FUTBOLA . Italiar etorkinen ondorengo bi

ALOISI ETA ROMEO. Australiarra ordezkatzeko fitxatu zuen Osasunak argentinarra. Osasunako aurrelariak bikain hasi zuen denboraldia, baina ez du Alaveseko jokalariak Iruñean eginiko lana gainditu

2006ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Pasa den mende hasieran Italiako hegoaldea utzi eta etorkizun oparo baten bila abiatu ziren hainbat italiar: AEBetara, Australiara, Argentinara, Brasilera, edo Europa iparraldeko hainbat herritara... Etorkin haien ondorengo bi dira John Aloisi eta Bernardo Romeo. Futbolariak dira biak, aurrelariak dira, eta Australian eta Argentinan jaio arren, futbolak Euskal Herrira ekarri ditu biak.

John Aloisiren sustraiak Palermon daude (Italia), baina bere alabak Iruñean jaioak dira. Lau urte egin zituen Aloisik Osasunan, iazko udan Alavesera joan aurretik. Italiar jatorriko australiarra ordezkatzeko, italiar jatorriko argentinar bat fitxatu zuen Osasunak. Lau sasoitik hirutan gorritxoen golegilerik onena izan zen Aloisi. Romeo ere bikain hasi zen, lehen norgehiagokan bi gol sartu baitzituen, Osasunak Vila-reali 2-1 irabazteko. Harrezkero jokatu dituen 30 partidetan, ordea, beste bi gol bakarrik sartu ditu. Aloisi txukun ari da Gasteizen. 13. jardunaldia arte ez zuen lehen gola lortu (Sadarren estreinatu zen), baina bederatzi egin ditu jada. Igandean aurrez aurre izango dira. Osasunako aurrealdearen iragana eta oraina, aurrez aurre. Aloisi eta Romeo, nor baino nor gehiago.«Osasunan beti goraipatu izan dira gol asko sartu ez arren, taldearentzat lan ikaragarria egin ohi duten aurrelariak», erantzun zuen Juanjo Lorenzok Osasunako kirol zuzendariak orain hilabete eta erdi berriak Romeoren ekarpen urria gogoratu zionean. Bere izenik ez zuen aipatu, baina bere buruan Aloisi zegoela argi utzi zuen berehitzegiteko erak. «Hiru gol sartu ordez egun lau daramatza 13 sartzea nahiagoko genuke, noski, baina gustura gaude Romeoren lanarekin», jarraitu zuen Lorenzok. Eta egia da Aloisi ere golak esartzeko erraztasunagatik baino gehiago, bere lanerako grinagatik eta etengabeko lanagatik miresten zutela zaleek. Baina, horrez gain, golegile aparta izan gabe, taldeko golegile onena izan zen 2001-2002 denboraldian (bederatzi gol), 2002-2003an (zortzi gol), eta 2003-2004ean (sei gol). Eta iragan sasoian ere Richard Moralesek (bederatzi) soilik sartu zituen australiarrak baino gol gehiago (Aloisik, Milosevicek eta Webok seina gol egin zituzten).Zaleek asko maite zuten Aloisi, eta klubaren historiako final bakarrean gola nork sartu zuen ere ez dute ahazten: australiarra izan zen Betisen aurkako finalean zaleei itxaropena itzuliarazi ziena. Agian horrexegatik, zaleek ez zuten ulertu Aloisiren irteera. Eta Romeok ez du australiarra ahaztuarazten batere lagundu. Orain bi aste, adibidez, Osasunak Realaren aurkako derbia jokatzen zuenean, Alavesek Celta hartu zuen mendean Mendizorrotzan, eta Aloisik gola sartuzuenean haren omenezko abestia kantatu zuten osasunazaleek.

Aloisiren irteera iluna

«Une gozoetan ez ezik, une txarretan ere aurpegia ematen zuen Aloisik, etxeko jokalari bat bezalakoa zen aldagelan», onartu zuen Patxi Puñalek, lehen itzulian Aloisi bere etxea izandakora itzuli bezperan. Cesar Krutxaga kapitainak ere eskatu zion Izkori inoiz, hedabideen bitartez, australiarrari kontratua luzatzeko. Hala ere, klubeko arduradunek ez zuten Aloisiri kontratua luzatzea beharrezkotzat jo. Moralesi eta Aloisiri alde giten utzi (15 gol egin zituzten bien artean iragan sasoian), eta Bernardo Romeoren eta Gorka Briten txanda zela erabaki zuten (Brit Eibarrera utzita joan da Iruñean golik egin gabe, eta Romeok lau gol egin ditu 22 partidatan).

Aloisik ez zuen merezitako irteera izan. Kopako finalean gorritxoen gol bakarra sartu eta astebetera bere selekzioarekin golak egiten ari zen Konfederazio Kopan (lau gol egin zituen hiru partidatan). Europako hainbat talderen arreta bereganatu zuen Aloisik, eta Osasunarekin akordioa lortu gabe jarraitzen zuen. Greziako Panathinaikosek fitxatu zuela zabaldu zuten hedabideek, baina azterketa medikua ez zuen gainditu. Bere ezker belaunak ez zuela asko iraungo esan zuten mediku greziarrek, eta Aloisiren gurutzebidea hasi zen. Iruñera itzuli, eta Osasunarekin negoziatzen hasi zen berriz. Klubak, ordea, Aloisik egindakoari baino gehiago, Atenasetik zetozen albisteei begiratu zien Milosevicek ere izan zuen antzeko arazo bat Celtarekin azterketa medikua gainditzerakoan, baina serbiarra jomugan jarri zitzaienean, Osasunako arduradunek ez zuten arazorik izan 31 urteko jokalari bati hiru urteko kontratua eskaintzeko. Aurrelariak Iruñean jarraitu nahi zuen, baina ez edozer moduz. Eta akordiorik ez zen izan. Ez zen Izkok ekarritako gizona (Mirandak fitxatu zuen), eta horrek ere ez zion asko lagundu australiarrari. Pitermanek Alaveserako lotu zuen, eta Romeok hartu zuen bere tokia Osasunan. Iruñean ez dute ahazten oraindik. Inork ez du hitz txar bakar bat esan australiarrari buruz, Iruñetik alde egin zuenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.