FUTBOLA. Ikuspuntuz aldatu gabe

Realak Liga bukaera lasaia ziurtatu nahi du gaur, Sevillari irabazita

XABIER LOPETEGI - DONOSTIA
2006ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Gipuzkoako egunkari bateko kazetari baten galdera Realeko jokalari bati, aste honetan bertan: «Liga motz geratuko zaizue?». Jokalariaren erantzuna, galdera baino askoz zentzuzkoagoa: «Gehiegi sufritu dugu horrela pentsatzen hasteko. Liga oso gogorra izan da. Ea behintzat lehenbailehen lortzen dugun gutxieneko helburu hori». Futbolean epe laburreko memoria deritzona nagusi dela frogatzeko balio du kazetariaren galderak. Erraz ahazten zaie batzuei zein izan den taldearen ibilbidea, eta zenbat sufritu behar izan duen azken partidetan putzutik atera ahal izateko. Jokalariek, zorionez, ondo barneratuta daukate ezin dutela ikusmoldea aldatu, harik eta matematikoki mailari eutsi arte.

Jarraitzaileek ere gorriak ikusi dituzte aurten, eta normala da zerua argitzen hasi orduko gozatzeko gogoa izatea, gauzak beste era batera ikustekoa, hain zuzen. Dena den, denboraldia lehenbailehen amaitzea izango litzateke onena; orduan iritsiko da ondorioak ateratzeko garaia. «Gertatzen ari denaz iritzi garbi bat daukat, eta etorkizunean esango dut», adierazi du orain gutxi Jose Mari Bakerok datorrenaren abisu bat?. Bitartean, ordea, lau final geratzen dira, eta lau puntu lortu behar ditu taldeak behin betiko lasaitasuna erdiesteko. Zenbat eta lehenago lortu, hobeto: «Beste final bat daukagu. Horrela hartu behar dugu Sevillaren aurkako partida, klubak eta zaleek halaxe merezi dutelako», azpimarratu zuen Bakerok herenegun.Gaur irabazita, aurrerapauso handia emango luke Realak, beheko talde askok, Cadizek, Alavesek, eta Mallorcak, bereziki, norgehiagoka gogorrak dauzkatelako jardunaldi honetan. Besteen emaitzek mesede egin diezaiokete, beste behin. Porrotak, aldiz, urduritasuna itzultzea eragingo luke, hurrengo jardunaldian Cadizi egin beharko diolako aurre taldeak, etxetik at. Hobe Ramon de Carranza zelaira presio gehiegirik gabe joatea. Horretarako, jarraitzaileen laguntza izango du Realak gaur ere, Anoetak itxura dotorea eskainiko duelako, bazkideei bi sarrera dohain emateko zuzendaritzak hartutako erabakiari esker.Hamaikakoan ere ez da aldaketa handirik espero. Orain arte bezala jokatzen badu, bi aurrelari zelairatuko ditu Bakerok: Nihat eta Skoubo. Ezin da baztertu, nolanahi ere, Sevillaren erasoko jokoa indargabetu nahian, turkiarra aulkian utzi eta Mikel Alonso ateratzea. Izan ere, Juande Ramosen taldeak ez du zerikusi handirik Racing eta Malagarekin. Berdinketa ez litzateke txar-txarra ere izango. Deialdiari dagokionez, etxean ohikoa den zerrenda osatu du entrenatzaileak: De Paula da berritasuna, Gabilondoren kaltetan. Nekearen eraginak norgehiagoka dezente baldintzatuko duela diote askok. Izan ere, Sevillak luzapena eta guzti jokatu behar izan zuen ostegunean UEFAko final erdian Shalke 04 taldea 0-1 mendean hartzeko. Horri erantsi behar zaio Apirileko Feriaren ospakizunetan murgilduta daudela Sevillan, eta jokalari gehienek ordu txikiak arte egin omen zutela festa. Nolanahi ere, Reala ezin da gehiegi fidatu, Juande Ramosen taldeak Ligan ziurtatu nahi duelako hurrengo denboraldiko Europarako txartela, etxeko lanak Middlesbroughen aurkako finalerako utzi gabe.Hala, Ramosek jokalari garrantzitsu guztiak deitu ditu gaurko norgehiagokarako, Kanoute, Makukula, Dragutinovic, Renato eta Maresca izan ezik min hartuta daude laurak. Italiarraren hutsuneak mesede egingo dio Realari, hura delako erasoaren eta defentsaren arteko orekari eusten diona, eta bere ibilbideko denboraldirik onena egiten ari delako. Nolanahi ere, baliabiderik ez du falta Sevillak, ez azken metroetan, ezta atzealdean ere: Saviola, Luis Fabiano, Adriano, Navas, Alves... Klubaren mendeurrena dela-eta tituluak irabazteko egindako taldea da. Realaren hobekuntzaren sustraiak zenbateraino diren sendoak ikusteko aukera ona, beraz.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.