Aurreko asteak baino lasaiagoa izan da hau. Hori behar zenuten.
Argi dago baietz. Partida bat irabaztea zen erremediorik onena, eta Racingi irabazteak lasaitasun apur bat ekarri digu. Ni zakur zaharra naiz, baina jokalarientzat oso garrantzitsua zen aste lasai bat izatea. Dena den, gehiegi lasaitzerik ez da komeni.
Zakur zaharrentzat ere gogorrak izango ziren aurreko asteak, hala ere.
Erraza ez da izan, inoiz ez dut halako bolada txarrik izan ez jokalari gisa ez entrenatzaile gisa.
Horrelakoetan entrenatzaileak bakarrik sentitzen direla esan du Martin Gonzalezek. Nabaritu al duzu?
Nire ustez, guk geuk bilatzen dugun bakardadea da hori: entrenatzaileak ezin ditu laguntzaileak eta jokalariak larritu, eta zenbait gauza zeuretzat gordetzen ikasten duzu.
Malagaren aurkako 1-6koaren ondotik dimisioa aurkeztear izan zinela ere aitortu izan duzu.
Unerik gogorrena izan zen. Pachuca taldearekin bi porrot mingarri izan nituen: etxean 4-6 galdu nuen behin, eta etxetik at 6-2 jipoitu ninduten beste behin. 1-6koa haiek baino gogorragoa izan zen, eta partidaren amaieran gauza asko pentsatu nituen. Ez dakit dimisioa aurkeztea serio pentsatu ote nuen. Baina gauzak gero eta okerrago ateratzen zirela ikusten nuen, eta ez neukan erantzunik; ezintasun jasanezina izan zen.
Racingen aurkako garaipena unerik aproposenean etorri da, zorionez.
Bai, aspaldiko partez irabazi egin genuen, eta beheko taldeek kale egin zutela baliatu ahal izan genuen, gainera. Tarte ederra dugu zuloan diren taldeekiko, eta Malaga eta Levante gertu ikusten ditugu orain. Garaipen bakar bati esker asko aldatu zaigu panorama.
Aurreko sasoian sutan ikusi zintudan Sevillako prentsa aretoan. Oraingoan zer espero duzu?
Kirol arloan soilik pentsatu behar dugu. Egun haren ostean hiru aldiz jokatu dugu Sevillaren aurka, eta ez da arazorik izan. Gogorra izan zen, baina ahaztuta dago, mendeku goserik ez dago.
Partida baten atarian beste bat aipatzea ez duzue gustuko, baina esan egia: zeharka bada ere, Espainiako Kopan pentsatzen hasiko zineten jada?
Kopak ilusioa handia eragin duela argi dago. Orain, Sevillako hiru puntuak dira gauzarik garrantzitsuena, baina Kopak eragindako ilusioa ezkutatzerik ez dugu. Faboritoa Atletico Madril da, baina ilusio ikaragarria dugu. Aukera historikoa dugu.
Zaleek sasoi hau hamabi jardunaldi jarraian irabazi gabekoa izan zela gogoratuko dute, Kopan historia egin ezean.
Zaleek bolada txar hori ahaztea espero dut, baina aurreko sasoian lortutako puntu kopurua gainditzea ere oso zaila dugu Ligan eta hori zen nire helburuetako bat. Nire lehen urtean 47 puntu batu genituen, aurreko denboraldian 48, eta sasoi honetan 49 edo gehiego batzea zen erronka. Beste helburu bat etxean partida gutxiago galtzea zen, eta hori lor dezakegu oraindik. Dena den, egia da sasoi hau Kopan egindako lanarengatik gogoratu dezaketela zaleek.
Atletico Madril, Deportivo eta Valentzia zure atzetik zebiltzala esaten zen abenduan. Taldearen txakalaldiarekin batera zurrumurruen zurrunbilotik desagertu egin zara, ordea. Kopa irabaztea garrantzitsua izango da zure etorkizunerako ere.
Bai, noski; denontzat izango litzateke garrantzitsua, niretzat, jokalarientzat eta klubarentzat. Curriculumean titulu bat izatea oso garrantzitsua da denontzat.
Iruñean jarraitzeko asmorik ez duzu, ezta?
Benetan diot, une honetan ez dut pentsatu ere egin nahi. Une batez Iruñean jarraitzea pentsatu nuen, baina berehala konturatu nintzen sasoia amaitu arte erabakia hartzerik ez nuela. Sasoia nola amaitzen dugun ikusi behar dut erabaki hartu aurretik. Emaitzen arabera gauzak nola aldatzen diren ikusi duzu, eta orain erabaki bat hartzeagatik ez dut ezer irabazten.
