. Dogma sakratua. Nahiz eta errealitateak kontrakoa dioen: haren eta Owenen estatistikei erreparatzea nahikoa da ikusteko Real Madrileko hamaikakoan ez dela beti meritu gehien egin dituena egoten. 27 partida jokatu ditu Raulek, 2.162 minutu guztira. Askoz gutxiago jokatu du aurrelari ingelesak, 1.469 minutu, baina lau gol gehiago egin ditu: hamaika.Partida gehienetan, gainera, aulkian egon da partida hasieran. Halere, duela gutxi arte ordezkoa izan da. Orain, Figori egokitu zaio partidak aulkitik ikustea, sasoi bikainean badago ere. Donostian ez da egongo, ustez min hartuta dagoelako, baina zurrumurruen arabera itxurak egin ditu, entrenatzailearen erabakiarekin haserre.Raulen aldekoek orain atzerago jokatzen duela esango dute. Ahazten zaie, ordea, askotan jokalariak berak duela zelai erdira jaisteko joera, min egiten duen esparrutik urrunduz. Argudiatuko dute taldearen arima dela, liderra. Baina liderrek partidak erabakitzen dituzte, eta aspaldian beste batzuk dira hori egiten dutenak Real Madrilen. Futbolak, ordea, logika hankaz gora jartzen du askotan, oraindik ez baita jaio Raul aulkian utziko duen entrenatzailerik. Ezta Luxenburgo ere, Figori azalpenak eman beharrik ez duela harro-harro dioen entrenatzailea. Ausartuko ote litzateke Raulekin gauza bera egiten?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.