Hiru aste joan dira, eta orain ez dago ausartik Greziaren kontura barre egiten duenik. Ez ditu laudorio asko jasotzen bere jokoak ez ditu miresle asko, baina txantxak eta isekak eta antzekoak alde batean geratu dira. Guztien errespetua irabazi du, ondo merezita. Ez da erraza azaltzen Eurokopa batean partida bat bera ere irabazi ez duen talde batek egin duen moduan final handirako sailkatzea. Etxeko taldeari estreinako partidan irabaztea zorioneko kolpea izan daiteke. Espainia lehen ligaxkan bidean uztea ere ez da beste munduko zerbait. Baina Frantzia kanporatzea, nahiz eta egungo Europako txapelduna sasoi betean ez egon, talde gutxiren eskuetan dagoen lorpena da. Eta horri Txekia, jokoz Eurokopa irabazteko faboritoa, finaletik at uztea gehitzen badiogu, argi geratzen da Greziak txapela kentzeko moduko lana egin duela Portugalen, biharko final handian gertatzen dena gertatzen dela.Oso gutxitan egon da hainbesteko adostasuna Greziaren metamorfosiaren erruduna zehazteko: Otto Rehhagel. Entrenatzaile alemaniarraren etorrerak mugarri berria ezarri du Greziako futbolean. Zein izan da bere errezeta? Lana, lana eta lana, alemaniar egoskor ona bezala. Hasieratik izan zuen garbi zer nolako taldea zuen eskuetan. Ez zegoen izarrik, baina bai langile finak. Talde sendoa nahi zuen, horma bat. Ez zen kikildu hori lortzeko, Greziatik kanpo jokatzen zuten jokalariak alde batean utzi zituen, eta etxekoen alde egin zuen. Bazuen non aukeratu, gertu gainera, Atenasen bertan: AEK, Panathinaikos eta Olympiakos.
Selekzioa baino gehiago, taldea
Selekzio bat baino gehiago, talde bat da Grezia. Porto Europako txapeldunarekin alderatzen dute batzuk Rehhagelen taldea, baina hori agian gehiegi esatea da. Estilo zehatza du: baloiaren jabetzari uko egin eta aurkariari presio itogarria egin. Sinplea da, itsusia, baina oso eraginkorra. Portugalek, Espainiak, Frantziak eta Txekiak badakite hormaren aurka muturrekoa hartzea zen den. Rehhagelen makina ondo koipeztatuta dago, eta piezak bikain daude finkatuta. Jokalariek buruz, nahigabe egiten dute lan. Eskarmentu handikoak dira, hamaika borroketan parte hartutakoak: 28 urte pasatxoko batezbesteko adina du selekzioak eta lau jokalarik bakarrik dute 25 urte baino gutxiago.
Greziak atzetik eraikitzen du jokoa, atzetik aurrera. Estilo eta sistema finkoa izan arren, aurkariaren arabera jokatzen du beti. Ez da harritzekoa, Rehhagel aseezina da aurkarien bideoak ikusten eta aztertzen: sei bideo ikusten omen ditu egunero. Ez da konformatzen berak bakarrik ikustearekin, jokalariei ere bideoak ikustera behartzen die. Orduak eta orduak igarotzen dituzte lan horretan. Partida askotan aurkariek bere burua baino gehiago ezagutzen dute greziarrek.«Antzinako Greziak 12 jainko zituen, egungoak 11», dio Greziako selekzioa Portugalen alde batetik bestera daraman autobusean idatzita dagoen esaldiak. Ez zaio arrazoirik falta ez.
-
Hemeroteka
'eTHNOS' (GREZIA)
«Finalean»
'SPORTIME' (GREZIA)
«Harrigarria, baina finalean gaude»
'blesk' (txekia)
«Mina!»
'hospodarske noviny' (txekia)
«Olinpoko jainko guztiek gidatu zuten Dellas»
'bild' (alemania)
«Ottoren miraria»
'tagesspiegel' (alemania)
«Ipuin maitagarriak ez du etenik»
'l'equipe' (frantzia)
«Greziako miraria»
'le figaro' (frantzia)
«Finalera gonbidatu du bere burua Greziak»
'le parisien' (frantzia)
«Eta Dallas azaldu egin zen»
'la gazzetta dello sport' (italia)
«Grezia zoratzen»