Sasoi honetan egunerokotasunak erre egin zaituela iruditu zaidalako, nik uste dut ez duzula jarraituko Iruñean. Beti aurpegi berberak ikustea, kazetarion galdera maltzur berberak... Nazkatuta ez al zaude?
Beno, lehen sasoian Martin Gonzalezekin aritu nintzen, bigarrenean Ambriz eta Merino iritsi ziren, sasoi honetan Juan Iribarren heldu da, eta urtetik urtera bospasei jokalari ere aldatzen dira. Horrexegatik, ez dut uste egunerokotasunak nazkatu nauenik. Halere, Irureta eta Caparros aintzat hartu gabe, egia da Lehen Mailan ez dagoela talde berean nik adina denbora egin duen entrenatzailerik. Ez da erraza talde berean denbora asko egitea, eta urtero zerbait aldatzea beharrezkoa izaten da. Noizean behin kazetariak aldatzea ere ez legoke gaizki nolanahi, kar-kar [barreari ezin dio eutsi]. Egunkari berriren bat hasi da gure jarraipena egiten, zenbait kazetari etxez aldatu dira eta zu zeu ere, esaterako, itxi zuten arte, beste egunkari batentzat ari zinen lanean. Baina beste aurpegi batzuk ikustea ez legoke gaizki, kar-kar.
Osasunara iritsitakoan baino entrenatzaile hobea al zara orain?
Zalantzarik gabe, bai. Osasunan lan egin ahal izatea pribilegioa izan da niretzat. Mexikarrentzat ez da erraza Espainiako Ligan aukera bat izatea, eta Osasunak aukera hori eman zidan. Orain, eskarmentu handiagoa daukat, erabakiak lasaiago hartzen ikasi dut eta entrenamenduei dagokienez ere asko ikasi dut. Hazi egin naiz.
Entrenatzaile lanean aguretzerik ez zenuela nahi esaten zenuen iritsi berritan. Orain non ikusten duzu zure etorkizuna?
Futbol zelaietan aguretzerik ez dut nahi, hori argi daukat. 46 urte ditut, eta hiruzpalau urtez jarraituko dut lan honetan.
Utzi aurretik Europan lehiatu ahal izatea nahiko duzu.
Asko gustatuko litzaidake, Espainiako Liga utzi aurretik Europan parte hartzea nahiko nuke. Hiru Munduko Txapelketaz gozatu ahal izan dut, bat futbolari gisa, bestea entrenatzailearen laguntzaile gisa eta azkena hautatzaile gisa. Sekulako esperientzia izan zen, baina Europako lehiak ezagutzea ere gustatuko litzaidake.
«Iruñean arrastoa utziko dugu mexikarrok»
Un día sin mexicanos ikusi al duzu, AEBetan egun batean mexikarrik gabe esnatuko balira zer gertatuko litzatekeen aztertzen duen filma?
Ez, ez, baina ez da komedia bat izango, ezta?
Ez. Filmaren arabera, AEBetako ekonomia pikutara joateko arriskua legoke mexikarrak faltaz gero. AEBetako biran herrikideak gertu sentitu al zenituen?
Utzi egin beharko didazu filma! Ez dakit dena pikutara joango ote litzatekeen, baina Espainian bizi diren espainiarrak baino gehiago dira AEBetan bizi diren mexikarrak. Atera kontuak! Han jokatutako bi partidetan mexikarrek betetzen zituzten futbol zelaiak. Lehendabiziko lehia Hugo Sanchezen taldearen aurka izan zen, eta Hugo idoloa da oraindik ere mexikar gehienentzat. Bigarren lehia ere berezia zen: Chivas da Mexikoko Ligan atzerritarrik gabe jokatzen duen talde bakarra, eta orain AEBetako Ligan talde bat osatzea erabaki zuten, Chivas AEB. Mexikarrak nagusi ziren han ere.
Osasunan zer gertatuko da mexikarrik gabeko eguna iristen denean?
Ezer larririk ez da gertatuko, baina arrastoa utziko dugu. Lagun asko utziko ditugu hemen. Orain 18 urte jokalari gisa etorri nintzen Osasunara, eta garai hartako lagunak baditut oraindik. 20 urte barru Iruñera itzuli, eta bi garaietako lagunak izatea nahiko nuke.