«Irabazi egin behar dugu, ziur», esan zuen Mendilibarrek atzo prentsa aretoan sartu bezain laster. Zaldibarkoak argi zuen zein mezu bidali gura zuen: baikortasun mezua, konfiantza mezua.
Denborak gaitz guztiak konpontzen omen ditu. Athleticen kasuan egoera ez da aldatu, baina jokalari eta teknikarien ikuspuntua ez da joan den astekoa. Egunak aurrera joan ahala, ezkortasuna alde batera utzi dute eta aurrera egiteko gogoa erakutsi dute. Ez dute besterik. Egoera gaitza denean ohikoa izaten da larri dabilenari bizkarra ematea. Norberak egin behar izaten du aurrera. Dena dela, ezin daiteke esan Athletici bizkarra ematen diotenik. Baina, betiko legez, batzuen eta besteen interesak daude, eta ez dute arazorik izaten aprobetxatzeko Valverderen sasoian ere bertsua zen egoera. Gauza bat aldatu da bakarrik: iaz gasteiztarra kritikatzen zutenak orain Mendilibarren defendatzaile sutsuak dira;orain, beste hedabide batzuek jarduten dute Lamikiz eta bere inguruaren aurka jo eta ke.
Interesak interes, gaur bat egin behar dute Athletic osatzen duten alde guztiek: jokalariek, teknikariek, zuzendaritzako kideek, zaleek eta hedabideek. Ezin da huts egin. Normalean, gainera, ez dute huts egiten.Ez da samurra izango, ordea. Athleticen jokoak ez du esperantzarako tarte handirik ematen. Aurkariak ere ez. Sevilla talde indartsua da. Talde lana bikain egiten du, eta azken denboraldiotan kalitate handiko jokalariak fitxatu ditu. Sasoi honetan Sergio Ramos eta Baptista saldu ditu«eskerrak!», esango dut batek baino gehiagok. Irabazitako dirua ez du alferrik gastatu, ordea. Goi mailako jokalariak erosi ditu: Kanoute, Saviola, Maresca... aukera asko eta askotarikoak eskaintzen dituzten jokalariak. Beraz, futbolari horiei erraztasunik ez ematea izango da neurketa irabazteko giltzetako bat: «Aukera asko dituen taldea da. Jokalari azkarrak, goitik maisuak direnak, baloiarekin ondo jokatzen dutenak... era askotara joka dezakete. Beraz, euren euskarriei presioa egin behar diegu jokatzeko aukerarik ez emateko», adierazi zuen Athleticeko entrenatzaileak.
Estatistikak kontra
Aurkariaren kalitatea ez eze, estatistikak ere kontra ditu Athleticek. Azken bederatzi denboraldietan zazpi aldiz irabazi ditu puntuak San Mamesen Sevillak. Aurten, gainera, euren mendeurrena da, eta are eta gogo gehiago izango dute.
Bolada txarra amaitzeko ez dirudi Mendilibarrek aldaketa asko egongo dituenik. Casas zigortuta dago, eta litekeena da Tarantinok hartzea sopeloztarraren lekua. Gainerakoak ohikoak izango dira.
FUTBOLA. Irabazi edo irabazi
Mendilibar «ziur» dago Athleticek mendean hartuko duela gaur Sevilla; baliteke Tarantinok hartzea Casasen lekua hasierako hamaikakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu