FUTBOLA. Ilusioari eusteko

Athleticek ezin du gaur huts egin Ligan egindako merituei esker UEFAn sartu gura badu; Iraola, Prieto eta Orbaiz jokatzeko moduan daude

haritz gallastegi
2005eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Antzekotasun asko duten talde bi izango dira aurrez aurre gaur Vicente Calderon futbol zelaian. Atletico Madrilek eta Athleticek elastiko zuri-gorriarekin jokatzen dute elkarren aurka aritzen ez direnean. Ez gara, ordea, antzekotasun horien gainean ari.

2004-05 denboraldian daramaten ibilbidean daude antzekotasunak. Valverdek zuzentzen dituen mutilek eta Ferrandorenek puntu kopuru berbera lortu dute orain arte (47). Bertute eta gaitz berberak erakutsi dituzte, gainera. Etxean sendo, oso indartsu aritu dira denboraldi osoan zehar Athleticek gol sen ikaragarria duelako eta madrildarrak defentsan fin aritu direlako. Etxetik kanpo, berriz, makal, oso maila kaskarra erakutsi dute bi taldeek. Zelaian merezi izan dutena eskuratu dute: ezer gutxi, alegia. Hori gutxi balitz, bi taldeak bizirik daude Espainiako Kopan, erronka polita dute, beraz, Ligako azken txanpan. Kopako finalean aurrez aurre egon daitezkeela ahaztu barik, erregulartasunaren txapelketari begiratu beharren daude talde biak.Berrogeita zazpina punturekin Europako postuetatik bostena puntura daude. Liga amaitzeko bost jardunaldi bakarrik falta direla aintzat hartuta, ez daukate huts egiteko tarte handirik. Vicente Calderonen galtzen duenak agur esango dio Europari, eta berdinduz gero bi taldeek galduko dituzte aukera guztiak irabazten duenak ere maila bikaina erakutsi beharko du hurrengo lau partidetan helburua lortzeko. Jokoan dauden puntuak garrantzi handia dute Athleticeko jokalarientzat. Puntuak eta konfiantza irabazi dezaketela uste du Prietok. «Orain Ligan ari gara pentsatzen. Kopa etorriko dela badakigu, baina aurretik jokatuko ditugun bi neurketak irabazten baditugu hobe izango da guretzat. Garaipenek, gainera, Europara gerturatuko gaituzte», adierazi zuen Dimako zentralak.Valverdek ere ez dauka Kopa buruan, mementoz. Deialdiari gainbegiratua ematea nahikoa da horretaz konturatzeko. Giharretako lesioak tarteko, azken jardunaldian partida harmailatik ikusi behar izan zuten Orbaiz, Iraola eta Prieto osatu dira eta Madrilera bidaiatu dute. Futbolari ordezkaezinak dira Valverderentzat. Orbaizek oreka ematen dio taldeari. Zelai erdiko nagusia da eta berak antolatzen du erasoko jokoa. Defentsan ere asko laguntzen du. Iraolak, ostera, kalitatea eta burua ematen dizkio Athletici. Eskuin hegaleko edozein lekutan jokatzeko gai da eta postu guztietan maila ematen du. Azken jardunaldietan nekatuta ikusten zitzaion. Beraz, aste biko atsedenaldia eskertuko zuen jokalari gipuzkoarrak. Prietok, ostera, sendotasuna emango dio atzeko lerroari. Dimakoa langile fina da, zintzoa eta entrenatzaileak eskatzen dion guztia egiten duen horietakoa. Ohikoa da hasierako hamaikakoetan eta bere parte-hartzeak alternatiba asko ematen dizkio talderi Gurpegi zelai erdira itzul daiteke eta eskuin hegalera Murillo.Jokalari garrantzitsuak berreskuratu ditu entrenatzaileak. Orain, ikusi egin beharko da zein jokalari eta joko sistemaren aldeko apustua egiten duen. Aspaldian, hegalak indartu eta aurrelari azkarrekin ari zen jokatzen Valverde, aurkariei kontraerasoan min egiteko asmoarekin. Azken neurketan, Betisen aurka jokatutakoan, ohiko 4-2-3-1era itzuli zen eta taldeak maila ona eman zuen. Bata edo bestea erabili, jokalariak ere ezberdinak izango dira hasierako hamaikakoan. Kontua irabaztea da ezin baita huts egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.